Oihana Garmendia eta Juan Mari Olano. Euskal preso ohiak

«Baldintza sozial eta politikoak sortu nahi ditugu, presiorako»

Hilaren 17rako, euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen aldeko manifestaziora deitu dute Oihana Garmendiak, Juan Mari Olanok eta beste ehunka lagunek. «Erantzun kolektiboa» eratzea dute helburu.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Andoain
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Oihana Garmendia jaio zenean (Santurtzi, 1976), Juan Mari Olano (Gaintza, 1955) ihesean zen, eta, aurretik, Donostiako Martuteneko kartzelan egona preso. Olano harrezkero ere eduki izan dute espetxean, behin baino gehiagotan, eta duela bi urtetik libre da. Garmendia joan den abenduan irten zen espetxetik, sei urte pasako zigorra beteta. Hil honen 17ko Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera manifestazioaren deitzaileetakoak dira biak (Bilbo, 12:00), beste 1.500en bat preso eta iheslari ohirekin batera. Hain zuzen, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da apirilaren 17a. «Hemen, oraindik ere, preso politikoak daude», diote Olanok eta.

Zer helburu jarri dituzue manifestaziorako?

JUAN MARI OLANO. Kartzelan dauden gizon-emakumeekin preso egonda gaude manifestazio hau deitu dugunok, haien egoera konpondu egin behar dela uste baitugu. Ezker abertzaleak estrategia aldatu zuenetik bost urte baino gehiago pasatu dira, eta presoen gaia pixka bat ezkutatuta edo agendatik kanpo balego bezala ikusten dugu; kezka daukagu. Erantzukizun politikoagatik eta kidetasunagatik, ekinbide bat martxan jartzea erabaki genuen preso eta iheslari ohiok, gai hau ezker abertzaleak zer parametrotan kokatzen duen argi uzteko gizarteari. Egoera politikoa eta soziala aldatu egin dira; aldiz, estatuen jarrera, ez. Demokrazia batean ezin da egon preso politikorik. Atera behar ditugu kartzelatik.

OIHANA GARMENDIA. Auzi hau gai ordenan jartzeko ahalegin bat da. Premia dago. Bilboko martxan presoen eta iheslarien izaera politikoa ere azpimarratu nahi dugu: arrazoi politikoengatik daude kartzelan eta sasian.

Ez da ohikoa preso eta iheslari ohiek deitzea manifestazio batera.

OLANO. Ez da lehen aldia. Dena dela, kontuan izan behar da Espainiako Estatuak presoen aldeko egituren aurka garatu duen errepresioa: besteak beste, Amnistiaren Aldeko Batzorde, Askatasuna, Herrira, abokatu, bitarterkari, eta Jaiki Hadi-ren kontra aritu da. Orain preso eta iheslari ohiok atera gara manifestazio hau deitzera. Memoria freskatzeko ere balio du. Sinatzaile guztiok gara deitzaile.

EPPK-k 2013 bukaeran egindako adierazpenak ez du garapenik izan. Zergatik?

OLANO. EPPK-k agiri hura zergatik atera zuen gogoratzea ondo dago, kokatzeko balio duelakoan. Aurretik, Gernikako Akordioko [2010] eragileek preso politikooiibilbide juridiko-legezkoak jorratzeko eskaera egin ziguten. Presoon ordura arteko ildoarekin talka egiten zuen hark. Kartzelak kolektiboa zatitzeko tresnak ditu, eta presoak ez ginen sartzen joko horietan. Geure arteko elkartasunagatik, preso batzuk beranduago atera izan dira. Kolektiboa bat eginda egon da beti. Gernikako Akordioak hura planteatzean, kolektiboak eztabaidari ekin zion, eta, sakabanaketagatik, urtebete behar izan zuen; baiezkoa eman zuen. Gero Foro Sozialaren gomendioekin [2013] gauza bera gertatu zen. EPPK-k uste zuen euskal eragile gehienen aldetik bazela konpromiso bat, eta prest azaldu zen ibilbide hori egiteko. Euskal Herriratzeko eskatu genuen presook, larri gaixorik daudenak eta 70 urtetik gorakoakaskatzeko... Baina estatuak ezezkoarekin erantzun du.

Hori al da arrazoi bakarra?

OLANO. Presoen ibilbide hori egiteko salbuespen araudia desaktibatu egin behar da. Baina, agian, eta hau gogoeta pertsonal gisa diot, Gernikako Akordioan bildu ginen eragile guztiok berriz ere bildu beharra daukagu —Foro Sozialekoak ere bai—, balantze bat eta hausnarketa bat egiteko. Ondo dago euskal presoei ideiak eta ibilbide bat planteatzea, baina, gero, jarraipena egin behar da, eta konpromiso bat erakutsi behar da, urrats berriak egiteko. Estatuarekin topo egin dugu; beraz, orain zer? Herri gisa erantzunkolektiboa eman behar da.

Eten bat egon al da? Aitortuduzue presoen gaia ez dagoela agendan.

GARMENDIA. Batetik, hor dago errepresioa. Baina, bestetik, euskal gizartean impasse egoera bat egon da. Zapateroren garaian, presoekin-eta gobernuaren konpromiso batzuk zeuden, baina gero, ez zen ezertan geratu.

OLANO. Zalantzarik ez dago ezker abertzalean oso autokritikoak garela gai honekin. Azken urteetan espero gabeko izugarrizko ardurak izan ditugu, instituzionalak-eta, errepresioa ere hor izan da, eta garbi dago ez dugula asmatu presoen gaia lantzen. Ez dago aitzakiarik. Abian prozesuan, gauza horiek oso sakon aztertzen ari gara. Ez dakit beste eragileek zer azterketa egiten duten; agian, askorentzat hau ez da arazo bat. Guretzat bada, eta konpondu egin nahi dugu. Ezin gara egon arazo politiko denak konpondu arte presoak-eta etxeratzeko; askoz lehenago nahi ditugu etxean. Oraingoz, ez da ikusten aldebikotasunik, eta uste dugu prozesu politikoarekinbatera ekarriko ditugula etxera.

GARMENDIA. Espetxeen arloan ere ezker abertzalearen estrategia berri bat dator, planteamenduak birkokatzen ari gara, eta pausoak ematea dagokigu. Jakin behar dugu nola uztartuko ditugun presoen etxeratzea eta gure herriaren askapen prozesua.

Jonan Fernandezek esan berri du euskal presoen «arazoazaharkitzen hasi» dela.

OLANO. Batzuek hala nahi dute gertatzea, baina gai hau euskalgizartean ez dago zaharkitua. 400 preso politiko inguru daude, sakabanatuta, eskubideak murriztuta... Jaurlaritzak ere badu ardurarik, eta ez litzateke txarra izango komunikazio zuzena balu kolektiboarekin. Hori bai, kolektiboari ez eskatu eman ezin duenik: damua eta salaketa.

GARMENDIA. Jaurlaritzak eta, bereziki, EAJk agendatik kanpo utzi nahi dute gai hau, euren agenda fiktizio bat ezarri nahian.

OLANO. Gainera, indarkeria ez da bukatu. Horren adibide da Angel Aldanaren heriotza, Venezuelan. Bahiketa, torturak, deportazioa... pairatu zituen, kalbario bat, eta horrek denak heriotza eragin dio.

Sortuk eta, oro har, Abian prozesuko txostenak bezala, zuek ere «lege baliabideak» erabili beharraz hitz egin duzue manifestaziora deitzean. «Pauso berriak» aipatzen dira. Urrats berriak ala berritzaileak izango dira?

OLANO. Presoek beti erabili izan dute legedia.

Beti ez dira neurri guztiak urratu.

OLANO. Ez dira zirrikitu denak jorratu, ez zelako joko batean erori nahi. Baina legedia beti erabili da presoen eskubideak defenditzeko: Parot doktrina Europan helegitea jarrita bota genuen hankaz gora, Frantzian betetako kartzela zigorrak Espainian kontuan ez hartzearen aurka ari gara... Kontua da salbuespenezko araudi bat ezartzen dietela preso politikoei, eta hori dagoen bitartean, ez da posible ibilbide hori egitea.

Araudi horren aurka zer egin daiteke, edo nola?

OLANO. Ez badugu presio sozial, politiko eta instituzionala egiten, presoen legedi ibilbideak ez du ezertarako balioko. Miguel Castellsek esaten du 1977an presoak ez zituela Amnistia Legeak atera, herritarren borrokak baizik.

GARMENDIA. Euskal estatua helburu izanik, presoen arloan ere bide berri bat arakatzera goaz. Zaharkitua geratu den ideia da estatuekin negoziatuta hustuko ditugula espetxeak. Estatuak ez daude horretan. Kolektiboak berak erabakiko du zer neurri hartu.

«Badakigu ez dela egun bakar batean gauzatuko», diozue.

OLANO. Presoek ere oso argi dute ez direla denak egun bakar batean joango etxera. Baina haien denen etxeratzea lortzeko baldintza sozialak eta politikoak sortu nahi ditugu, presioa egiteko.

Ezker abertzaleak kartzeletako irteera antolatu zuen otsailean. Orain, preso ohiek-eta, manifestazioa. Segidarik izango al du? Ezker abertzaleak ba al du arloko egiturarik sortzeko asmorik?

OLANO. Ez. Ezker abertzaleak ez du sortuko presoen mugimendua kontrolatzeko egiturarik. Orrialde hori pasatuta dago. Jakina, guk erantzukizun politiko berezia dugu presoen gaian, eta lan egingo dugu, baina gaur egun dauden dinamiketan; haietan beste bat izateko bokazioa daukagu. Saren, adibidez. Han badaude ezker abertzaleko kideak, baita ez direnak ere. Ezker abertzaleak berak bakarrik ezin du presoen eta iheslarien auzia konpondu. Herri moduan eman behar diogu erantzuna, askotarikoen arteko adostasunak lortuta. Su hori piztea eta komunikazio bideak irekitzea nahi dugu.

GARMENDIA. Gurea ez da egitura bat, eta ez da izango.

OLANO. Gure eginkizuna Bilboko manifestazioan bukatuko da. Gu ezker abertzaleko militanteak gara, eta hango erakundeetan gabiltza. Presoen arloari dagokion dimentsioa emateko asmoa dugu. Sarek eta Etxerat-ek lan garrantzitsu bat egiten dute, eta indartu egin behar dira. Horrez gain, guztion arteko adostasun maila batera iritsi behar dugu. Ea zer forma hartzen duen horrek. Gu irekita gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.