Orain arte, Urederraren urdin berdexka ikusi nahi zuena Bakedanotik pasatzen zen normalean (Ameskoabarrena, Nafarroa). Izen ofiziala gaztelerazko grafiarekin zuen herribatzarrak: Baquedano. Aurrerantzean, berriz, euskarazko izena berreskuratuko du lekuak: Bakedao.
Hala onartu du gaur Nafarroako Gobernuak. Erabakitakoaren arabera, Bakedaoren izen ofiziala Baquedano/Bakedao izango da. Antzekoa gertatuko da Txulapain ibar eta udalerriarekin (Nafarroa). Hark Juslapeña/Txulapain izango du izendapen ofizial.
Bi lekuetako batzarrek eskatu zuten izen ofiziala moldatzeko, eta tokian tokiko udalek erabakia onartu ostean.
Urriaren 11n erabaki zuen Bakedaoko batzarrak izena moldatzea, eta azaroaren 26an aurkeztu zuten eskaera. Euskarabidea Nafarroako euskararen erakundeak oniritzia eman zion abenduaren 2an.
Txulapaingo Udalak, berriz, urriaren 11n onartu zuen aldaketa eskatzea, eta Euskarabideak oniritzia eman zion abenduaren 17an.
Azken hilabeteotan hainbat egitasmo egin dituzte Nafarroan euskarazko toponimia berreskuratzeko. Maiatzean, esaterako, kale izen guztiak aldatu zituzten, euskaraz zein gazteleraz jartzeko, ordura arte erdara hutsean zeudelako. Ez zuten, edonola ere, izenik aldatu.
PSNk du alkatetza Sartagudan, eta Nafarroa Aurrera elkartearen eskaerari erantzunez hartu zuen erabakia. 2020an proposatu zuen elkarteak plakak aldatzea. Izurriak atzeratu zuen egitasmoa.
Neurria «euskara normaltzeko» urratsa izateaz gain «herria edertzeko» ere badela esan zuen udalak. Errigora egitasmoaren eta Euskarabidearen diru laguntzarekin egingo zuten aldaketa.
Errigora egitasmoak Nafarroako Erriberako produktuak banatzen ditu Euskal Herri osoan, eta, horren bidez lorturiko diruarekin, ingurune hartan euskara bultzatzeko ekinbideak gauzatzen dituzte. 2020ko urrian iragarri zuten lagunduko zutela Sartagudako hizkuntza paisaia euskalduntzen. «Kale izenen plakak, norabide seinaleak, errotulazioak... euskaldunduko dira».