Bakerako «beste ekarpen bat» egingo du ezker abertzaleak hilaren 26an

Ekitaldi irekia egingo du Kursaalean, eta bost printzipiotan oinarritutako agiri bat aurkeztuko du

Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian bakea eta jokaleku demokratikoa eraikitzeko beste ekarpen bat» egingo du ezker abertzaleak, hilaren 26an Donostiako Kursaalean egingo duen ekitaldian. Konponbide prozesurako konpromisoa berretsiz, adierazpen bat aurkeztuko dute.Ekitaldia eguerdian hasiko da, eta irekia izango da.

Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria bozeramaileek atzo egindako agerraldian azaldu zutenez, bost ardatz izango dituen adierazpen bat aurkeztuko dute. Bakea izango da ardatz bat, «oraindik lortzeke dagoen helburua»; «gatazkaren ondorioentzako erantzuna» izango da bigarren ardatza; «aitortza sustatzea», hirugarrena, «elkarrekiko errespetutik abiatuta»; laugarrena, «egia jakiteko premia»; eta bosgarrena, «elkarrizketa eta akordio demokratikoa, berriro ez errepikatzearen berme gisara».

Bost oinarri horiekin, «guzti-guztiok bake eta normalizazio politikoaren irabazle izango garen behin betiko konponbideen jokalekua lortzeko premiazko beharrari» erantzuteko helburua dauka ezker abertzaleak. Premia horri erantzuteko, «ekinbideen batasunerako deia» ere egin dute Ugarteburuk eta Etxeberriak. Adierazpen hori aurkezteko orduan, aurrean izango dituzte nazioarteko hainbat eragile. Oraindik ez daukate behin betiko zerrenda, baina gatazkak «prozesu demokratikoaren bidez gainditu dituzten herrialdeetako ordezkariek» parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Ezker abertzalearen irudiko, «benetako aukera» dago agertoki demokratikoa izateko. Espainiako Gobernua «konponbide ezaren lubakian» dagoen arren, gero eta zailagoa zaio «immobilismoari eustea», Ugartebururen irudiko. Eta hortxe kokatzen ditu, hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak azken egunetan egindako «adierazpen kontraesankorrek».

Baina, ezker abertzalearen esanetan, «blokeo dinamika» hori gainditzen ari da euskal gizartea. «Konponbidearen agenda da ari da gure herriaren etorkizun politikoa marrazten». Euskal gizarteak eragin du agertoki politikoan «sakoneko aldaketa», Ugartebururen eta Etxeberriaren hitzetan. «Konfrontazio demokratikoaren aldeko apustu irmoa egin du gehiengo horrek», esan dute.

Bide horretako «zutarria» ezkerreko mugimendu subiranista eta independentista izan dela nabarmendu dute bi bozeramaileek.

ETAk armak uzteko erabakiaren berri emanda eta gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko prestutasuna erakutsita «behin betiko konponbideen prozesuari ekiteko prest» agertu zela ere azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.