Laurehun bat kartel, manifestazio eta elkarretaratzeetan erabilitako ehun pankartatik gora, euren ibilbidean jasotako 71 sari eta 17.000 ikus-entzunezko inguru, eta era askotariko materialak. Horra BAK Bakearen Aldeko Koordinakundearen 28 urteko historiaren zati bat. Orain, Euskadiko Artxibo Historikoak gordeko du, eta atzo egin zuten eskualdatze hori irudikatzeko ekitaldia, Bilbon. Han izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro.
1986an sortu zuten BAK, eta 2013an desegin, ETAk armak behin betiko utzi zituela iragarri ostean. Orduan erabaki zuten urte horietan guztietan sortutako materiala bildu, sailkatu eta gordetzea. Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzea erabaki zuten, erakunde publikoaren bidez herritarrek eskura izan dezaten, oro har, baita ikertzaileek jasotako edukia azter dezaten ere.
Tejeriak komunikabideen aurrean eginiko hitzartzean erakunde bakezaleek bakea lortzeko bete duten «eginkizun erabakigarria» azpimarratu zuen. «Euskal herritarren borondateak ahalbidetu du, irmotasunez, erabakimenez eta ozen aldarrikatuz, gure oraintsuko historian garai berri hau zabaltzea. Iritsia da memoria partekatu bat duen elkarbizitza baketsuaren oinarriak jartzeko garaia».
BAKen ondarea, Euskadiko Artxibo Historikora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu