Bakegintza ereduez ariko da Foro Soziala

'Ustekabean, topo' zikloa prestatu du; Libanoz eta Kamerunez ariko dira aurreneko saioan

Agus Hernan. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Aieteko konferentziatik hamar urtera, Euskal Herrian egoera «hobea» dagoela uste du Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, baina oraindik ere askatu beharreko hiru «korapilo» ikusten ditu: biktima guztien «egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea», euskal presoei politika «arruntak» aplikatzea, eta «modu desegokian kontakizunaren borroka deiturikoa». Foroak azken horretan jarri nahiko luke arreta datozen hilabeteetan, atzo Donostian egindako agerraldian jakinarazi zuenez. Hain zuzen, «memoria kritiko inklusiboan» urratsak egin nahi lituzke, eta, horretarako, hainbat hitzaldi antolatu dituzte, Ustekabean, topo lelopean.

Lehendabiziko hitzaldia asteazkenean eginen dute, 18:00etan, eta Kamerungo eta Libanoko egoerak izanen dituzte hizpide. Antoine Bouba Kidakou eta Christina Foerch ariko dira solasean, Foro Sozialaren Youtubeko kanalean. Kamerungo Maroua unibertsitateko irakaslea da bata; Libanoko Fighters for Peace-eko nazioarteko harremanen arduraduna bertzea.

Nazioarteko esperientzietatik ikastea da xedea, eta, horretarako, bertzeak bertze Hegoafrika, Kolonbia eta Irlandako esperientziak ekarriko dituzte Euskal Herrira. Asmoa da aitzinago filosofia bera Euskal Herriko egoerari aplikatzea, «elkargune publiko eta pribatuak» osatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.