Antibiotikoekiko erresistentzia ingurumenean: egoera apokaliptiko baten sorburua ikastaroa abian da atzotik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan, Plentziako Itsas Estazioan (Bizkaia). EHUko Biokimika irakasle Itziar Alkorta Calvo da zuzendaria (Valladolid, Espainia, 1964). Usu tokatzen da botika horiek hartu beharra. Beste askoren gisara maiz: zer diren ongi jakin gabe. Horregatik, garrantzitsua da kontzeptuak argitzea: «Molekula askotarikoak dira antibiotikoak. Bakterioak hiltzen dituzte, edo haien hazkundea geldiarazten dute: ezaugarri hori dute». Bizitzaren parte dira, eboluzioaren kate miresgarriaren adibide bat: «Antibiotikoak planetan daude bakterioak daudenetik». Medikuntzan, erabilera berria da: Alexander Flemingek eta beste hainbat adituk XX. mendeko lehen hatsetan eginiko ikerkuntzen fruitua. Oparoa: « Egun, antibiotiko mota asko daude bakterio patogenoen aurka egiteko. Horiei esker daukagu medikuntza modernoa». Erruz erabili dira igaro hamarkadetan, eta ondorio larri bat ere utzi du horrek: «Bakterioek erresistentziak garatu dituzte antibiotikoekiko. Eta hori normala da testuinguru batean, naturala». Bestelakoa da, ordea, egungo egoera: kezkatzekoa.
Apokaliptiko adjektiboa erabili duzue ikastaroari izena jartzeko orduan. Hain larria al da egoera?
Zera gertatu da: antibiotikoak medikuntzan sartu ahala, demasa izan dela horien erabilera. Eta, testuinguru horretan, bakterioek erresistentzia metodo berriak garatu dituzte, edota metodo horiek partekatu egin dituzte beren artean. Ez hiltzeko egin dute hori: defendatzeko. Mutatu egin dira, eta, gainera, bakterioek badakite informazio hori beren artean partekatzen eta, era horretan, erresistenteak ez diren bakterioak ere erresistente egiten.
Bakterioen arteko komunikazioa: txundigarria da. Leinu bakar bateko kide balira bezala...
Bai; naturan badira hainbat mekanismo mota bakterioek geneak konpartitzeko, eta, era horretan, antibiotikoak dauden inguruetan bizitzeko. Zer gertatzen da? Ekosistema normal batean, antibiotiko kontzentrazioa bakterioentzat normala bada, hor oreka bat daukagu. Baina hasten bagara antibiotiko kontzentrazioa handitzen, bakterioen kontrako presioa handitu egiten da, eta haiek defendatzeko mekanismo berriak garatzen dituzte, edota partekatu egiten dituzte, gainera, dituztenak. Eta horrek ugaritu egin ditu antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak.
Hortik egoeraren larria?
Bai, bakterioek jarraitzen badute multierresistentziak garatzen, antibiotikorik gabe gera gaitezke. Gero eta usuago ikusten dira espektro zabaleko antibiotikoekiko —horiek erabiltzen dira beti aurrena— erresistenteak diren bakterioak. Halakoetan, bakterioak zer-nolako erresistentziak garatu dituen aztertu, eta beste antibiotiko batzuekin egin behar izaten da proba, baina, zenbaitetan, eskura dauden antibiotiko guztiekin ere ezin da egin bakterio horren kontra, eta orduan ez da izaten modurik bakterio horrek eragindako infekzioaren aurka egiteko. Noizbehinka agertzen dira hedabideetan halako albisteak. Oraintxe bi urte, esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetan andre bat hil zen, Indian infekzio bat hartu ostean; ezin izan zuten suntsitu 26 antibiotiko klase erabilita ere.
Garbi dago antibiotikoen erabilera neurritsua sustatu behar dela eremu klinikoan. Zer urrats lehenetsi behar dira?
Lehenik eta behin, botika eman aurretik, argi izan behar da hura beharrezkoa dela: alegia, infekzio bakteriano bat dela, eta ez birikoa. Hori ja praktika klinikoan guztiz barneratuta dago gaur egun. Orain dela urte batzuk, ordea, bestelakoa zen, eta horrexek ekarri gaitu, hain justu, egungo egoerara. Bestalde, infekzioak ez hartzeko, betiko neurri motak berreskuratu behar dira, ahaztuta baitauzkagu: eskuak garbitzea, zauri bat daukagunean hari ongi erreparatzea... Prebentzio neurriak dira: horiek dira onenak. Eta, antibiotiko bat erabili behar bada, ongi aztertu behar da aurrena zein den kasu jakin horretarako botika egokiena.
Eremu klinikoaz ari zara. Baina, lehen esan duzun eran, «demasa» izan da iragan hamarkadetan botika horien erabilera, eta egun edonon daude arrastoak...
Bai; esaterako, uretan arrastoak daude sarri, eta ur araztegietan. Animalia aziendetan ere maiz erabiltzen dira antibiotikoak. Horien erabilera araututa dago; antibiotikoak ezin dira erabili, adibidez, abereak gizentzeko, eta antibiotikoak hartu dituzten animalien gorozkiak zabaltzeko orduan ere kontu handiz ibili behar da. Izan ere, horiek nekazaritzarako erabiltzen badira, hortik eratorritako produktu horietara ere helduko dira antibiotikoak. Eta animalia aziendetan ere kontrolik gabeko erabilera ohikoa izan da. Egun, ez; gure inguruan, behintzat, ez. Baina ziur naiz garatzeko bidean dauden hainbat herrialdetan oraindik badirela erabilera okerrak. Jakina, globalizazioa onerako eta txarrerako da: bakterio erresistenteak batetik bestera joatea erraza da egun.
Eta beste aldagai bat ere badago egoera oraindik gehiago zailtzeko: klima aldaketa. Propio aztertuko duzue ikastaroan. Zer ondorio izango ditu?
Planeta berotu egingo da, ura lurrundu egingo da, eta ibaietan dagoen antibiotiko kontzentrazioa, adibidez, handitu egingo da, ur gutxiago egongo baita. Ondorioz, horko bakterioek presio handiagoa izango dute kontzentrazio horri aurre egiteko. Hori adibide bat da. Bada gehiago: beroaren ondorioz, animalien bazkarako soroak faltako dira, eta kortetan sartu beharko dira. Toki txiki batean egongo dira, eta handitu egingo da infekzioak hartzeko arriskua: antibiotikoak erabiltzekoa. Horrek ere presioa areagotuko du.
Antibiotikoen presio global horren gainean ohartarazten ari dira hainbat nazioarteko erakunde. Zer lan ildo proposatzen ari dira horri aurre egiteko?
Esaten ari dira murrizteko antibiotikoen erabilera: gizaki eta animalientzat, orokorrean. Zehazten ari dira, baita ere, zeintzuk erabili behar diren ohiko infekzioetan eta zeintzuk gorde behar diren azken errekurtso moduan; hori kudeatzen ari dira. Helarazten ari dira, baita ere, zein diren oinarrizko neurriak infekzioak saihesteko. Eta bakterioak hiltzeko estrategia berriak garatzeko ikerketa bat sustatzen ari dira. Ez da ikerketa lerro bakar baten kontua izango: diziplina askoren arteko jarduna ezinbestekoa da.
Euskal Herrian ere talde zabal bat ari zarete jardunean...
Ikertzaileon sare bat eratu dugu EHUk, Neikerrek eta BC3k. Bakoitza gure espezialitatetik ari gara. Oso sare berezia da; estatu mailan [Espainian], esaterako, ez dago horren parekorik.
Antibiotikoen kontzentrazioari begira, zer diote hemen jasotako datuek? Ba al da alderik?
Arazo global bat da hau: egoera estandarra da, Europako beste hainbat herrialdetan izan daitekeenaren antzekoa.
Itziar Alkorta Calvo. Biokimika irakaslea EHUn
«Bakterioek erresistentzia metodo berriak garatu dituzte»
Antibiotikoekiko erresistentziez ari dira EHUren Udako Ikastaroetan. Alkortak ondu du egitaraua, hitz larriz: ohartarazi du botika horien erabilera demasak handitu egin duela egoera «apokaliptiko» baten arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu