euskal presoak

Baldintzapean aske utzi dute Irkus Badillo presoa

Gregorio Vicario Durangoko presoa Burgosko espetxetik Leongo Ospitalera eraman dute, bypass koronario bat jartzeko ebakuntza egin ahal izateko.

Sarek iazko irailean Bilbon eginiko manifestazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko azaroaren 16a
10:38
Entzun

Irkus Badillo Borde Ugaoko (Bizkaia) presoa aske geratu da, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez. Hamazazpi urte eta bederatzi hilabete egin ditu espetxean.

Badillo aurtengo apirilean Euskal Herriratu zuten, Basaurira, Fontcalentetik (Herrialde Katalanak, 745 kilometro). 2004ko martxotik zegoen kartzelan, eta, hogei urteko kartzela zigorra izanik, 2019ko otsailean bete zituen hiru laurdenak. Espainiako Espetxe Erakundeen eskariz, hirugarren graduan dago, baina fiskalak helegitea jarria zuen.

Bestalde, Etxerat-ek berak zabaldu du Gregorio Vicario Durangoko presoa Burgosko espetxetik Leongo Ospitalera eraman dutela bypass koronario bat jartzeko ebakuntza egin ahal izateko. Elkarteak azaldu du denbora batez bularraldean mina izan ondoren gaitzarekin lotutako lehen abisua 2020ko maiatzean eman zuela, Topaseko espetxean zegoela. Ospitaleko errebisio baten ondoren, kartzelara itzularazi zuten berriro. Burgosko espetxean egon den denboran, Vicario larrialdietara eraman dute aurtengo urtarrilean eta otsailean, mina eta zorabioak izateagatik. Joan den martxoan kardiologiako kontsulta bat izan zuen, ekainaren 17an baieztatu baitzioten esfortzu proba bat egiteko itxaron zerrendan zegoela.

Urriaren 26an egin zioten proba hori, Burgosko Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Departamentuan, eta euskal presoari hedadura handiko iskemia larria antzeman zioten. Larri zegoela eta, joan den azaroaren 3an kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten.

Euskal Herriko espetxe batera eramateko aukera ukatu izan diote. Joan zen uztailean, Tratamendu Batzordeak Euskal Herriko espetxe batera lekualdatzeko hartutako erabakiaren kontra, Burgoseko espetxean gelditzea agindu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak. Orain, haren osasun egoera ikusita, Durangoko presoak eskatu du aurreratzeko bere egoera aztertu behar duen tratamendu batzordea.

64 urte ditu Vicariok, eta 2001ean atxilotu zuten, Frantziako Estatuan. Espainiako Estatuak Frantzian betetako kondena zenbatzen ez dien 50tik gora euskal presoetako bat da.

Etxerat-en esanetan, «espetxean oso egoera txarrean egoteak, duen adinari gehituta, Durangoko presoaren osasuna apurka-apurka hondatzea dakar». Hortaz, elkarteak «babes osoa» helarazi die Vicariori eta haren familia osoari, eta espetxe administrazioari eskatu diote «berehalako irtenbide humanitarioak» har ditzala Vicario «espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko, bai eta gaixotasun larriak dituzten beste 19 euskal presoei ere neurri bera aplikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.