Bakegileen lana txalotu du Frantziako Justizia ministro ohiak

Taubirak esan du bakearen alde egindako lanak alor askotako eragileen babesa izan duela: «Elkarrekin gaude bakearen alde arriskatzeko»

Christiane Taubira, Justizia Ministerioko agerraldi batean. G. VAN DER HASSELT / EFE.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Bakegileei sostengua adierazi die Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak. Bake prozesuaren garrantzia nabarmendu du, eta orain arteko egindako lana txalotu, Bake Bideak sare sozialen bitartez zabaldu duen bideo baten bidez. Ez da gaiari buruz mintzo den lehen aldia. Bake prozesua «baliatu beharreko bidea» zela adierazi zuen iaz.

Orduan esandakoa berretsi du, eta «bakearen alde arriskatzeko» prest agertu da. «Buruargitasunez egiten dugu, badakigulako bakeak etengabeko esfortzuak eskatzen dituela, elkarrizketa eskatzen duela». Ministro ohiak gogora ekarri du alor askotako jendeak bat egin duela, eta eskertu egin du eragile horiek guztiek egindako lana.

Abenduaren 9ko Parisko manifestazioa jasotzen ari den babes zabalaren azken adibidea da Pirinio Atlantikoetako Errepublika Martxan-ena. Emmanuel Macronen alderdiak ohar baten bitartez jakinarazi du sostengua.
 

 


Angel Yuste, Kongresuan

Bestelako erantzuna jaso dute Espainiako Kongresuan EH Bilduko, EAJko eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariek. Angel Yuste Espetxeetako idazkari nagusiaren agerraldia baliatu dute Marian Beitialarrangoitiak, Mikel Legardak eta Eduardo Santosek urruntze politikaz, sakabanaketaz, larri dauden gaixoen egoeraz —Ibon Iparragirre aipatu dute bereziki—, Sara Majarenasen kasuaz eta zigorren batuketaz galdetzeko. Entzungor egin die eskaerei Yustek. «Legea bete», «Europaren bermea du urruntzeak» eta antzekoak erabili ditu. Majarenasen kasuan, administrazioa «aski sentibera» izan dela adierazi du.

Bien bitartean, abenduaren 9ko mobilizazioa babesteko eskatzeko gutunak idatzi dituzte hainbat euskal presok. Beste hainbatek baraualdiak egin dituzte Ibon Iparragirreren osasun egoeraren krudeltasuna salatzeko helburuarekin.

Bestalde, Europako Parlamentuko zazpi diputatuk Ondarroako presoaren egoera salatu dute, eta Iparragirre askatzeko eskatu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.