Urtero bezala, Joxe Mari Korta zena omendu zuten atzo Zumaian (Gipuzkoa) haren lagun eta senideek, hainbat alderdi politikotako eta instituzioetako ordezkariekin batera. Omenaldia, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak antolatu zuen, eta Jesus Mari Mujika bertako bozeramaileak eskerrak eman zizkien «gorrotoa eta mendekua gainditu» eta elkarbizitzaren aldeko pausoak ematen ari direnei.
Korta SA enpresaren aurrean hil zuen ETAk Joxe Mari Korta enpresaria eta Adegiko zuzendaria, duela 14 urte. Bertan batu ziren atzo lagun eta senideak, Korta gogoratzeko. Eguerdian hasi zen ekitaldia, Marian Zearreta alarguna eta Lander Korta enpresariaren semea bertan zirela, eta hamabost minutuko kontzentrazio isila egin zuten Kortaren omenez dagoen monolitoaren inguruan.
Alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkari ugari joan zen ekitaldira: besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria, Ikerne Badiola eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak, Markel Olano Batzar Nagusietako EAJko bozeramailea, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, eta Miguel Angel Lujua eta Pello Gibelalde Confebask eta Adegi enpresaburuen elkarteetako idazkari nagusiak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ekitaldiaren amaierara iritsi zen, Donostian prentsaurrekoa zuelako.
«Bakerako eskubidea»
Jesus Mari Mujika izan zen hitza hartu zuen bakarra: Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramailearen ustez, jendeak «gero eta hobeto» daki zer egin behar den «herri honen etorkizuna gizalegezkoa eta baketsua izan dadin». Bestalde, etorkizun hori eraiki ahal izateko pausorik ematen ez dutenei «besteek pausorik ez emateari begira» egotea egotzi zien. Mujikaren iritziz, gauzek hobera egin dezaten «bakoitzak eman beharreko pausoak ematea da bide bakarra».
Mujikak gaineratu zuen beraiek «Kortak zituen balio berberak» dituztela eta horregatik uste dutela ondorengoek «eskubidea» dutela «bakean bizitzeko, biolentziara ohitu ordez».
«Bakoitzak eman beharreko pausoak ematea da bide bakarra»
«Besteen» zain ez geratzeko eskatu du Joxe Mari Kortaren fundazioak hilketaren 14. urtemugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu