«Herri bat izango bagara, konbergentzia batzuetan pentsatu beharko da», esan zuen Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak atzo, eta gogoratu konbergentzia hura egon zela euskara batua sortzeko prozesuan, Arantzazun, intersekzio bat egon baitzen fraide frantziskotarren eta euskalgintzaren artean, sotanen eta bakeroen artean, Sarasuaren hitzetan; konbergentzia haren emaitzak goraipatu zituen. Arantzazu-ren etorkizuna herrigintzarekin eta kulturgintzarekin duen loturatik mahai inguruan esan zuen hori, ondoan zituela Pello Sarasuaren Arantzazu dokumentalean parte hartu dutenak. Arantzazulab-en egoitzan izan zen solasaldia, Oñatin (Gipuzkoa).
Ikusi gehiago
Arantzazuz galdetu zien moderatzaileak, Iñaki Luzarraga Arantzazulabeko komunikazio arduradunak. Arantzazu zer den haientzat, eta zer izan beharko lukeen. Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Xabier Peritz EITBko kazetaria zeuden Sarasuarekin batera mahaian.
Bat etorri ziren Arantzazu sinbolo bat dela, euskalduntasunaren eta euskal kulturaren transmisioaren sinboloa. Baina, horrez gain, Agirrerentzat Arantzazu «altzo bat da», babesleku gisa ulertuta, «borroka antifrankistan arnasgune izandakoa».
Peritzek ere nabarmendu zuen Arantzazu sinbolo bat delako ideia, eta azpimarragarritzat jo Arantzazun bostehun urte daramatzan frantziskotar komunitateak zer-nolako irekitasun artistikoa eta espirituala erakutsi duen. Berriro ere kanalizatzaile izatea opatu zion, «halakoen hain beharrean gauden herri honetan». Dena den, esan zuenez, amildegian ikusten du Arantzazu, baina horrek ez du zertan txarra izan, amildegia eraldaketarako aukera ere izan daitekeelako.
Sinboloa
Sinbolo izateari uzteko arriskua duela esan zuen, ordea, Sarasuak. «Ezintasun estruktural batzuk arrastratu ditugu, herri menperatua gara, eta, gainera, gizarte aldaketa etorri da indibidualismoarekin eta kapitalismoarekin». Euskararen biziberritzeak duela hirurogei urtetik hona egindako prozesua azpimarratu bai, baina galdera bota zuen: «Izango al dugu kemenik horrelako beste prozesu baterako?»; izan ere, haren ikuspegitik «herri izateko zuntz ahulak» daude. Peritzek, bestalde, euskara batua sortzeko egindako bilera haiek irudikatu zituen, ahots goran. Pentsatzen du haserre mintzatuko zirela batzuetan, tonua igota zenbait arau erabakitzeko, baina iparra galdu gabe, euskara batu behar zela sinetsita. Izpiritu hari jarraitzera deitu zuen, eta esan horretarako elkargune egokia deritzola Arantzazuri.
Agirrek adierazi zuen sinboloen beharrean dagoela jendea, eta hori dela Arantzazu, leku fisiko bat izateaz gain, «Euskal Herria, euskalduntasuna eta ondo bizitzea zer diren pentsatzeko lekuak behar ditugulako». Transmisio intelektuala egin zen Arantzazun, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi gogoan hartuta esan zuenez. Hizkuntza batu bat ere eraiki zuten bertan, nazio izateko beharrezko egiturak sortzeko, hezkuntza sistema bat eta kultur sistema bat sortzeko. Dekalogo bat zerrendatu zuen, eta Ricardo Arregiren esan bat gehitu, hark esan baitzuen «euskalgintza gizakigintza» dela. Azurmendiren gogoeta batekin bukatu zuen hitzaldia. Modernia ziurtasuna zela zioen Azurmendik, eta, horrekin lotuta, Agirrek gaineratu zuen bat datorrela Azurmendik esandako beste honekin ere: «Galderetan bizitzen ikasi behar dugu».