«Bakoitza bere aldetik bizi bagara, zaila da onartzea 'beste hori' ere jende ona dela»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
Donostia
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Irlanda Iparraldeko adiskidetze prozesuan lanean hasi zinenean, zer espero zenuen bi aldeetatik?

Elkarrizketak erraztea izan zen gure lana: bestela elkartzeko eta hitz egiteko aukerarik ez zeukaten pertsonak gela berean sartzea. Sarritan esaten dut ez naizela bakegile handia; egiatan, te prestatzaile xumea baino ez naiz, elkarrizketa horietan egiten nuen gauza bakarra tea zerbitzatzea izaten zelako. Espazioa eta konfiantza eskaintzen nituen, eurek elkarrekin hitz egin zezaten.

Gaur [atzo] 16 urte bete dira Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenetik. Bidea luzea dela esan ohi duzu: gatazka gaindituta dago?

Denbora gehiegi behar izan dugu gauden lekura heltzeko. Oraindik baditugu zailtasunak: baditugu eragozpenak ipintzen dituzten bidaiari batzuk, trenera atzean utzi ezin genituelako igo zirenak. Baina parlamentura begiratzen dut, eta han ari dira elkarri oihuka eta errua elkarri botatzen; politikan normaltzat jotzen denaren barruan sartzen da nonbait. Arazoa da, gure kasuan, borroka zaharrak berpiztearen seinaletzat hartzen dutela askok hori. Oraintxe, gizarte ongizateari buruzko eztabaida daukagu pil-pilean; errepublikanoek posizio bat defendatzen dute, eta unionistek beste bat, baina hori ez litzateke nahastu behar gatazkaren itzulerarekin: mundu osoko parlamentuek egiten dute hori. Baditugu gatazkak, eta ari gara haiekin borrokan, baina gutxienez ez dugu elkar akabatzen kalean.

Zer moduzkoa da elkarbizitza?

Tamalez, baditugu oraindik bakearen murru batzuk komunitateetan sigi-saga, batez ere hirigune behartsuagoetan. Haietan irauten du harresiaz bestaldekoekiko halako beldur batek: «Haiek dira min egin zidatenak», pentsatzen dute. Pazientzia handia behar dugu, eta lan asko egin, pertsona horiek aski seguru senti daitezen egunen batean harresi horiek eraisteko. Komunitateak nahasteko aukerak behar ditugu. Bakoitza bere aldetik bizi bada eta haurrak ere eskola bereizietara joaten badira, lan asko egin behar da komunitateari esateko «beste horiek» ere jende ona direla, zaila delako haiek ezagutzea. Eraisteko zailenak diren harresiak buruan eraikitakoak dira.

Harreman handia zenuen Alec Reid zenarekin, bakoitza iragan aski desberdin batetik zetorren arren.

Egoera ezezagunetan ere harremanak sortzen erakutsi zidan. Kafetegi batera sartzen baginen, berehala galdetuko zion izena zerbitzariari, eta gero erantzun: «Hara, zein izen ederra; nire izeba bat ere horrela deitzen zen, eta pertsona zoragarria zen. Asko pozten naiz zu ezagutzeaz». Leku guztietan traturik onena jasotzen genuen; horrela desarmatzen zuen berak jendea.

IRAren armagabetzea egiaztatzeko deitu zizuetenean, zuei ere leporatu zizueten IRAren aginduz aritzea.

Batzuek gaitzespenerako arrazoiak nahi zituzten. Erraza da esatea «hau egingo dut zuk hura egiten baduzu», pentsatzen duzunean ez duzula inoiz egin beharko; baina gero, gertatzen denean, oso egoera zailean ipintzen zaitu, hitza betetzera behartuta zaudelako. Politikari batzuek gure hitza gutxietsi nahi izan zuten, baina iritzi publikoak segituan babestu gintuen. Gaur egun, jendeak oraindik eskerrak ematen dizkit kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.