Bakerako jarrera

Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe biktimak elkartu dituzte 'S(u/a)minetik bakera' ikus-entzunezkoan. Gogoeta denak ez dira gatazka politiko-armatuari buruzkoak

Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe biktimak, joan den ekainean, Arrasaten, S(u/a)minetik bakera ikus-entzunekoaren grabazioan. BERRIA.
enekoitz esnaola
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
BVE Batallon Vasco Españolen biktima bat: Olatz Etxabe. ETAren biktima bat: Sandra Carrasco. Biak Arrasatekoak (Gipuzkoa). Biak batera mintzo heriotzaz eta doluaz S(u/a)minetik bakera ikus-entzunekoan; «zintzotasunez eta naturaltasunez», Iñaki Peña zuzendariaren arabera. Atzo arratsaldean estreinatu zuten lana, Arrasaten bertan, Amaia antzokian.

57 minutu irauten du, eta irudiak, argazkiak eta elkarrizketak tartekatuta ageri dira. Pantailan, Carrasco, Etxabe eta Alba Payas doluaren psikoterapeuta ageri dira hizketan, eta beste uneetan bi narratzaileren txanda da, agertokian —atzo, Koldo Rodriguez eta Naia Egiluz aritu ziren—. Musikari bat ere bada oholtzan —atzo, Aitor Monje, Mudoh—. Puzzle moduko bat dela dio Peñak. «Helburua da heriotzaz eta doluaz gogoeta zenbait plazaratzea, eta jendea biktimekin identifikatzea». Etxabe eta Carrasco gatazka politiko-armatu baten biktimak diren arren, laneko hausnarketa guztiak ez dira alor horri buruzkoak. «Harago» jo nahi izan du Peñak, eta, esate baterako, Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen auziaz ere jardun dira.

BVEk 1975ean hil zuen Iñaki Etxabe, Kanpazar mendatean familiak zeukan jatetxean. Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia 2008an hil zuen ETAk, Arrasaten. «Hasieran beti nengoen triste, beti negargurarekin», dio Olatz Etxabek S(u/a)minetik bakera-n. «Gastatu egin zitzaizkidan malko denak; ja ez dut negarrik egiten». 10 urte zeuzkan aita hil ziotenean. Batik bat, ama ikusten zuen sufritzen. Sandra Carrascok 19 urte zituen aitaren hilketa izan zenean; lehen urteetan ez zuen «batere ondo eraman» familia sufritzen ikustea.

Peñari (Burgos, Espainia, 1971) gertukoak egin zitzaizkion bi hilketak. «Bilbon bizi nintzen lehen, eta Arrasatera lanera bidean Kanpazartik pasatzen ginen, eta Etxabetarrenean bazkaltzen genuen batzuetan. Ondo ezagutzen dut haren kasua. Carrascoren atentatua izan zenean, berriz, Arrasateko erietxera ekarri zuten; bertako langilea naiz, eta neuk artatu ez arren, oso gertutik bizi izan nuen hura guztia. Gainera, Sandraren bi senide lankideak ditut».

'Aulki hutsak'-i segida

Peñaren bigarren ikus-entzunekoa da. Lehenik, Aulki hutsak (2013) idatzi eta zuzendu zuen, heriotzari eta doluari buruzko dokumentala. Aulki hutsak-i jarraipena emateko gogoa zeukan, eta orain urtebete Gogora institutuak Memoria Plaza ekinbidean Etxabe eta Carrasco batu zituenean Arrasaten, orduan erabaki zuen biekin egitea zerbait. «Neuk proposatu nien, eta baiezkoa eman zuten berehala». Aitor Mudoh musikariarekin eta Arteman komunikazio enpresarekin batera osatu du lana.

Carrascoren eta Etxaberen baiezkoak jaso, gidoia pasatu, eta aurtengo ekaineko egun batean grabatu zuten elkarrizketa, estudio batean. Elkarrekin bigarren aldia zuten biktimek. Haien naturaltasuna eskertu du zuzendariak, baina, hala berean, nabarmendu du asko sufritutakoak direla. «Egoera desberdinak bizi zituzten. Etxabek herriaren sostengua izan zuen, baina ez instituzio ofizialena; horien ukazioa izan zuten, eta ez daude biktima gisa hartuta. Aldiz, Carrascok izan zuen babes ofiziala, baina ez herritarrena; egoera mingarriak bizi izan zituen».

Sandra Carrascok ikus-entzunekoan esan du aita hil eta hasierako babesaren ostean ohartu zela ez zuela «inor ondoan». «Nire lagunik onenak desagertu egin ziren. Edozer gauza behar nuen distraituta egoteko, eta hori ez nuen eduki». Etxabek aitortu du herritarren babesa eduki zuela, baina ez bestelako laguntzarik.

Peñarena da lanaren izenburua: sumina eta samina-rekin joko bat egin du, uste du halako kasuetan erreakzio eta aldarte pertsonal horiek normaltzat hartu behar direla, baina bakera ere erantsi du tituluan, pauso hori. «Zugan dago aurrera egitea», adierazi du Carrascok. «Edo hor geratzen zara, edo aurrera egin behar duzu pertsona moduan, zeure bizitza hobeto eramateko». Aitortu du aitaren hilketaren ondorengo lehendabiziko urteetan blokeatuta egon zela; «ez nuen bizitzaz gozatzen». Gero aldatu zen, hautu propioa eginda.

Gazteekin lan

Etxabe ere prest da bere aitari egin ziotena azaltzen segitzeko han eta hemen. Azken batean, indarkeria kasuak «berriz ere ez gertatzeko» lan egiteko. «Biktima modura asko egin dezakezu gazteekin eta jendearekin, baina biktimak ez dugu sartu behar politikan». Ongi deritze Gogora-ren egitasmoari eta ikastetxeetako hitzaldiei. Carrascok ere uste du gazteekin lan bat egin behar dela, «jakin behar dutelako zer pasatu zen hemen, zer sufritu zen, zer beldur egon zen».

Etxabek antzeko gertaerak jasan dituztenekin hausnarketak-eta partekatzearen falta sumatu izan du. Carrascoren iritziz, horrelako saioei esker aukera sortzen da lehen ikusten ez zena ikusteko; esperientzia pertsonalean oinarrituta dio hori.

Peña zuzendariak jakinarazi du oraingoz hilean behin egin nahi dutela S(u/a)minetik bakera-ren emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.