ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. Sorturen adierazpena

Bakerako eta elkarbizitzarako «ausardiaz» segituko du Sortuk

«Aterabide demokratikoa» eskatu du ETAren jarduera armatuaren bukaeraren 10. urteurrenean

Sortuko ehunen bat kide, atzo, Donostian plazaratutako adierazpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun

Sortuk ere egin du ETAren jarduera armatuaren behin betiko bukaeraren 10. urteurreneko ekitaldia, Donostian, eta esan du «momentu erabakigarria» denez «bakea eta elkarbizitzari dagokienez», ezker independentistak «zintzotasunez eta ausardiaz» segituko duela lanean. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena, eta iragan astelehenean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta biek Donostian bertan, Aiete jauregiaren aurrean, ezker independentistaren izenean plazaratu zuten adierazpenari egin dio aipamena, Aieten, «ETAren indarkeriak eragindako» biktimei «aipamen berezia» egin zieten, eta «atsekabea eta mina» adierazi haiek «jasan duten sufrimenduagatik». «Hura ez zen inoiz gertatu behar», adierazi zuten Rodriguezek eta Otegik astelehenean.

 

Sortuk bere adierazpenean azaldu du biktimen —modu generikoan aipatu ditu— «aitortzan pausoak» eman behar direla, eta euskal presoen auziari «konponbidea» eman behar zaiola aldarrikatu du. «Gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaio», esan du Rodriguezek.

2011n baino hobeto

Atzo bete ziren hamar urte ETAk jarduera armatuaren betiko bukaera jakinarazi zuela, eta Sortuk uste du gaur egun «pozez» esan daitekeela, «ausardiaz eta erabakitasunez» jarduteagatik, «garai politiko berri bat irekitzen lagundu» duela ezker independentistak, «Euskal Herriaren norabidea aldatzen ahalegindu baitzen, etsipena zegoen tokian itxaropena lora zedin». Sorturen hitzetan, «biolentzia adierazpenetako bat ekuaziotik kanpo dago» —ETArenaz ari da—, «eta, egun, zalantza izpirik gabe, Euskal Herriaren egoera duela hamar urtekoa baino hobea da».

Ezker abertzaleko alderdi politikoak iritzi dio «euskal jendartearen gehiengo zabal batek bakea eta elkarbizitzaren eraikuntza» nahi duela, eta ez, haren ustez, «kontakizunaren batailan» ibiltzea «batzuek» nahiko luketen bezala, eta adierazi du bera «herri interesen» alde ari dela lanean, «herri honek ez duelako gutxiago merezi». «Arduraz jokatzeko unea da, denok. Guk jarraituko dugu ekarpen eraikitzailea egiten, herriaren interesak gure interesen gainetik jartzen ahaleginduz, gure bertsiorik onena ematen ahaleginduz».

«Erronka erraldoiei aurre»

Bakeari eta elkarbizitzari ez ezik, Sortuk garrantzi handia eman dio Euskal Herriaren etorkizunari, «nazio zahar hau hainbat erronka erraldoiri aurre egin beharrean dagoelako». Erronka horien artean aipatu ditu Rodriguez idazkari nagusiak klima aldaketa, zaintzaren krisia, «euskal identitate komunitarioaren» garapena eta ekoizpen sarearen eraldaketa. «Une historiko honek herri susperraldi handi bat abiatzea eskatzen digu», aipatu du, eta, ondorioz, «etorkizunerako begirada luzea, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna erakusteko garaia da, interes orokorra lehenestekoa, alderdi ororen interesen gainetik. Etorkizun hobe batekin engaiatzeko unea da».

Rodriguezek hitzeman du «pertsona guztientzat eskubide guztiak» printzipio pean «berdinen arteko herri aske bat» eraikitzeko ekarpena egin nahi dutela.

Belaunaldi desberdinetako ehun militante

Sortuko ehunen bat militante bildu dira Donostian, alderdiaren agerraldian. Belaunaldi desberdinetako jendea egon da. Arkaitz Rodriguez hizlariaz gain, bertan izan dira, besteak beste, Pablo Gorostiaga, Itziar Aizpurua, Rafa Diez, Elena Beloki, Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Arantza Zulueta, Iñaki Olade, Xabier Alegria, Jone Goirizelaia, Julen Aginako, Ino Galparsoro, Antton Lopez Ruiz, Juan Mari Olano, Txelui Moreno, Esther Agirre, Joseba Permach, Jokin Etxeberria, Jon Salaberria, Xabi Larralde, Kizkitza Gil de San Vicente, Sonia Jacinto, Ibon Meñika, David Pla, Onintza Ostolaza, Igor Arroyo, Pello Otxandiano, Gotzon Elizburu, Lur Albizu, Eraitz Saez de Egilaz eta Olaia Matxain.

Orrialde bat pasatxoko adierazpena osatu du Sortuk ETAren jardun armatuaren betiko bukaeraren 10. urteurreneko agerraldirako, eta Rodriguez idazkari nagusiak euskaraz eta gazteleraz irakurrita bukatu da. Paseo Berrian egin dute ekitaldia, Jorge Oteizaren eskulturaren aurrean, haize handiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.