Urtarrilaren 11n sinatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Antton Troitiñori hirugarren gradua emateko autoa, baina atzo arte ez zuten aske utzi: ia hilabetera. Urtarrilaren 22an egin zuten irmo ebazpena, baina Espainiako Espetxe Erakundeek baldintzapean aske uzteko eskatu zuten gero; eta, auzitegiak eskaera urtarrilaren 26an onartuta, fiskalak helegitea jartzeko beta izan badu ere, azken egunera arte itxaron dute baldintzapean aske uzteko autoa irmo egiteko. Atzo atera zen Estremerako espetxetik (Espainia), azkenean.
Etxean ere ez du bide erraza izanen, ordea. Izan ere, «eritasun larri eta sendaezina» du, Etxerat-ek eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berak jakinarazi dutenez, eta «zaintza aringarriak» etxean jasotzeko utzi dute libre. Sarek salatu du «etxean hiltzeko» askatu dutela: «Ez dute aske utzi sendatzeko; gaitzak sendabiderik ez duenean familiak artatu dezan baizik». Hala Etxerat-ek nola Sarek salatu dute azken asteotan okerrera egin duela Troitiñoren osasunak. Joan den astean, gainera, euskal presoak uko egin zion kimioterapia hartzeari. Etxerat-ek salatu duenez, izan ere, tratamendua ez zen «bideragarria» espetxeko baldintzekin: «Ordu eta erdiko ibilbidea egin behar zuen ospitalera joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko; ez zuen dieta egokirik hartzen, eta medikazio falta zuen».
Sarek ohartarazi du presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aldarrikapena dela gaixotasun larriak dituzten euskal presoak «sendatzeko eta haien bizitza luzatzeko» aska ditzatela, eta ez «beren etxeetan hil daitezen». Etxerat-ek «besarkadarik estuena» eta «babes osoa» helarazi die senide eta hurbilekoei: «Espero dezagun haren gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera».
Baldintzapean aske utzi dute Antton Troitiño, eritasunagatik
Ia hilabete bat igaro da Auzitegi Nazionalak aske utziko zuela lehen aldiz iragarri zuenetik. Sarek eta Etxerat-ek luzamendua salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu