Bakearen alde arriskatu dezaten galdegin dute

Abenduaren 9ko manifestazioa aurkeztu dute Bakegileek, Parisen. 10.000 lagun izango direla iragarri dute. Manifestu bat plazaratu dute, eta ehun pertsona eta eragileren atxikimendua lortu

Atzo Parisen Giza Eskubideen Ligaren egoitzan eman zuten prentsaurrekoa. BAKE BIDEA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bakearen alde arriskatuz izenburupean, «bakearen aldeko engaiamendua» azaltzeko testua aurkeztu zuten atzo Bakegileek, Parisen. Uste dute Frantziako eta Espainiako estatuek ez dutela agertzen «bake prozesuan osoki sartzea ahalbidetuko liekeen keinurik», eta eskatu diete «biziaren alde arriska» dezatela: «Konfrontazioa baino elkarrizketa eta mendekua baino etorkizuna nahiago duen gizarte baten oinarriak finkatzen ditugu». Ehun atxikimendu lortu ditu manifestuak.

Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakaria, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak eskaini zuten prentsaurrekoa. Abenduaren 9ko mobilizazioa aurkezteaz gain, 2011tik hona gatazkaren konponbidean egin ibilbidea errepasatu zuten. Martxan 10.000 lagun izango direla iragarri zuten, eta aldarrikapenak oroitarazi: DPS Bereziki Seinalaturiko Presoaren estatutuaren aplikazioa amaitzea, presoak hurbiltzea eta elkarretaratzea, eri direnen askatzea, baldintzapean aske geratzeko eskubidea luketenen askatzea eta zuzenbide arruntaren aplikatzea.

Azken hilabeteetan hiru instituziotan adostuak izan diren testuak aipatu zituzten. Lehena, irailaren 23an Euskal Elkargoak aho batez Parisko mobilizazioari bere babesa ekarriz onartu zuena. Bigarrena da Parisko Kontseiluaren —udala eta departamentua gobernatzen dituen organoa— herenegungo mozioa, martxa babesteko. Hirugarrena, espetxe sistemaz eta baldintzez Europako Parlamentuak urriaren 5ean hartutako erabakiaren zati bat. Zera dio testuak: «Hainbat estatuk aplikatzen duten sakabanaketa salatzen du, zigor gehigarria delako senide eta atxilotuentzat. Beren jatorriko eskualdetik urrun diren presoak hurbiltzeko behar diren neurriak hertsatuki hartzeko eskatzen du». 474 eurodiputatuk egin zuten alde, 109k kontra eta 34 abstenitu ziren.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat Frantziako Justizia Ministerioarekin batzartu da bi aldiz, eta, abenduko mobilizazioa nahiz urte amaiera aitzin, ordezkaritzak mugimenduak espero ditu gobernuaren aldetik. Azken asteetan DPS estatusa zazpi euskal presori kendu izana «keinu positibotzat» jo dute.

Dirua biltzeko deia

Dirua biltzen ari dira mobilizaziorako eta espetxeen bira finantzatzeko. «Sekula bizi izan ez den» martxa plantan emateko 23.000 euroren batzen saiatzen ari dira. %60 eskuratu dute jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.