MEMORIA

«Bakerako memoriak» eraikitzera deitu du Foro Sozialak, «ez gerra kontakizunak»

Memoria kritiko inklusiboa osatzeko hamar aholku plazaratu ditu Foro Sozial Iraunkorrak; adibidez, «autokritikoa» izatea.

Foro Sozial Iraunkorreko kideak, gaur, Donostiako Miramar jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon olano
2022ko abenduaren 17a
13:40
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak hamar aholku bildu ditu «memoria kritiko inklusiborako» bidean pausoak egiteko, eta horietako bat da foroak atzo ezagutarazi zuen dokumentuari izena ematen diona: «bakerako memoriak» eraiki behar direla, eta ez «gerra kontakizunak». «Kontakizun bakar bat inposatzeko edozein asmo baztertzea gomendatzen dugu. Kontakizun bakar horrek, egiaztatu den bezala, gizartean eta politikan krispazio esparru berriak sortzen ditu, eta are gehiago eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsu garaian», erantsi dute.

Agus Hernan eta Nekane Alzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek aurkeztu dute gomendioak biltzen dituen txostena, Donostian eginiko agerraldi batean. Memoriak izan beharreko ezaugarri batzuk xehatu dituzte dokumentuan: adibidez, «poliedrikoa» izan behar duela: «Oroimen indibidual eta kolektiboen batura hori onartzen eta errespetatzen dela zaintzea gomendatzen dugu; mikrokontaketek izan beharko lukete memoria plural bati egin beharreko ekarpen nagusiak». Horrez gain, oroimenak «autokritikoa» ere izan behar duela adierazi du foroak: «Memoria eraginkorra izan dadin, minez eta sufrimenduz eraikitako memoria horiek jarrera autokritikoa izatea gomendatzen dugu, gertatutako ezer alde batera utzi gabe».

Beste aholkuetako batean, ohar bat egin du Foro Sozialak: kontakizunetik bereizi egin behar direla historia eta memoria: «Kontakizunak, memoriak eta historiak ez bezala, egun baino objektiboagoa izan beharko luke. Kontakizunaren haria gertakariak izan beharko lirateke: hilketak, bahiketak, torturak, mehatxuak, espetxeratzeak, jazarpenak, difamazioak, estortsioak, lege aldaketak, giza es- kubideen urraketak..., elkarrizketak, porrotak, arrakastak... izan ziren». Gertaera horiek guztiak «bere erara» gogoratzen eta kontatzen ditu protagonista izan zen pertsona edo erakunde bakoitzak, baina, foroaren esanetan, badira «kontakizun bakarraren ezarpena bultzatzen dutenak». Horiek «memoria eta kontakizuna batu nahi dituzte narratiba bakar bat sortzeko», eta hori saihestu beharra nabarmendu du.

Bestalde, memoria politikek izan beharreko helburua ere zehaztu dute: gertatutakoa ez errepikatzeko oinarriak ezartzea: «Ariketa politikoa da, funtsezkoa gizartea demokratikoki kohesionatzeko». Foroaren hitzetan, «nolabaiteko harmonia soziala» adierazten du «esparru politiko berean elkarrekin eta modu baketsuan» bizi ahal izateak, «beti gizartean sortuko diren gatazkak prebenituz edo arinduz, eta gertatu ziren eta, askotan, oraindik ere irauten duten indarkeriak antidotorik onenarekin arinduko direla bermatzen saiatuz: giza eskubideak, eskubide sozialak, zibilak eta politikoak, pertsona guztientzat».

Ziklo baten amaiera

Aurkeztutako proposamena testuinguruan kokatu du Alzelaik, hamar gomendioekin «ziklo bat» itxiko duelako foroak: «Ziklo horretan gure lan ardatz nagusietan aurrera egiteko gomendioak aurkeztu ditugu: armagabetzea, presoak eta biktimen eskubideak. Gomendio horietako gehienak oso modu egokian ezartzen joan dira». Alzelairen hitzetan, «begi bistakoa da bakea eraikitzeko eta indarkeria zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuan etapa berri bati» ekin zaiola.

Gaur egungo egoeraren diagnostikoa ere egin du Alzelaik: «Adostasuna dago gertatutakoaren izugarrikerian, desadostasuna dago gertatutakoaren zergatian eta adostasuna dago indarkeriarik gabeko bizikidetza demokratikoan oinarritu behar dela etorkizuna». Hala ere, «arriskuak» nabari dituzte: «Ezin dugu orrialdea azkarregi pasatu, eta ezin gara geratu ‘kontakizunaren batailak’ ezarri nahi dituen parametroetan, ‘garaileen eta garaituen’ markoa ezartzen diguten horietan». Parametro horiek «oztopo dira bizikidetza demokratikorako eta adiskidetzerako», Alzelairen esanetan.

Foroaren iritziz, orain «erantzukizun instituzionalak dituztenei» eta alderdi politikoei dagokie «atmosfera sozial berri bat sortzea» hamar gomendioak ezartzen laguntzeko eta «bakerako memoriak» eraikitzeko.

Hamar aholkuak:

1. Entzuteak memoria eraikitzeko abiapuntua izan behar du.

2. Bakerako memoriak eraiki behar dira, ez gerra kontakizunak.

3. Poliedrikoa izan behar du: memoria indibidualen eta kolektiboen batura.

4. Autokritikoa izan behar du.

5. Ez du testuingurua ahaztu behar.

6. Inklusiboa izan behar du.

7. Ez da nahastu behar historiarekin, ez kontakizunarekin.

8. Modu dialogikoan eraikitzen da.

9. Biktimek memoriaren politiken erdian egon behar dute.

10. Memoriaren helburuak berriro ez gertatzeko oinarriak finkatzea izan behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.