Bakearen aldeko «nazioarteko lobby bat» osatzera deitu dute Gernikan

Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak nabarmendu du bakea ez dela utopia bat, eta haren aldeko «presio talde bat» sortzeko beharra azpimarratu du, 'Bakearen aldeko oihua' egitasmoaren aurkezpenean.

Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria, Gernikan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria, Gernikan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Gernika
2025eko apirilaren 26a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 26a egun berezia da Gernikan (Bizkaia). Bonbardaketaren urteurrenean, memoriak bai herritarrak eta bai kaleak irensten ditu. Bazkalostean jotzen du goia saminak, sirena hotsek 1937ko zaparrada hilgarria gogoratzen dutenean eta gernikar guztiak kalera irten eta isiltasunari eusten diotenean. Isiltasuna errespetuzkoa da, baina Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak uste du hori ez dela nahikoa, eta «bakearen aldeko oihu bat» ere behar dela.

Baina zer oihu? Gernikan aurkeztu du Bakearen aldeko oihua egitasmoa. Zibilizazioen Aliantzako kide eta Erlijioak Bakearen Alde erakundeko idazkari nagusi Francis Kuriak azaldu du zer asmo duten: «Bakearen aldeko lobby bat baino gehiago izan behar du: bakearen aldeko presio talde bat sortu nahi dugu». Halaber, argitu du ez dela egun bateko kontua, luzera begirako asmoa baizik. «Hau ez da egun bakarreko ekitaldi bat: mugimendu bat gara», zehaztu du.

«Bakearen aldeko presio talde bat sortu nahi dugu. Hau ez da egun bateko ekitaldi bat: mugimendu bat gara»

FRANCIS KUNA Erlijioak Bakearen Alde erakundeko idazkari nagusia

Haren aurretik mintzatu da Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria, eta egitasmoaren muina aletu du: «Oihu egin behar dugu munduari jakinarazteko bakea ez dela utopia bat». Nabarmendu du hainbatetan bakearen aldeko diskurtsoa inozentetzat hartzen dela eta uste hori desegin behar dela. Era berean, iragarri du XXI. mendeak «bakearen mendea» izan behar duela, «gatazka armatuak amaituko diren garai historikoa».

Aurreratu du aurki plazaratuko dutela mugimendua hezurmamituko duen dekalogoa, eta mundu osoko erakundeak gonbidatu ditu parte hartzera. Halaber, azaldu du asmoa duela gerran dauden edo gerran izan diren munduko hainbat herrialdetara joateko, eta mugimenduaren hurrengo egitasmoa Sarajevon izango dela. 

Gerraren lobbyaren aurka

Hizlari ugariko ekitaldia izan da Gernikakoa. Jose Luis Zapatero Espainiako presidente ohia agertzekoa zen, baina, gripeak jota, ezin izan da bertaratu. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak duela 88 urteko tragedia izan du gogoan, eta nabarmendu du  Euskal Herrian ahalegin handiak egin direla bakearen kultura zabaltzeko, eta uztargarriak direla oroimenarekin.

(ID_14901201) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-04-26, Gernika. Gernikako bonbardaketaren urteurrena
Gernika sarien banaketan eta Zibilizazioen Aliantzaren ekitaldian izan diren gonbidatuetako batzuk, Jai Alai pilotalekuan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Erlijioak Bakearen Alde da egitasmoaren beste bultzatzailea handia, eta haren izenean mintzatu da Roman Walczak Espainiako Nuntziatura Apostolikoko arduraduna. Nabarmendu du erlijioak ezin direla izan gerrarako aitzakia, eta inork ezin duela bere burua «benetako fededuntzat jo» beste baten bizitza amaitzeko gai bada.

«Oihu egin behar dugu munduan zabaltzeko bakea ez dela utopia bat. XXI. mendeak bakearen mendea izan behar du, gatazka armatuak amaituko diren garai historikoa»

MIGUEL ANGEL MORATINOS Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria

Txalo gehien jaso duen hizlaria Marti Olivella bakearen aldeko aktibista kataluniarra izan da. «Gerraren negozioa» amaitu behar dela adierazi du, eta hura sostengatzen duten gobernuen aurka bozkatzera deitu. Halaber, galdetu du ea non dagoen soldaduskaren eta Irakeko gerraren aurka altxatu zen gizartea, eta bakearen aldeko lobby horren gihar izatera deitu ditu.

Hitza hartzen azkena Jeffrey Sachs ekonomialari eta Columbiako Unibertsitateko (AEB) irakaslea izan da. Politikaren aldeko deia egin du, eta nabarmendu hura dela gerrak amaiarazteko biderik onena. Arreta berezia jarri du Gazako sarraskian, eta adierazi du gerra geldiarazteko modu bakarra «Palestinako nazioa erabat aitortzea» dela, eta bide horretan AEBak direla oztopo nagusia: «AEBek nahiko balute, gatazka egun bakarrean amaituko litzateke. Nahikoa litzateke Palestinaren nazioarteko aitortzari jarri dion betoa bertan behera uztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.