Bakegileak. Epaiketa

Bakegileek desobedientzia ekintza justifikatu dute Akizeko auzitegian

Prokuradoreak ontzat eman ditu gatazkaren konponbidean izandako urratsak, eta «sentsibilizazio eta pedagogia» ekintza gisa aurkeztu du Bakegileena; 1.500 euroko isuna eskatu du, gibelapenarekin

Anaiz Funosas Bakegilea, auzipetuak inguruan dituela. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Akize
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Nahi genuen auzia izan dugu; Frantziako Estatua jarri dugu auzitan». Hitz horiek izan zituen Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak atzo arratsaldean, Akizeko Auzitegiaren aitzinean (Okzitania). Bederatzi Bakegile epaitu zituzten, joan den uztailaren 23ko blokeatze egunean Akize eta Baiona arteko trenbidea moztea leporatuta. Ehunka herritarrek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten egun hartan, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatzeko, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko. Epaitegiaren aitzinean, ekintzaren zilegitasuna justifikatu zuten Bakegileek, eta «premiazko egoerak» bultzatua izan zela alegatu zuten abokatuek. Anne Kayanakis prokuradoreak ere ontzat eman zituen azken urteetan gatazkaren ondorioen konponbidean egin diren urratsak. «Sentsibilizazio eta pedagogia» ekintza gisa aurkeztu zuen Bakegileena; lapurretaren akusazioa baztertu egin zuen. 1.500 euroko isuna eskatu zuen ekintzaile bakoitzarentzat, gibelapenarekin. Epaileak urtarrilaren 26an jakinaraziko du erabakia.

Ikusi gehiago:Anita Lopepe, auzipetua: «Blokeatze egunean ez zen dena jokatu, baina inflexio puntu bat izan zen»

Berrehun bat pertsona bildu ziren Akizen auzipetuei babesa erakusteko, Bakea Euskal Herrian. Bederatziak errugabetu zioen pankarta batekin. Euskal Herriko gatazka eta berau konpontzeko azken urteetako prozesua izan ziren aipagai nagusi auzitegian. «Betidanik ezagutu dut gatazka nire herrian», kontatu zuen Alice Leizagezahar auzipetuak. Aietetik ETAren desegiterainoko urrats guziak azaldu zituzten auzi saioan, bai auzipetuek, bai lekukoek eta baita defentsako abokatuek ere. «Gatazka armatuak Euskal Herria urratu du», adierazi zuen lekuko gisa deklaratzera deitu zuten Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Euskal gatazkaren «egunerokotasuna» aipatu zuen Herve Espiet abokatuak, «ekintza-errepresio etengabeko zirkulu zikoitza».

Espietek esan zuen gaur egun bi gai nagusi daudela konpontzeko: presoena eta biktimena. «Biktimen minaz kontziente gara, baina nahiko genuke min guziak aitortuak izatea», adierazi zuen Panpi Sainte-Marie auzipetuak. Esnalek eta Parotek presondegian pasatako 32 urteak azpimarratu zituen: «Ordaindu dute, garesti ordaindu ere».

Azken urteetan Frantziako eta Espainiako estatuek izandako «isiltasuna» deitoratu zuen Etxegaraik.«Baldintzapeko askatasunen erabakiak lehenago hartuak izan balira, ez zen uztailaren 23ko ekintzarik izanen». Blokeatze egunaren zilegitasuna defendatu zuen, behin eta berriz: «Ez banintz Baionako auzapez, haien artean izanen nintzen; beharbada trenbidera lotua».

Espietek oroitarazi zuen Frantziako Estatuan justizia ez dela «independentea», gobernuak finkatzen duela politika penala, eta hori jarraitzen duela fiskaltzak. Herritarren presio politikoa beharrezkoa zela erakutsi zuen lekuko gisa deklaratu zuen Jean Daniel Elixiri Bakegileak: «Terrorismoaren kontrako fiskaltzak sistematikoki dei egiten zuen baldintzapeko askatasun eskaeretan. Orain arte, bigarren instantzian fiskaltzaren eskaerak segitzen zituzten. Gure ekintzaren ondotik aldaketa gertatu da. Beraz, balio izan du».

Bestalde, Anne-Marie Mendiburu abokatuak «premiazko egoera» alegatu zuen, Frantziako jurisprudentzian bermatuta. Haren hitzetan, fiskaltzaren jarrera ez zen justizia irizpide batzuek gidatua: «Printzipiozko jarrera bat zuten; bi preso horiek ezin zuten baldintzapeko askatasunik eskuratu». Erran zuen herritarren ekintzarik izan ez balitz Esnal eta Parot «heriotza zigorrera kondenatuak» zirela.

Lurralde mailako antolaketa

Uztailaren 23ko eguna antolatzeko izan zuten prestaketa lana aipatu zuen Elixirik. Ipar Euskal Herriko egitura gehienak deitu zituzten jakinean emateko eta eguna elkarrekin antolatzeko. Osasun arlokoak, ekonomia arlokoak... «SNCF tren konpainia ere bai, baina ez zigun erantzun». Arantxa Ihidoi abokatuak erran zuen Bakegileek Akitania eskualdeko zuzendariari idatzi ziotela. «Beste egitura batzuek bezala kudea zezakeen».

Daniel Olzomendi Euskal Hirigune Elkargoko turismorako lehendakariordeak esplikatu zuen zerbitzu publikoak egokitu zituztela blokeatze egunerako: hondakinen bilketaren ordutegiak aldatu zituzten, igerilekuak eta mediatekak itxi. Elkargoaren kanal ofizialetatik komunikatu zuten horri buruz. «Pentsa genezake eragin negatiboa izan zuela turismoan. Ez da hala. Lan handia egin zen herritarrei eta zerbitzu hornitzaileei begira». Bortizkeriarik gabeko koadroa errespetatua izan zela erran zuen Elixirik. «Blokeatzeez gain, ez zen desordenik izan».

Karakterizazio falta

SNCF tren konpainiako abokatuak ez zien galdera bakar bat ere egin auzipetuei. Azken orduko gonbidatua izan zen Akizeko epaiketan, tren konpainiak bezperan jakinarazi baitzuen parte zibil gisa jarriko zela. «Auzi politikoaz gain, uztailaren 23an izan genituen eragozpenak interesatzen zaizkigu. Guri ez dagokigu auzi politikoaz erantzutea», adierazi zuen abokatuak. Jasandako kalteak «erreparatzea» nahi du; zehazki, 159.000 euroko kalte ordaina. Besteak beste, bezeroei itzuli behar izan dieten dirua aipatu zuen. Alde hori berantago epaitzeko eskatu zuen, zibiletik.

Umore puntu batekin erantzun zuen Espietek, SNCFko trenek izan ohi dituzten «berantei» erreparatuta. Irmoago jo zuen Christophe Deprez abokatuak. Egun hartan SNCFk izandako eragozpenak ekintzarekin lotuak direla ukatu zuen. «Lotura frogatu behar da». Ekintzak ordubete eskas iraun zuela erran zuen, eta, aitzinetik abisatua izanik, tren konpainia «gai» izan beharko zela hori kudeatzeko.

Trenbidera baimenik gabe sartu zirela ere ukatu zuen Deprezek. «Inork ikusi du seinalerik sarrera debekatua zela erranez?», galdetu zuen. Ke poteen lapurreta ukatu, eta erran zuen arriskuak murrizteko balio izan zutela. Haren iritziz, aukera bakarra du epaileak: auzipetuak errugabetzat jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.