Bakegileek Ipar Euskal Herria geldituko dute, Paris mugiarazteko

Uztailaren 23an eginen dute ekintza. Iragarri dute ehunka pertsona mobilizatu direla

Bakegileen prentsaurrekoa, atzo, Luhuson. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Luhuso
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
«Tentsioa sortuko dugu, arreta erakartzeko»: horrela azaldu du Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak uztailaren 23rako aurreikusi duten ekintza. Ipar Euskal Herria blokeatuko dutela iragarri dute Bakegileek, euskal presoen gaian aitzinamenduak lortzeko. «Prozesuaren blokeo judizial eta politikoari blokeo geografiko batekin erantzunen diogu». Egun osoan eta lurralde osoan iraunen duen ekintza hori «erabakigarria» izanen da, Funosasen hitzetan. Bide nagusiak «geldirik» egonen direla erran du. «Ehunka pertsona mobilizatuak dira jadanik blokeo hori antolatzeko».

Luhusoko (Lapurdi) plazan elkartu dira Bakegileak, hilabete baten buruan egin gogo duten ekintza aurkezteko. Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek parte hartu dute, eta blokeorako erabiliko duten materiala ere erakutsi dute: traktoreak, adreiluzko paretak, bidoiak...

Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaerei emandako erantzunek eraman dituzte uztailaren 23ko ekintza erabakitzera. Behin eta berriz ezeztatu edo atzeratu dituzte, besteak beste terrorismoaren kontrako fiskaltzak ezarritako helegiteengatik. Uztailaren 21ean aztertzekoak dituzte, beste behin, bi euskal presoen eskaerak. «Epe laburrera askatzeko aukera guziak baztertzeko borondate horrek justiziatik biziki urrun diren motibazioak erakusten ditu, [Frantziako] Estatuaren mendekuarenak», adierazi du Funosasek. «Frantziako estatuburuaren isiltasunak gatazkaren konponbide integrala ekarri behar duen Aieteko Konferentzian markaturiko ibilbide orria bukatzeko aukera guztiak ixten ditu». Eman beharreko pausoak zerrendatu ditu: preso eta erbesteratu guziak askatu eta etxeratzea, justizia trantsizionala ezartzea, biktima guziak onartzea «beren eskubideak bermatuko dituzten mekanismoak sortuz, inplikaturiko alderdi guzien arteko elkarrizketa plantan ezarriz eta gatazkaren iturriak identifikatuz».

Uztailaren 23rako hamar hitzordu ezarriko dituzte Bakegileen ekintzan parte hartuko dutenentzat. Aitzitik, iragarri dute herritar guziei informazioa bidaliko dietela, «aitzinetik antola daitezen eta egun horretan bideetan ibiltzea saihets dezaten», adierazi du Funosasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak