ETAren armagabetzeaz Eusko Jaurlaritzak egin zuen kontakizuna «faltsua eta interesatua» izan zen. Hala adierazi du bakegileetako batek, Jean Noel Etxeberri Txetx-ek, Baionan egin duen agerraldi batean. 2019ko urrian plazaratu zuten ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioadeituriko txostena. Bost urte berantago, kontakizun propioa egin dute bakegileek, 2017ko urtarrilaren eta apirilaren artean gertatu zenari buruz «egia» agerrarazteko. Jaurlaritzak orduan publikatu zuen dokumentuak «egia historikoari errespetu gutxi» diola adierazi dute. «Ez dugu ulertzen nola eta zergatik idatzi ahal izan duen puntu anitzetan errealitatearen kontrakoa den kontakizun hori, hain gai minbera bati buruz».
Ikusi gehiago
Bakegileen hitzetan, Jaurlaritzak ez zuen sekula haiengan «konfiantzarik» izan, eta ez zuten sekula sinetsi Frantziako agintariekin goi mailako elkarrizketak izaten ari zirenik; ez zuen bakegileen lana aitortu nahi izan. 2019ko balorazio txostenean, «izan ez zuen rol bat» aitortu zion gobernuak bere buruari, eta «gezur onartezinak» idatzi zituen bakegileen asmoei buruz. Bereziki mingarriak egin zitzaizkion Mixel Berhokoirigoin zenari. Etxeberrik eta biek agiria plazaratu zuten orduan, emandako bertsioarekin «guztiz kontra» zeudela jakinarazteko, eta iragarri zuten momentua heltzean emanen zutela bi aldeen arteko bilkuren berri.
Aurten iragan da Luhusoko (Lapurdi) operazioan parte hartu zuten bakegileen kontrako auzia, Parisen, eta lekuko gisa deklaratu dute armagabetze garaian karguan izan ziren Frantziako agintari batzuek. Beste batzuek prentsan egin dituzte adierazpenak. Denek aitortu dute bakegileen rola, eta agintariekin elkarlanean aritu zirela erran dute, bata bestearenganako «konfiantza harreman» batean. Horiek horrela, Etxeberrik eta Berhokoirigoinek 2019an publiko egiten ahal ez zituzten elementu batzuk atera dituzte orain argitara bakegileek, beren bertsioa emanez. Lazkaoko beneditarren fundazioan, Lapurdiko artxibategian, Gogora institutuan, Louis Joinet institutuko artxibategian eta Olaso Dorrea fundazioan artxibatu nahi dute dokumentua.
1
Frantziaren erabakia
Luhusoko operazioaz Jaurlaritzak egiten zuen analisia gaitzetsi dute lehenik bakegileek. 2019ko txostenaren arabera, «plan honen garapenak porrot egin zuen hasi aurretik». Bakegileek abiapuntu gisa aurkeztu izan dute, armagabetzearen gaia plazaratu eta Frantziako Gobernuarekin elkarrizketak abiatzea ahalbidetu baitzuen.
Ekinaldi haren ondotik izan ziren elkarrizketen ondorioz, 2017ko otsailaren 24an, Bruno Le Roux orduko Frantziako Barne ministroak mezua helarazi zien bakegileei Frederique Espagnac senatariaren bidez: «Frantziako Gobernuak armagabetzea egiten uztea erabaki zuen, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zion [otsailaren 20an Malagan (Espainia) izan zen Espainia-Frantzia goi bileran]; hark ontzat eman zuen, edo gutxienez onartu zuen», esplikatu dute bakegileek. Martxoaren 1eko bilkuran jakinarazi zioten hori Jaurlaritzari.
«Frantziako Gobernuak izan zuen rola bere buruari egozten dio [Jaurlaritzak], modu pixka bat patetikoan»
BAKEGILEAK
Jaurlaritzak bere txostenean dio martxoaren 12an elkartu zela Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuarekin, eta hark aditzera eman ziola Malagan Hollandek ez ziola gaiaz ezer erran. Jaurlaritzaren hitzetan, Urkulluk eman zizkion zehaztapenak Rajoyri, eta iradoki zion armagabetzea ez zezala oztopatu. Halaber, Frantziako Gobernuarekin eta bakegileekin armagabetzearen joko arauak eta legezkotasuna finkatzeko aukera aztertu zezala ere iradoki zion.
«Frantziako Gobernuak izan zuen rola bere buruari egozten dio [Jaurlaritzak], modu pixka bat patetikoan», aztertu dute bakegileek.
2
Elkarrizketak Parisekin
Jaurlaritzaren kontakizunean, 2017ko martxo hasieratik abiatu zituzten harremanak Frantziako Gobernuarekin, «bide diplomatiko» baten bitartez, eta iradokitzen dute eragina izan zutela apirilaren 8ko eguna antolatzeko negoziazioetan. Bakegileei leporatzen diete komunikazio bide hori «mespretxatu, gutxietsi eta erabiltzeari uko egin» izana.
Alta, bakegileek komunikatzeko bide zuzena zuten Parisekin, eta horrela adostu zuten apirilaren 8ko eguna. Hori baieztatu dute udaberri honetan Bernard Cazeneuve orduko Frantziako lehen ministroak, Mathias Fekl orduko Barne ministroak, Eric Morvan orduko Pirinio Atlantikoetako prefetak eta baita Samuel Vuelta Simon orduko Baionako prokuradoreak ere. Hori deklaratu zuten Morvanek eta Feklek bakegileen kontrako auzian, Parisen.
Apirilaren 8ko egunaren ondotik ere atxiki dute harremana bakegileek Frantziako Gobernuarekin. Izan ere, beste bi arma entrega ere egin zituzten, Parisek baimenduta eta erabateko kooperazioan. Presoen auzia konponbidean jartzeko elkarrizketak ere abiatu zituzten Parisen.
3
Iragarpena 'Le Monde'-n
Bakegileek Le Monde egunkarian iragarri zuten armagabetzea apirilaren 8an iraganen zela. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzak iragarpen hori oztopatu nahi izan zuen —Etxeberrirekin telefonoz izandako «solasaldi biziak» aipatzen dituzte—, eta gogor kritikatu zuen 2019ko txostenean ere.
Zehazki, Jaurlaritzak aitortu zuen ez zuela «lortu eragoztea armagabetzearen data hiru aste lehenagotik publiko egitea», ezta, «ondorioz, gehiegizko agerpen mediatikoa eta Artisauek aste haietan aurreikusita zeuzkaten ekitaldi publikoak saihestea» ere.
Alta, erabakigarria izan zen bakegileen ustez, Frantziako Gobernua bultzatu zuelako jarrera pasiboa utzi eta aktiboki kooperatzen hasteko. «Gauzak ahalbidetu eta azeleratu zituen: Cazeneuve lehen ministroaren argi berdea, operazioari buruzko lehen elkarrizketak Morvan prefetarekin, ehunka boluntarioren mobilizazioa...».
4
Armen suntsitzea
Luhusoko operazioan bakegileen asmoa «armen suntsipena eta garbiketa» egitea zela diote Jaurlaritzaren txostenean. «Gauzatu izan balitz, frogen suntsipen bezala interpretatu ahal izango zen, eta, ondorioz, delitu larriak leporatu ahal izango zizkieten», dio Jaurlaritzak. Hori erabat gezurtatu dute bakegileek. Operazioaren parte zen Michel Tubiana abokatua, eta hark eman zuen abisua; horregatik, armak «neutralizatzeko» materiala baizik ez zuten erabili.
Eztabaida semantikoa dela gaineratu du Etxeberrik, ETAk ez zuelako inolako aztarnarik utzia. «Jaurlaritzarik baizik ez digu asmo hori leporatzen. Parisko Zigor Auzitegiak ere ez zigun halako akusaziorik egin».
Apirilaren 8rako armak indargabetzearen ideia bera ere baztertu zuten, eta hala jakinarazi zioten Jaurlaritzari. Era berean, zortzi gunetan entregatu zituzten armak ez erakustea ere erabaki zuten, biktimak ez mintzeko.
5
Apirilaren 8ko eskema
Jaurlaritzaren hitzetan, Luhusokoaren gisa bereko operazioak behin eta berriz errepikatzea zen ETAren eta bakegileen asmoa armagabetzerako. Alta, bestelako mezu bat adierazi zuen Berhokoirigoinek Luhusokoaren ondoko atxiloalditik atera zenean: «Ezin dugu asteburu honetako operazioa zortzi aldiz egin dena bukatu arte; beste bide bat behar da».
Otsailaren 6an egin zuten lehen bileratik jakinarazi zioten hori Iñigo Urkullu buru zuen gobernuari: «Jaurlaritzak uste zuen prozesuak urte bat edo bi iraungo zuela, Luhusoko operazioak biderkatuko zirela. Erran genion zerbait masiboagoa eta denboran kontzentratuagoa egin gogo genuela». Martxoaren 1ean, uda aitzin eginen zutela erran zieten; martxoaren 12an, armagabetzea «egun bakarrean eta Frantziako presidentetzarako hauteskundeak aitzin» egiteko prestatu zuten gidoia aurkeztu zieten.
Bakegileek bilkura andana egin zituzten Euskal Herriko erakunde, alderdi, sindikatu eta mugimendu sozialekin. Elkarrizketa horietan jasotako elementuekin osatu zuten apirilaren 8ko eskema, azaldu dutenez.
6
Apirilaren 8ko «festa»
Jaurlaritzaren txostenean, bost aldiz idatzia da bakegileek hasieran festa giroko ekitaldi bat aurreikusia zutela, eta berak aldarazi ziela ideia. Hori erabat gezurtatu dute bakegileek. «Mobilizazio sozial duin bat aurreikusi genuen hasieratik, alde bakoitzeko biktimak eta sufrimenduak errespetatuko zituena». Hasieran, giza kate edo manifestazio isil bat egitea pentsatu zuten, baina, azkenean, ekitaldi «plural eta solemne» baten ideia nagusitu zen. «Akusazio larri hori osoki asmatua izan da».
7
Behatzaileen tokia
Behatzaileen tokiak sortu zuen eztabaida handiena Eusko Jaurlaritzaren eta bakegileen artean. Gobernuak ez zuen nahi armak entregatuko zituzten lekuetan herritarrak egon zitezen, eta azkeneraino insistitu zuen puntu horri buruz, bere txostenean azaltzen duenez. Honela aurkeztu zuen egunean bertan gertatutakoa: «Frantziako Polizia biltegietara hurbildu zen haien kontrola hartzera. Kokapen horietan talde txikiak zeuden operatiboa behatzen, distantzia batera eta Poliziaren kontrolpean. Zorionez, ez zen istilurik izan».
Deigarria da kontatzeko modua, bestelakoa izan baitzen errealitatea. Frantziako Polizia ETAren armak zeuden gordelekuetako batera iritsi zeneko bideoa erakutsi zuten martxo bukaeran Parisen: jarrera kooperatzaile eta lagunkoiarekin iritsi ziren behatzaileak zeuden lekura. Jendea agurtu, eta banan-banan denei eskua eman zien poliziaburuak.
8
Legezkotasuna
Armagabetzearen legezkotasunari garrantzi berezia ematen dio Jaurlaritzak 2019an idatzi zuen txostenean: aginte judizialari esan behar zitzaion non ziren armen gordelekuak, eta Poliziari ala Frantziako Gobernuari. Bakegileen hitzetan, Cazeneuve lehen ministroak jarri zuen azpimarra horri buruz Etxegarairekin eta Frederique Espagnac senatariarekin izan zituen elkarrizketetan, eta Morvan prefetak ere mezu bera helarazi zien. Berehala onartu zuten konfigurazio hori, eta dokumentua Baionako prokuradorearen esku uztea negoziatu zuten.
Haatik, Jaurlaritzak puntu garrantzitsu bat ez du aipatzen bakegileen hitzetan: arma batzuk etxebizitzetan zeuden. Ezinezkoa zen lokalizazio horiek Frantziako justiziari helaraztea atxiloketarik gertatu gabe. Ondorioz, arma horiek mugitzea ezinbestekoa zen. «Frantziako Gobernuak ontzat eman zuen azkenean, egiten utzi zuen, eta baita ko-antolatu ere», bakegileen hitzetan. ETArekin harremanetan jartzea «ez zen legala», eta apirilaren 8aren ondotik izan ziren bi entregak ere egiteko modua ere ez. «Baina beharrezkoa zen armagabetze osoa ahalbidetzeko».
Iritzi bera agertu izan dute Frantziako agintariek ere. Vuelta Simon prokuradorea: «Hortik pasatu behar bazen —beharrezkoa zen— hamarkadetako bortizkeriari amaiera emateko, balio zuen». Morvan prefeta: «Bada zuzenbidea, eta bada erronken aurrean zuzenbidea irakurtzeko inteligentzia. Pertsonen arteko konfiantzan oinarritzen da».
10
Aitortza 'bakegileei'
Armagabetzea iragan ondotik behin baino gehiagotan aitortu zuten bakegileen lana Frantziako agintariek egin zituzten adierazpenetan. Ram Manikkalingamek ere gutuna helarazi zien eskerrak emanez. Jaurlaritzak zailtasun gehiago izan du.
2017ko apirilaren 5ean, bilkura egin zuten Arkautin (Araba) «armagabetzearekin lotutako egoeraren eta berehalako urratsen analisia» egiteko. Hiru lehendakariak bildu ziren: Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Jean Rene Etxegarai, eta baita NEBeko presidentea ere. Bi egun beranduago eman zuten bilkura horren berri, eta hiru lehendakariek sinatutako agiria zabaldu zuten. Gatazka luzea eragin zuen esaldi bat zekarren: «Helburu hau lortze aldera gizartearen inplikazioa ere baloratu zuten». Jaurlaritzak ez zuen gizarte zibilaren aipamenik egin nahi; aipu hori gabe agiria sinatzeari uko egin zion Etxegaraik. Egun bat eta erdi iraun zuen indar harremanak.
Jaurlaritzaren txostenaren euskarazko bertsioan osorik ageri da agiria, baina gaztelerazkoan esaldi hori falta da. Jaurlaritzaren «zorroztasun historiko eskasa» erakusten du horrek bakegileen hitzetan.
11
Jaurlaritzarekiko harremana
Eusko Jaurlaritzak eta bakegileek hamar bilkura egin zituzten orotara, eta desadostasun anitz izan zituzten. Tentsio hori nabaria da Jaurlaritzaren txostenean. Jaurlaritzak dio NEBek eskatuta jo zutela bakegileek beregana; bakegileen hitzetan hasieratik lotu nahi izan zuten Jaurlaritza prozesura.
Bere ikuspegia inposatu nahi izatea leporatzen diote bakegileek Jaurlaritzari, eta bere garaian prentsari egindako hainbat filtrazioren gibelean egon litekeela ere iradokitzen du. «Irudipen mingarri bat izan dugu: Jaurlaritzak etengabe marra gorri eta baldintza berriak jartzen zituela, armagabetzearen bideragarritasuna bera eta galtzaile eta irabazlerik gabeko irudi bat eraikitzeko asmoz pentsatutako diseinua zalantzan jartzen zuten gauzak eskatzeraino».