Bota die Baketik-ek erronka Iñaki Gabilondo eta Mariano Ferrer kazetariei: etika eta politika krisiaren aurrean eta bakearen aurrean. Eta heldu diote erronkari, nork bere erara. Ikasturte berria hasi du Baketik-ek bi kazetarien solasaldiarekin. Tesi batekin joan da Gabilondo Donostiara, Miramar jauregira, eta hari heldu dio solasaldian barrena. Haren ustez, euskal gizartea zatituta dago, «gaixo dago», eta egin beharrekoa honako hau da: bizikidetzaren oinarriak ezarriko dituen lege bat adostea. «Bakea legea izango da». Uste du hori abiapuntua dela beste guztiaz jardun ahal izateko gero. Ferrerrek hari mutur gehiago atera dizkio tesi horri. Ez da bat etorri euskal gizartea gaixo dagoelako tesiarekin. Batzuek bake bat eta bakarra defenditzen dutela uste du, eta gaia bere konplexutasunean aztertu behar dela. Adostasuna beharko litzatekeela uste du, «baina kontua ez da nora joan nahi dugun, baizik eta nora joan gaitezkeen. Izan ere, toki batzuetara ezin gara elkarrekin joan, mugak daudelako». Eta zoru etikoaren afera jarri du mahai gainean: «Batzuek uste dute helburua izan behar duela terrorismoari prestigioa kentzea. Besteek diote: eta beste indarkeriei ere bai. Ze arazo dago hor? Lehenengoek gainetik jarri nahi dute, eta adierazi nahi dutebenetan txarra izan den bakarra ETA izan dela».
Herrira-ren kontrako polizia operazioa ere hartu dute hizpide. Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegitik Parot doktrinari buruz iristear den epaiarekin lotu dute biek operazioa. Uste dute Estrasburgok baliogabe joko duela doktrina. Ferrerren iritziz, operazioarekin «ETA badelako irudia» erakutsi nahi izan dio Madrilek Europari. Eta ezker abertzaleari ohartarazi estatua zein jarreratan dagoen.
Gabilondoren arabera, Espainiako Gobernuak gaia kudeatzen asmatu beharko du: «ETAko 54 preso aske utzi beharko ditu». Eta ezker abertzaleari ere dei egin dio epaiaren ondorena «aldarte lasaiarekin kudeatzeko, bake prozesuan ekarpena egin ahal izateko». Ferrerrek honako hau gehitu du: «Ikusi beharko da zer egiten duten ezker abertzalea eta ETA ez direnek ere; oraingoz trantzea igaro besterik ez dute egin».
Bakeaz, doinu librean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu