'Bakegileek' egindako lana «eskertu eta babestu» dute sindikatu eta eragileek

Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle errugabetzeko eskatu dute, Parisen egingo den epaiketaren harira. Apirilaren 3an elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburu guztietan.

Mahaian, ezkerretik hasita, Mitxel Lakuntza, Agus Hernan, Begoña Atxa eta Igor Arroyo, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mahaian, ezkerretik hasita, Mitxel Lakuntza, Agus Hernan, Begoña Atxa eta Igor Arroyo, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 26a
13:40
Entzun

Foro Sozialeko kide izandako zenbait sindikatuk eta eragilek «eskertu» eta «babestu» egin dute bakegileek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana, datorren astean Parisen Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle bakegileen kontra egingo den epaiketaren harira, eta bi ekintzaileak errugabetzat jotzeko eskatu dute. Euskal Herriko zazpi hiriburuetan apirilaren 3an mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute, eta aurreratu dute Bilbokoa, Donostiakoa, Gasteizkoa eta Iruñekoa 12:00etan izango direla, tokian tokiko udaletxearen aurrean.

Agus Hernan Foro Sozialeko eledun ohi eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta Sare Herritarreko ordezkari Begoña Atxak aurkeztu dute agerraldia, eta ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo mintzatu dira eragileen izenean. ELAz eta LABez gain, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek parte hartu dute ekitaldian, eta Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Bakea eta Duintasuna, Gernika Batzordea, Sare eta beste zenbait elkarteren ordezkariak ere han izan dira.

Hernanek eta Atxak esan dutenez, Hego Euskal Herrian ere «ikusarazi» nahi izan dute martxoaren 16an Luhuson (Lapurdi) egindako agerraldiaren mezua: «Armagabetzearen auzian euskal jendartearen inplikazioa beharrezkoa izan zen, eta hala da gatazka armatuaren konponbiderako beharrezkoak diren gainerako eginbideetan ere». Gogorarazi dute biktima guztien aitortzan, memoria eta egiarako eskubidean eta presoen gizarteratzean oraindik badaudela eman beharreko pausoak, eta, adibidez, euskal presoei oraindik «salbuespenezko legeria» aplikatzen zaiela.

Zentzurik gabeko epaiketa

Lakuntzak esan du Etxeberriren eta Molleren kontrako epaiketa «zentzurik gabekoa» dela, eta haientzako absoluzioa eskatu du: «Akusazioa da ETArekin zerikusia duten armak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea, baina errealitatea guztiz bestelakoa da: Frantziako eta Espainiako estatuek armagabetze ordenatu eta segurua blokeatzen zuten bitartean, haiek pauso bat aurrera eman eta beren gain hartu zuten armagabetzea».

Lakuntzaren ustez, «garrantzi politiko eta sozial handiko ekinbidea» izan zen ETAren armategia desegiten hastea, eta lagundu zuen prozesua «azkartzen» eta «aukera berriak zabaltzen». Horregatik, eskerrak eman dizkie «bakearen eta bizikidetzaren aldeko hautua egiteagatik» epaituak izango diren bi ekintzaileei, eta baita operazio hartan atxilotuak izan eta geroztik zendu diren beste hiru bakegileei ere:Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan eta Michel Tubiana.

Arroyok, berriz, esan du Euskal Herrian bakea lortzeko prozesua «ezohikoa» izan zela: «Bi estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek, prozesua erraztu ordez, oztopoak jarri zizkioten; eta euskal eragileak eta jendartea izan ziren aurrerapausoak eragin zituztenak». Arroyoren iritziz, oraindik ere eskema hori errepikatzen da beste zenbait arlotan: adibidez, biktima guztien aitortzan, «Espainiako estatuaren aldetik ez baitugu ikusi eragindako mina aitortzeko urratsik», eta presoen auzian, «oraindik ere zigorrak luzatzea beste helbururik ez duen salbuespenezko legeria aplikatzen baitzaie».

Parisko epaiketa ere «bakea eraikitzeko prozesuari jarritako oztopoen adibidetzat» jo du Arroyok, eta bi bakegileen absoluzioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.