HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak gaur amaituko du ibilbidea, Donostian, Aieteko jauregian egingo den ekitaldian. Taldea desegin aurretik, ordea, hainbat euskal ordezkarirekin bildu dira kideak. Atzo, Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin izan ziren, Gasteizen. Han izan zen Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria ere. HNTk esan du bakerako «oinarri sendoa» dagoela, nahiz eta oraindik ondorioei heldu behar zaien.
2011n hasi zuen ibilbidea Currinen taldeak, eta «ehunka aldiz» elkartu dira Urkullurekin, Spektorowskik harekin batu ostean adierazi duenez. Esan du harremana «ezin hobea» izan dela beti: «Euskal Herrian indarkeria amaitzeko eta HNTri laguntzeko lan egin duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu». Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak azpimarratu du ez dutela «inoiz loturarik apurtu Euskadiren normalizazioaren alde lan egin dutenekin». Azaldu dute atzoko bilera ere «adeitsua» izan zela, eta elkarri aitortu diote bakearen eta bizikidetzaren alde egindako lana. Gero, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin bildu zen HNT. «ETA Poliziak eta zuzenbide estatuak garaitu zuten», esan zuen Mendiak.
Gaur Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairekin eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezekin batzartuko dira. Arratsaldeko ekitaldian izango dira Joseba Egibar (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), eta Elkarrekin Podemoseko, Geroa Baiko eta Nafarroako Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako kideak.
Bakerako «oinarri sendoa» dagoela dio HNTk Urkullurekin bildu ostean
Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Mendiarekin bildu da taldea; gaur, Etxegarairekin eta Rodriguezekin. Gaur bukatuko du bere bidea HNTk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu