Bakerik ez kaleko saltzaileentzat

Kaleko saltzaileen atzetik dabiltza udaltzainak. Gasteizen hala salatu zuen LABek, eta Bilbon iskanbilak izan dira, herritar batzuek kontra egin dietelako udaltzainei. Saltzaileen hitzetan, baina, bizitzeko beste modurik ez dutelako ibiltzen dira horrela.

Kaleko saltzaile bat, Bilboko Aste Nagusian lanean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
mikel p ansa
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Nekatuta dago beti Poliziari ihesi ibili beharraz. Ez du eman nahi izenik. Ez dezaten poliziek ezagutu. Bestela ere nahikoa zaila da bizitza. «Sufrimendu asko». Musa deituko da hemen, beraz. Afrikan familia utzi, eta 2011n iritsi zen Musa Bilbora. Geroztik kaleko saltzaile dabil. Hamabi urte. «Urte asko!», esan du, barre eginez. Jo hara, etorri hona; eraman, ekarri. Paperik lortu ezinik. Eta zerbait egin behar, biziko bada. «Kalean saltzen duen jendeak ez du kalean saltzen ibili nahi. Baina ezin bada paperik lortu eta ezin bada lanik lortu... Horregatik gaude kalean. Baina inork ez du kalean ibili nahi. Beti korrika. Gauzak kentzen dizkizute. Isunak. Kalabozora...».

Abuztu hasieran, LAB sindikatuak salatu zuen Gasteizen udaltzainak kaleko saltzaileei jazartzen aritu zirela jaietan. «Agindu argi bat dago: identifikatu, isuna jarri —120 eurokoak jartzen ari zaizkie—, eta salgaiak konfiskatu». Bilbon ez da samurragoa, Musaren arabera. «Ia leku guztietan gauza bera da udaltzainekin. Baina Bilbo okerragoa da. Udaltzainak beti kaleko saltzaileen atzetik. Bilbon oso zaila. Oso zaila dago. Kideei esaten diet herrietan zerbait bilatzen badute hara joateko. Lasaiago. Arazorik gabe. Uzteko Bilbo. Herrietan lasaiago saltzen da». Baina Bilbon jende gehiago ibiltzen da; eta saltzeko aukera gehiago, beraz. «Gehienek esaten dute nahiago dutela Bilbon. Nik nahiago dut ez jarri. Beti korrika... Arriskua. Lehen zaila zen, baina orain zailago. Egunero okerrago».

Bilboko Udalak badu protokolo bat, kaleko saltzaileen aurrean udaltzainek nola jokatu behar duten zehazteko. Informazioa eskatuta, «ez da publikoa», erantzun dio udalak BERRIari, idatziz. Aldiz, El Correo egunkariari zehatzago erantzun dio udalak. Horren arabera, «proportzionaltasuna eta prebentzioa» dira udaltzainen irizpideak. «Normalean, polizien presentziak berekin ekartzen du saltzaileek alde egitea, ondoriorik gabe. Ez badute hori egiten, agenteek identifikatu egin behar dituzte, eta, ez badute aurre egiten, ez luke arazorik egon behar».

Baina arazoak izan ziren duela bi aste. Eta orain bi hilabete ere bai. Ekainaren 18an, kaleko saltzaileen talde bat inguratuta zuten Bilboko udaltzain batzuek; herritar batzuk protestan hasi, eta txakurra paseatzen ari zen andre bat atxilotu zuten. Abuztuaren 9an, kaleko saltzaile batzuengana joan ziren udaltzain batzuk Kale Nagusian; handik igaro zen andrazko bat ahalegindu zen saltzaile bat atxilotu ez zezaten, eta azkenean andrazkoak berak bukatu zuen eskuburdinak jarrita, agenteei eraso egitea egotzita. Basurtuko erietxearen arabera, buruko traumatismoa zuen agenteetako batek. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusten da andrazkoa ostiko bat ematen saiatzen dela, baina ia ez duela agentea ukitzen. Horri buruz galdetuta, udalak erantzun du zer egin duten: «Erasotzailea atxilotu».

Musa ez zegoen Bilbon egun hartan, baina hitz egin du kideekin ordukoari buruz. «Poliziak bultzatu eta lurrera bota zuen saltzailea». Eta hari laguntzen saiatu zen andreari «eraso bortitza» egin ziotela iruditu zaio. Ez zaio bidezkoa iruditzen. «Emakumeari bota diote kulpa. Mutikoak ere jo dituzte. Nire kide batzuek korrika alde egin zuten, baina merkantzia kendu zieten; polizia mordo bat han, jendearen bila... Oso larria. Mutiko horrek ez du lapurtu, ez du ezer egin; kalean saltzen ari da, besterik ez».

Abuztuaren 9an gertatu zen hori, eta abuztuaren 10ean Bilboko Hernani kaleko lonja batean sartu ziren udaltzainak, eta kaleko salmentarako material mordoxka bat konfiskatu eta pertsona bat identifikatu zuten.

Isunetan irabaziak

Kaleko saltzaileak babesten ahalegintzeagatik atxilotu dituzten andreak izan dira albiste azkenaldian. Baina eguneroko hezurra da hori kaleko saltzaileentzat. Musa ere atxilotu izan dute. «Askotan kendu didate merkantzia. Behin, aste batean bost aldiz. Eta kalabozora eraman izan naute. Eta gero, isuna. Igual 200 euro. Edo 500. Bai, benetan. Hatz markak hartzen dizkizute, argazkia egin...».

Paperik ez; baina poliziaren fitxa bai. «Eta askotan harrapatu bazaituzte, kalte egiten dizu gero paperak lortzeko». Paperik ez; baina isunak ordaindu behar. «Saltzen badituzu bi edo hiru gauza, 20 edo 30 eurorekin etxera zoaz. Baina batzuetan ezin da. Batzuetan ez dizute uzten». Eta isunen bat jartzen badiete, pare bat asteko lanean irabazitakoa gal dezakete. Nekez irabazi, eta aise galdu. «Etxea pagatu behar da. Janaria erosi behar da. Gehienek familia dute han Afrikan. Eta lagundu behar diete. Oso konplikatua da». Eta isuna momentuan ordaindu ezean, garestitu egiten da. «Batzuetan ongi, beste batzuetan gaizki. Baina paperik ez baduzu, saldu egin behar duzu. Ez gara etorri besoak gurutzatuta egotera, ezer egin gabe».

900 udaltzain Bilbon

Udan, jaiekin, hainbestean. Hara eta hona ibiltzen dira. Donostiako Aste Nagusian ibili da Musa, eta orain Bilboko jaietan ibiliko da, gogokoa ez duen arren. Hor ibiliko dira, halaber, Bilbok dituen 900 udaltzainetatik 800 bat. Ertzainak, bestalde. Udalak joan den astean iragarri zuen aurtengo jaietan beste inoiz baino polizia gehiago ibiliko direla. Eta, tartean, «legez kontrako kaleko salmentaren» aurka egingo dutela iragarri zuten. Baina uda aprobetxatu behar dute saltzaileek. «Festa bada, hara noa. Festa bukatzen bada, beste batera noa», Musak. Udaren ondoren, komeria gehiago. «Herrietako feriak bilatzen ditut. Aterkiak, galtzerdiak... Nafarroa, Donostia, Elizondo... Neguan ere bai. Nik nahiago ditut herriak: Durango, Abadiño...».

Ahal duenean, postua jartzen du. Herri batzuetan aukera dute udalera joan eta postua hartzeko. «Amurrion, Laudion... postuak har ditzakezu. Lasaiago. Festetan, uzten dizute». Baina postua jartzeko ere salgai asko eduki behar. Eta auto bat, horiek gordetzeko eta kalean lo egin behar ez izateko. Postua jartzea bera ere gastua da. «Baina aguanta». Gehienetan, asteburuetan lanean; askotan, desorduetan. «Kaleko saltzaile askorekin hitz egiten dut, eta hori esaten dute: paperak nahi dituzte, lana egiteko, landan edo... Bizitza duin bat izateko».

Batzuek lortzen dute kalekoa uztea. Paperak lortuta, lana lortuta. Baina ez da horren samurra. «Etorkizun baten bila etortzen dira. Gehienek uste dute hona etorri eta hemen denetik izango dutela, baina ufa... Ez da erraza». Musaren ustez, gainera, orain zailagoa da saltzea. «Jendeak ez du hainbeste erosten orain. Internetez erosten dute. Salmenta ez da lehen bezala». Kaleko salmenta gogorra dela dio, baina ez dela delitu bat: «Hemen denetik dago. Lapurrak ere bai. Guk ez dugu hori nahi, eta ez dugu besterik. Ez dugu bizitzeko beste erarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.