Gauzak ondo egin zituztela jakinda joan ziren epaiketara Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975) eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, Gipuzkoa, 1973). Baina ez ziren fio. Herenegun jaso zuten epaia, eta atzo eguerdian ospatu zuten EH Bilduko kide eta hautetsiekin batera, Donostian.
Ebazpenaren berri izan berritan, zer ondorio nagusi atera duzue?
AINHOA INTXAURRANDIETA: Bakoitza bere tokian jarri du sententzia honek. Aitortza bat da: kudeaketa onaren aitortza. Akreditatuta geratu da dena ondo egin genuela eta, gainera, beste aukerarik ez zegoela. Aitortu behar dut, halere, nik ez nuela horrelako epai bat espero. Nahiz eta jakin juridikoki dena ondo egin genuela eta izugarrizko kaltea saihestu diogula herrialdeari, bagenekien auzibide honen oinarrian zegoena ez zela juridikoa, politikoa zela. Joko zelaia ere ez zen ohikoa: salaketa EAJk eta PSEk jarri zuten, eta PPko ministro izandako Margarita Mariscal de Gante genuen epailea.
IÑAKI ERRAZKIN: Nik ere ez nuen espero inondik inora gure aldekoa izatea. Eta are gutxiago sententziak hain garbi berrestea guk urte hauetan erabili ditugun argudioak. Auziaren sakonean sartu da epailea. Esan zezakeen beste zerbait, baina esan du erabaki zuzena izan zela erraustegia gelditzea, eta, horretarako, guk erabili ditugun argudioak babestu ditu. Halako kasuetan, ezohikoak dira horrelako sententziak.
GHK-k gogoratu du beste auzibide bat dagoela zabalik Espainiako Auzitegi Gorenean. Horri begira, ebazpen hau zuen aldeko argudio sendo bat izan daitekeela uste duzue?
A. I. : Bai. Dena den, auzibide horretan eztabaidatzen ari dena ez da ongi ala gaizki egin genuen, baizik eta nori zegokion hartzea erabakia: guri ala Batzar Nagusiei. Aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen guri zegokigula, baina ez zela erabaki teknikoa izan, erabaki politikoa izan zela. Oraingo sententziak, baina, argi uzten du eta ziurtzat ematen du errauste planta neurriz gainekoa zela, eta, gainera, azpimarratzen du ez zela bideragarria eta kalte izugarriak ekarriko zizkiola herrialdeari. Horri muzin egitea edo horri buelta ematea oso zaila da, bai Auzitegi Gorenean, bai helegiteen bidez edo beste auzibide batzuetan.
I. E. : Gorenean dagoen auzibideari buruz, bi kontu: bata da eskumenen banaketarena, eta hori Euskal Herrian askotan ez da oso garbi izaten: egunerokoan ikusten dugu, gai jakin batzuetan, udaletan-eta. Beste kontu bat da errauste plantaren bideragarritasunaren ingurukoa, eta horri buruz argi mintzo da Kontu Auzitegia: aztertu ditu obren kontratuak, bankuekin eginikoak... Eta ebatzi du hartu genuela hartu genezakeen erabakirik egokiena gipuzkoarrei eta diru publikoaren erabilerari begira. Hori hala izanik, bigarren mailan geratu beharko luke lehenengo puntuak. Baina, esan bezala, ez naiz batere fio.
Zergatik ez zarete fio?
I. E. : GHK-k atzo [herenegun] atera zuen oharra kontuan hartuta, badirudi gure kontra jarraitzeko asmoa dutela, eta, gainera, are eta oldarkorrago jartzeko asmoa dutela; animalia zauritu baten erreakzioa ematen du haienak. Atera dute oraindik zabalik dagoen auzibide hori, ez dena pertsonalki gure kontrakoa, auzibide administratibo bat delako, baina atera dute gure irudia ahal den gehien zikintzeko, zikindu, beti geratuko dela zerbait leloari jarraituz. Baina esan behar zaie nahikoa dela; utz diezaiotela gu erabiltzeari beren gabeziak eta arazoak ezkutatzeko. Gu biok pertsonalki eta EH Bildu erabiltzen ari dira. Badakigu batzuetan politika jarduera zikina dela. Baina honaino iritsi behar al dugu sententziak hain argiak izanda? Ustelkeriarekin lotu nahi izan gaituzte, eta hitz oso gogorrak erabili dituzte gure aurka. Gure integritate pertsonalari eta profesionalari eraso diote. Dena libre al da?
Espero duzue zuzenketarik?
I. E. : Ez. Horrek berekin ekarriko bailuke onartu behar izatea sententziak esaten duena.
A. I. : Eta epaileak esaten du gure aurreko kudeatzaileek bazekitela sententzian jasotzen den guztia: oker ari zirela. Sententzian jasota dago kontratua sinatu baino bi urte lehenago ingeniaritzek jada ohartarazi zietela ez zegoela nahikoa hondakinik, eta aukera zutela birdimentsionatzeko, eta, hala ere, ez zutela egin, eta, hori guztia jakinda, aurrera egin zutela. Kontu Auzitegiak epaitu ditu gure aurreko agintariek eta guk eginiko kudeaketa, eta, horren arabera, herritarren interes ekonomikoak defendatu genituen guk; haiek, ez.
Gertaturikoak «erantzun politiko» bat behar duela esan dute zuen alderdiko kideek prentsaurrekoan. Nolakoa?
A. I. : Orain lasai eta burua hotz joango gara erabakiak hartuz. Orain arte bezala, EH Bildun jarraituko dugu guztion mesedetan lanean, eta horrek ekartzen badu epaile baten aurrera deklaratzera joatea, joango gara. Argi dugu ez dugula dantzan egingo interes ekonomiko eta politiko jakin batzuen mesedetan. Kudeatzeko bi modu daude. Bata da herritarrei bizkarra ematen diena eta parte hartzerik sustatzen ez duena, enpresari eta banketxeen mesedetan. Eta bestea da guztiz kontrakoa: herritarron interesak gainetik jartzen dituena.
I. E. : «Mendekua» eta «matonismo politikoa» aipatu dira prentsaurrekoan. Jarrera hori oso agerikoa izan da hondakinen gaiarekin Gipuzkoan. Baina uste dut hortik haratago, eta Euskal Herri mailan jarrita, kudeaketa publikoak —hondakinenak, energiarenak...— beste espazio eta eztabaida mota bat merezi duela, beste parametro batzuetara eraman behar dugula: edukietara, gure gizartearen geroari begira... Baina hor zailtasun handi bat dugu, horren aurretik interes ekonomiko eta elite eta hierarkia batzuk daudelako. Arduradun politikook oso tinko jokatu behar dugu horien aurrean, eta oso garbiak izan behar dugu gure erabakietan. Gai hauen atzean interes indartsuak daude; hori ezin zaio ezkutatu gizarteari, eta, guk, gainera, uste dugu aurre egin behar zaiela interes horiei. Konturatu gara presio asko daudela eta jarrera hori izateagatik oso prezio altua ordain dezakegula, baina borroka hau luzea da. Ea sententzia honek balio digun indarberritzeko.
Epe luzeko planteamendua da hori. Baina datorren urtean udal eta foru hauteskundeak daude. Uste duzue ebazpenak mesede egingo dizuela horri begira?
A. I. : Gaia kalean dago. Etengabe dei egiten ari zaio aldundiari proiektua gelditu dezan. Hor daude errausketaren kontrako mugimendua, GuraSOS elkartea, prozesu parte hartzaile bat eskatzen dutenak... Europako legedia eta handik datozen zuzentarauak ez dira betetzen ari. Egiten ari dira gu egon aurretik egin zuten gauza bera: herritarrei bizkarra ematen eta proiektuarekin aurrera jarraitzen. Gogoratu behar da Gipuzkoako udalak horri lotuta geldituko direla 35 urtean. Udaletan ere oso handia da kezka; hor dago, eta erabakiak hartu beharko dira datorren legegintzaldian ere.
I. E. : Hauteskunde hauei begira, egia da ez dagoela aurrekoetan egon zen eztabaida mediatiko bera. Baina lehen zegoena ez zen gizarte eztabaida bat. Grina makurrak erabili zituzten egon behar zuen eztabaida ezkutatzeko. Guk defendatzen duguna bazterreko jarrera bat zela saltzen saiatu ziren: gure jarrera antisistema zela, ez genekiela kudeatzen... Horrekin saiatu dira estaltzen sententziak esaten dituenak: arrazoia genuela; kudeaketa egokia egin genuela, dirua xahutzera zihoazela; atzean interes ekonomiko jakin batzuk zeudelako egin nahi zutela aurrera; kontrako txostenak eduki arren, egoskortu egin zirela horretan... Nik uste dut sententzia honek balio behar duela datorren urteko hauteskundeetako eztabaidaren parametroak beste batzuk izateko: kudeaketarenak, ingurumenekoak, osasunekoak... Baina badakigu asko kostatuko zaigula hori. Badakigu nortzuek eta nola bideratzen dituzten eztabaida mediatikoak Gipuzkoan. Ez dakit zenbaterainoko oihartzuna izango duen epai honek.
Errauste planta hura gelditu izanaren kostuak —46 milioi euro, aldundiaren arabera— zuek ordaintzea nahi zuten. Epai hau eskuetan, nork izan beharko luke horren ardura orain?
I. E. : Horren inguruan, gauza inportante bat esaten du epaiak. 2007-2011ko legealdian hartutako erabaki batzuen ondorio da sententzia. Baina haratago ere egiten du. Esaten du legealdi honetan egungo agintariek aukera izan zutela swap-en sententzia etorri zenean bertan behera uzteko diru xahuketa hori, eta ez zutela nahi izan. Hitz horietatik interpreta daiteke ez zutela onartu nahi izan beren hanka sartzea, eta guri egotzi nahi izan zigutela horren ardura. Epaileak errieta egin die. Esan die diru publikoarekin ezin dela jokatu aurkari politikoari eraso egiteko; saiatu behar duzula zuk kudeatzen duzun administrazio horrentzat ahalik eta egokien jokatzen. Gogoratu du egungo agintariek uko egin ziotela swap-en auzi horretan Gorenera jotzeari, non beste batzuek lortu duten epaimahai batek arrazoia ematea. Egungo agintariei ere leporatu die, beraz, arduragabe jokatzea. «Zuretzat hainbeste diru den eta hain kaltegarria den erabaki bat duzu, eta ez zara saiatzen horri buelta ematen?». Epailearentzat ez da ulergarria hori.
A. I. : Epailearen arabera, diru hori errekuperatzeko aukera izan dute, baina helegitea kendu dute, eta diru hori eskatu diote, hain justu, kontratu hori apurtu nahi zutenei, hau da, guri bioi, jakinda guk sekula ezingo genuela ordaindu eta banketxeek bai.
I. E. : Ondorioa argia da: EAJk eta PSEk 46 milioi xahutu dituzte EH Bilduri egurra emateko.
[youtube]https://youtu.be/14qraiotF_0[/youtube]
Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin. GHK-ko arduradun ohiak
«Bakoitza bere tokian jarri du sententzia honek»
Espainiako Kontu Auzitegiak babestu egin du errauste planta gelditzeko haiek hartutako erabakia, eta horrek «poztu» eta «lasaitu» egin ditu EH Bilduko agintari ohiak. Espero dute ebazpenak balio izatea azpiegitura horren aurkako mugimendua indartzeko. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu