‘Bakegileak’ eta Paris lankidetzan aritu zirela kontatu dute Feklek eta Morvanek

Luhusoko operazioaren ondotik izandako elkarrizketak baieztatu, eta Frantziako aginteek «bermeak» eman zituztela erran dute Parisko Zigor Auzitegian. Prokuradorea eta abokatuak mintzatuko dira gaur.

Molle eta Etxeberri, haiei babesa eman dieten eragile eta politikariekin, epaiketa hasi aurretik. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Molle eta Etxeberri, haiei babesa eman dieten eragileekin, epaiketa hasi aurretik. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2024ko apirilaren 3a
05:10
Entzun

ETAren armagabetzea bideratzeko aginte publikoaren eta Bakegileen arteko «kooperazioa» izan zela baieztatu du Matthias Fekl orduko Frantziako Barne ministroak Parisko Zigor Auzitegian. Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefet ohiaren hitzetan «ebidentzia bat» izan zen. Luhusoko operazioan parte hartu zutenak «bakegile» gisa izendatu ditu, eta apirilaren 8koa prestatzeko haiekin izandako elkarrizketen berri eman du. «Inork ez zuen deus idatzi», baina Frantziako autoritateen bermeekin egin zela baieztatu du. «Apirilaren 8an, denek espero genuen modura iragan ziren gauzak».

Atzo abiatu zen Bakegileen auzia, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan. Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle epaitzen ari dira, 2016ko Luhusoko operazioan parte hartzeagatik; ETAren armak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea leporatzen diete. Auzipetuak galdekatu eta lekukoak entzuteko tartea hartu zuen epaimahaiak atzo arratsaldean. Prokuradorearen errekisizioak eta defentsako abokatuen alegatuak izanen dira gaur. 

Sei lekuko deitu ditu Luhusoko auzira bakegileen defentsak: gatazkaren konponbide prozesuei buruz mintzatu zen Jean Pierre Massias Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko zuzenbide publikoko irakaslea, eta Euskal Herrian izandako saiakera ezberdinak kontatu zituen. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak 2011ko Aieteko Nazioarteko konferentziaren ondotik abiatutako bidea aipatu zuen: «Espainiako eta Frantziako Estatuen parte hartzea ezinbestekoa zen. Armagabetzea eta desegitea eskatzen zituzten, baina ez dute sekula lagundu». Gatazkaren bilakaera eta armagabetze prozesua kontatu zituzten Sylvianne Allaux PSko diputatu ohiak eta Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak ere. 

Baina Morvanen eta Feklen adierazpenek piztu zuten arreta gehien. Euskal gatazkari lotutako auzi anitz iragan dira Parisen, baina gutxitan hartu du hitza Frantziako Barne ministro izandako batek auzipetuen defentsan. 2017ko apirilaren 21ean hartu zuen kargua Feklek, eta jardunean zegoen apirilaren 8ko armagabetze egunean. Orduko egoera politikoa aipatu zuen: presidentetzarako hauteskunde kanpaina abiatua zen, atentatu arrisku handia zegoen. «Testuinguru horretan gertatu zen ETAren armagabetzea». 

Orduko Frantziako presidentearen eta lehen ministroaren agindupean jardun zuela eta bakegileekin «lankidetza hertsia» izan zela erran zuen. «Frantziako Legeak ez du baimentzen halako armagabetze prozesu bat aitzina eraman ahal izatea. Baina bi aldeen borondatearekin, eta autoritateen erabakiz, neurri handiko operazio hori gauzatu ahal izan zen, inori kalterik eragin gabe».

Armagabetzea baimentzeko erabakiaz galdetu zion prokuradoreak, zergatik ez zen lehenago iritsi. Ministroak esplikatu zuen indarkeria egoeretan «erabaki bat» behar dela, eta hori momentu batean ala bestean gertatzen dela; garai hartan, jarreraz aldatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. «Aginte judiziala errespetatzen dut. Nire lekukotasuna ematera etorri naiz, ene arima eta kontzientzian, eta ez nintzen etorriko bi auzipetuak helburu terrorista baten konplize direla pentsatuko banu». Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu duten nazioarteko pertsona ezagunen artean da Fekl.

Konfiantza harremana

Luhusokoa gertatu zenean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeta zen Morvan, baina aitzitik Bernard Cazeneuve orduko lehen ministroaren kabinete buruorde izan zen Barne Ministerioan —elkarrekin kudeatu zituzten 2015eko Parisko atentatuak—. Harreman hori funtsezkoa izan zen. Horrez gain, garai hartan Akitania Berriko eskualdeko prefeta zena, Baionako suprefeta izana zen lehenago, eta Euskal Herriaren ezagutza zuen. Nolazpait «planeten lerrokatzea» gertatu zela erran zuen.

Ibilbide pertsonala ere aipatu zuen Morvanek; Cortiko (Korsika) suprefeta izan zen garaia. Erignac prefetaren hilketa gertatu ondotik hartu zuen kargua. «Arnasa hartu ezin bat zegoen. Goiz batean, niri eta nire familiari tiro egin ziguten metrailetarekin. [...] Sentitzen dut istorio hau kontatu izana, baina garrantzia izan zuen Etxeberrik niregana jo zuenean». 

Bakegileekin, Mixel Berhokoirigoinekin eta Etxeberrirekin sortu zuen «konfiantzazko harremana» nabarmendu zuen. Martxoan elkartu ziren Etxeberri eta biak, eta bilkura bat baino gehiago egin zituzten. «Kezka bat zuten, obsesio bat; entrega gertatzean armak eskura zituzten pertsona horiek arazorik ez izatea». Cazeneuve ministroari jakinarazi zion, eta galdetu zion aitzina jarraitu zezakeen; «baikorki erantzun zidan». Baina baldintza bat eman zion: fiskaltza, eta autoritate judiziala jakinean izan behar zirela.

Morvanek kontatu zuen Samuel Vuelta Simon orduko prokuradorearengana jo zuela, eta hura Parisko fiskaltzarekin harremanean jarri zela; François Molinsekin zehazki. Horrela argitu zituzten Bakegileen eskaerak, hala nola atxiloketarekin ez gertatzea. «Nire gaitasunetatik harago zihoan. Baina fiskaltzak ontzat eman zuen bermeak ematea». Bazen beste eskaera bat: prentsa presente egotea armagabetzean. «Fiskaltzak ez zuen ontzat eman». 

Orduan izandako elkarrizketa haiei buruz ez dago ezer idatzirik; dena ahoz egin zen, batak besteari iradokiz. Baina Jean François Blanco defentsako abokatuaren galderei erantzunez, Morvanek baieztatu zuen armagabetzea «ez [zela] posible izanen» Frantziako aginteen baimenik gabe. «Hau guzia fede oneko jende arduratsuaren arteko elkarrizketak dira; bukaera bat emateko, ahalik eta segurtasun gehienarekin».

ETA «ez-operatiboa»

Luhusokoa gertatu zenean, aurretik abisua jasoa zuen Morvanek DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko Poliziarengandik, baina biziki «informazio sintetikoa» izan zuen: «Gehiago jakin nuen prentsatik». «2017a ginen, eta garai hartan, beste prefet guzientzat bezala, nire kezka nagusia ez zen ETA —nahiz eta ETA oraindik bazen—. Terrorismo islamista zen gure kezka». Frantziako Poliziak Espainiakoarekin koordinazioan «lanean» segitzen zuela erran zuen; erakundeari «kolpeak» ematen segitzen zutela. «ETAren gaia apalagoa zen, baina hor zen oraindik».

Hala ere, Morvanek zehaztu zuen garai hartan ETA ez zela «operatiboa». Baina, «izan zitezkeen soldadu galduak, disidentziak». Aipatu zuen kezka bazutela entregatutako armak arma sorta «osoa» izatea. «Pentsatzen genuen arma gordeleku batzuk galduak izan zitezkeela». Apirilaren 8ko eguna hurbildu ahala jakin zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduan gertatuko zela armagabetzea. Etxeberrik kontatu izan duen modura, apirilaren 8aren ondotik beste bi entrega ere izan zirela baieztatu zuen, xehetasunik eman gabe. Gertatu zirenean, Parisera joana zen, Frantziako Polizia Nazionalaren zuzendaritza hartzera.

Armagabetzea beste modu batera ere egin zitekeela erran zuen, «Poliziaren indarraren» bidez. «Seguruenik desordenatuago eta problema gehiagorekin gertatuko zen», nabarmendu zuen. «Apirilaren 8ko gauean, argi nuen denak lasaituak geundela». Patrick Baudouin abokatuak galdetu zion zer zen beretzat lehentasuna: arma guziak itzuliak izatea, baketzean urratsak egitea. «Niretzat ebidentzia bat zen. Ez dut beste terminorik».

Babesa 'bakegileei'

Babes zabala jaso dute bi auzipetuek. Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagun andana elkartu ziren atzo Parisko Auzitegi aitzinean, tartean alderdi guzietako Frantziako diputatuak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.