Auzipetu gehienek akusazioekin akordioa lortu zuten arren, 04/08 sumarioa ez da erabat itxi oraindik. Atzo goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten, beren borondatez, Xabi Larraldek eta Jean Claude Agerrek. Ezker abertzaleko bi militanteak auzipetuta daude Segurako auzia deitutakoan, baina epaileak ez zituen deitu ahozko epaiketara. Horregatik joan ziren Madrilera, Ipar Euskal Herritik, beren egoera argitu nahian. Baldintzapean utzi ditu aske epaileak, eta Espainiako kontsulatuan sinatu beharko dute hilean behin, haien aurkako epaiketa egin bitartean.
2007an Espainiako Poliziak Seguran (Gipuzkoa) egindako operazioaren ostean auzipetu zituzten ezker abertzaleko bi kideak. Espetxeratu ere egin zuten Agerre. Mediabask-ek elkarrizketa egin zien Madrilen deklaratu baino lehen. Larralde: «Sumarioa behin betiko itxi nahi dugu, eta, horretarako, gure borondatez goaz». Agerre: «Ezker abertzaleko militante garen aldetik, gure ekinbidea boluntarioa da, baina, aldi berean, talde osoaren izenean ari gara. Argi utzi behar dugu nola jokatu legez kanporatzeak dauden kasuetan, antzeko egoeran daudenek aukera bat izan dezaten».
Sortuko presidente Hasier Arraiz ere epaitzeko dute oraindik, sumario berean. Foruduna izanik, EAEko Auzitegi Nagusian epaituko dute, maiatzaren 9an.
Gaur, AEMko kideen txanda
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduko sei kide Auzitegi Nazionalera deitu dituzte gaurko, iazko abuztuan egindako manifestazio bat dela eta. Azaldu dutenez, osasun arazoak dituzten bi lagunek izan ezik, gainerakoek ez dute aurkezteko asmorik. Larunbaterako manifestazio bat dute antolatuta, amnistiaren alde, Bilbon.
Sortuk, ohar bidez, Auzitegi Nazionalaren «jazarpena» salatu du, eta manifestaziorako eskubidea defendatu du.
Baldintzapean aske utzi ditu Madrilek Agerre eta Larralde, epaiketa egin arte
04/08 sumarioan auzipetuta zeuden, baina ez zituzten epaiketara deitu.Beren borondatez deklaratu zuten atzo Auzitegi Nazionalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu