«Bakerako memoriak» eraikitzera deitu du Foro Sozialak, «ez gerra kontakizunak»

Memoria kritiko inklusiboa osatzeko hamar aholku plazaratu ditu Foro Sozial Iraunkorrak; adibidez, «autokritikoa» izatea

Foro Sozial Iraunkorrak atzo Donostiako Miramar jauregian eginiko agerraldia. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
Donostia
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak hamar aholku bildu ditu «memoria kritiko inklusiborako» bidean pausoak egiteko, eta horietako bat da foroak atzo ezagutarazi zuen dokumentuari izena ematen diona: «bakerako memoriak» eraiki behar direla, eta ez «gerra kontakizunak». «Kontakizun bakar bat inposatzeko edozein asmo baztertzea gomendatzen dugu. Kontakizun bakar horrek, egiaztatu den bezala, krispazio esparruak sortzen ditu gizartean eta politikan, eta are gehiago eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsua dagoen garaian», erantsi dute.

Agus Hernan eta Nekane Alzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek atzo aurkeztu zuten gomendioak biltzen dituen txostena, Donostian eginiko agerraldi batean. Memoriak izan beharreko ezaugarri batzuk xehatu dituzte dokumentuan: adibidez, «poliedrikoa» izan behar duela: «Oroimen indibidual eta kolektiboen batura hori onartzen eta errespetatzen dela zaintzea gomendatzen dugu; mikrokontaketek izan beharko lukete memoria plural bati egin beharreko ekarpen nagusia». Horrez gain, oroimenak «autokritikoa» ere izan behar duela adierazi du foroak: «Memoria eraginkorra izan dadin, minez eta sufrimenduz eraikitako memoria horiek jarrera autokritikoa izatea gomendatzen dugu, gertatutako ezer alde batera utzi gabe».

Beste aholkuetako batean, ohar bat egin du Foro Sozialak: kontakizunetik bereizi egin behar direla historia eta memoria: «Kontakizunak, memoriak eta historiak ez bezala, egun baino objektiboagoa izan beharko luke. Kontakizunaren haria gertakariak izan beharko lirateke: hilketak, bahiketak, torturak, mehatxuak, espetxeratzeak, jazarpenak, difamazioak, estortsioak, lege aldaketak, giza eskubideen urraketak... elkarrizketak, porrotak, arrakastak... izan ziren». Gertaera horiek guztiak «bere erara» gogoratzen eta kontatzen ditu protagonista izan zen pertsona edo erakunde bakoitzak, baina, foroaren esanetan, badira «kontakizun bakarraren ezarpena bultzatzen dutenak». Horiek «memoria eta kontakizuna batu nahi dituzte narratiba bakar bat sortzeko», eta hori eragotzi beharra nabarmendu du.

Bestalde, memoria politikek izan beharreko helburua ere zehaztu dute: gertatutakoa ez errepikatzeko oinarriak ezartzea. «Ariketa politikoa da, funtsezkoa gizartea demokratikoki kohesionatzeko». Foroaren hitzetan, «nolabaiteko harmonia soziala» adierazten du «esparru politiko berean elkarrekin eta modu baketsuan» bizi ahal izateak, «beti gizartean sortuko diren gatazkak prebenituz edo arinduz, eta gertatu ziren eta, askotan, oraindik ere irauten duten indarkeriak antidotorik onenarekin arinduko direla bermatzen saiatuz: giza eskubideak, eskubide sozialak, zibilak eta politikoak, denentzat».

Ziklo baten amaiera

Aurkeztutako proposamena testuinguruan kokatu zuen Alzelaik, hamar gomendio horiekin «ziklo bat» itxiko baitu foroak: «Ziklo horretan, gure lan ardatz nagusietan aurrera egiteko gomendioak aurkeztu ditugu: armagabetzea, presoak eta biktimen eskubideak. Gomendio horietako gehienak oso modu egokian ezarri dira». Alzelairen hitzetan, «begi bistakoa da bakea eraikitzeko eta indarkeria zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuan etapa berri bati» ekin zaiola.

Gaur egungo egoeraren diagnostikoa ere egin zuen Alzelaik: «Adostasuna dago gertatutakoaren izugarrikerian, desadostasuna dago gertatutakoaren zergatian, eta adostasuna dago etorkizuna indarkeriarik gabeko bizikidetza demokratikoan oinarritzeko beharraren inguruan». Hala ere, «arriskuak» nabari dituzte: «Ezin dugu lehengoa azkarregi atzean utzi, eta ezin gara geratu 'kontakizunaren batailak' ezarri nahi dituen parametroetan, 'garaileen eta garaituen' markoa ezartzen diguten horietan». Parametro horiek «oztopo dira bizikidetza demokratikorako eta adiskidetzerako», Alzelairen esanetan.

Foroaren iritziz, orain «erantzukizun instituzionalak dituztenei» eta alderdi politikoei dagokie «atmosfera sozial berri bat sortzea» hamar gomendio horiek ezartzen laguntzeko eta «bakerako memoriak» eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.