«Bakearen aldeko oihua» egingo dute Gernikan, bonbardaketen 88. urtemugan

Miguel Angel Moratinos NBEren goi mandatariak kritikatu egin du erakundeek eraiki duten gerraren aldeko diskurtsoa, baita beste aukerarik ez dagoelako ideia zabaldu izana ere. Bakea eraikitzeaz arituko dira gaurko eta biharko mahai inguruetan, Gernikan.

Gernikan bakearen eraikuntzari buruz jardun dute aste honetan, ikuspegi feministatik. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernikan bakearen eraikuntzari buruz jardun dute aste honetako mahai inguru batean, ikuspegi feministatik abiatuz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko apirilaren 25a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gernikako bonbardaketaren 88. urtemuga betetzear den honetan, gerra hotsak sumatzen dira han eta hemen, eta hargatik, «bakearen aldeko oihua» egingo dute antolatu dituzten ekinaldietan. Bihar beteko dira 88 urte sarraskia gertatu zenetik. Nazio Batuen Erakundeak eta Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi mandatariak esan duenez, «bakearen aldeko kontzientzia kolektiboa eraiki behar da, eta ezin dugu militarizazioaren goraldia besterik gabe onartu, beste erantzun posiblerik ez balego bezala». Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC), Gernika-Lumoko Udalak eta Religions for Peacek (RfP) antolatu dituzte ekinaldiok.

Moratinosek kritikatu egin du erakundeek eraiki duten gerraren aldeko diskurtsoa: «Zergatik hitz egiten dugu gerraren aldeko kit-ez eta ez bakearen aldekoez?». Europako Batzordeak gatazka armatuetarako proposaturiko kit haiei egin die erreferentzia.

«Ez da aski oroitzea. Ekiteko garaia da. Gernikak etsipenari aurre egiteko itsasargi moral bat izan behar du»MIGUEL ANGEL MORATINOS

 NBEko Zibilizazioen Aliantzarako goi mandataria

Ukraina, Palestina eta gerran dauden beste herrialde batzuk gogoan hartuta igorri nahi izan du mezua Moratinosek: «Ez da aski oroitzea. Ekiteko garaia da. Gernikak etsipenari aurre egiteko itsasargi moral bat izan behar du». Mezu horren bidez, memoria aktiboaren aldeko deia egin du, eta memoria etorkizunerako tresna gisa hartzeko eskatu.

Bakearen eraikuntzaz

Badira aste batzuk hainbat ekinaldi eta mahai inguru egiten ari direla bonbardaketaren urtemugaren harira. Gaur beste hainbat mahai inguru eta ekinaldi izango dira. Goizean, hala buruzagi eta eragile erlijiosoek nola gizarte zibilekoek egin dituzte mahai inguruak. Bakea hizpide hartu dute, halaber, mahai inguru honetan: Emakumeak lehen lerroan: bakearen sustapenean falta den pieza inklusioaren bidez. Arratsaldean, berriz, gazteen ahotsa entzungo da. Bakearen aldeko ahots gazteak: aldaketaren agente izango den belaunaldia ahalduntzen. Horren ostean, Why War (Zergatik gerra) izeneko filma emango dute.

Bihar, bestalde, auzi medikuek nazioarteko justiziaren defentsan eta desagerpen behartuak oroitzearen alde egindako lana sarituko dute, Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko 2025eko Gernikako Sarien bidez. NBEko idazkari nagusi ohi Antonio Guterres ere omenduko dute.

Jardunaldi bat ere izango da, Bakearen aldeko oihu bat gerrak amai daitezen eta nazioarteko legea errespeta dadin izenburupean. Mahai inguru horretan parte hartuko du, besteak beste, Moratinosek ez ezik, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburuak; Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justiziako, Giza Eskubideetako eta Memoria Demokratikorako sailburuak; Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak; Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak, eta nazioarteko beste hainbat ordezkari erlijiosok eta kirolarik ere.

Goizeko saio horren ostean, bonbardaketaren ikur diren sirena hotsak entzungo dira 15:50ean. Gero, hilerrian, lore eskaintza egingo dute biktimen alde. Iluntzean, Gernika garretan izeneko kale antzerkia antzeztuko dute, eta kandelekin martxa bat egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.