Giza Eskubideen Ligari lotuta egin zuen bidea Michel Tubianak (Aljer, 1952): idazkari nagusi eta lehendakari izan zen. Ofizioz abokatua zen, eta Euskal Herriko gatazkaren konponbidean funtsezko rola izan zuen. Bakegileen mugimenduan parte hartu zuen, eta Luhusoko (Lapurdi) armagabetzearen prozesuan ere inplikatu zen. BERRIAri kontatu zionez, hura ere Luhusoko etxean egotekoa zen 2016ko abenduaren 16an, baina ez zen iritsi, eta ez zuten atxilo hartu. Giza Eskubideen Ligak eman zuen haren heriotzaren berri, atzo. «Militante nekaezin» gisara oroitu dute, eta munduan zehar giza eskubideen alde egin duen lana goraipatu dute.
Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek ere berehala omendu dute Tubiana. Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak honela adierazi du, sare sozialetan: «Zure ekarpenaren neurrikoa da gure samina, handia! Euskal Herriak artisau bat galdu du, lagun bat». Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere honela oroitu du: «Michel Tubiana desagertzea galera handia da giza eskubideen aldeko ekintzaileentzat. Kausa humanitario handien defendatzaile nekaezina; bake prozesuan, Euskal Herriarentzako hutsik gabeko laguntzailea izan zen».
Bestalde, Bake Bideak ohar baten bidez doluminak helarazi dizkie Tubianaren hurbilekoei. Gogoratu dute Euskal Herriko bake prozesuan bidelagun izan dutela Tubiana. «Azken hamarkada honetako gertakari garrantzitsu guztien partaide izan da, Aieteko konferentziatik: armagabetzea, ETAren desegitea, baina [Frantziako] Ministerioarekin elkarrizketak izaten dituen Euskal Herriko delegazioko kidea ere izan da. Pertsonalki parte hartu zuen Luhusoko ekintzan, adibidez, eta ekintza hark armagabetzea desblokeatzeko aukera eman zuen, eta, azkenean, borroka armatuaren bukaera ekarri zuen Euskal Herrian. Geroztik, Bake Bidearekin eta Bakegileekin lan egiten zuen, euskal preso politikoen arazoa konpontzeko eta bake prozesua indartzeko. Agurtu eta omendu nahi dugu Euskal Herrian ekarpen historikoa egin duen gizona».
Josu Urrutikoetxearen epaiketen harira ere hitza hartu zuen Tubianak. «Gatazkaren eta haren ondorioen konponbideari ekarpena eginez izan duen indar morala ere kontuan hartu behar da», adierazi zuen orduan.
Michel Tubiana
Bakearen alde bere burua busti zuena
Euskal Herriko gatazkaren konponbidean parte hartze handia izan zuen Tubianak, eta haren ekarpena gogoan izan dute Bakegileek. LDH Giza Eskubideen Ligak haren heriotzaren berri eman zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu