Bakea lehenetsi eta interes partikularrak alboratzeko deia egin du EH Bilduk

Garrantzi handia eman dio Parisen antolatutako Bake Konferentziari, «egin den lekuagatik, parte hartzaileengatik eta edukiengatik»

gotzon hermosilla
2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Parisko Bake Konferentzia amaituta, horren emaitzak aztertzeko txanda iritsi zaie eragile politikoei. EH Bilduk, esaterako, Parisen antolatutako bilkuraren garrantzia nabarmendu du, «egin den lekuagatik, parte hartzaileengatik eta edukiengatik», eta dei egin die gainerako eragile politikoei: «interes kolektiboa» den bakearen eraikuntza lehenetsi eta «interes partikularrak» albo batera utz ditzaten, «konponbidearen aldeko jarrera aktiboa hartuz eta, bereziki, oztopoak jartzeari utziz». Konferentzia aztertzeko Donostian antolatutako agerraldian egin dute aipatutako eskaera.

EH Bilduko Rebeka Uberak eta Oskar Matutek Parisko Bake Konferentziako edukietako batzuk nabarmendu dituzte: ETAren armagabetze prozesua «era adostu eta kontrolatuan» egiteko eskaria, aldi berean Espainia eta Frantziako gobernuei prozesu horretan parte har dezaten eskatuta; euskal presoen sakabanaketa amaitzea eta gaixo diren presoak askatzea «zentzuzko epeak errespetatuz gauzatuko litzatekeen askatze prozesu batean»; adiskidetzea eta biktima guztien aitortza eta kalte ordainak bermatzeko neurriak; eta, azkenik, Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazioa gatazkaren konponbidean.

«Indartsuak» iritzi die Matutek aipatutako edukiei, «baina konferentziak berak izan duen babesak eta oihartzunak areagotzen dute eduki horien balioa», gaineratu du.

Parisko Bake Konferentzian parte hartu duten pertsona eta eragileei dagokienez, nazioarteko ordezkariek erakutsitako engaiamendua nabarmendu du Matutek. Era berean, Frantziako ordezkaritzen maila ere aipatzeko modukoa begitandu zaio.

Azkenik, pozik agertu da Matute, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren aniztasuna ikusita. Izan ere, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako esparru politiko ia osoa ordezkaturik egon da Parisko Bake Konferentzian.

«Horrelako argazki bat posible litzateke Hego Euskal Herrian, horretarako borondate aski balego», esan du Matutek.

Azkenik, gainerako eragile politikoei egin die dei EH Bilduko eledunak, «bakearen eraikuntzan» urratsak egin ditzaten. «Hala, gizartearen gehiengo zabal batek aspaldi espero duena marraztea lortuko dugu, hau da, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren etorkizuna eraikitzea», gaineratu du.

Zuzentzekorik ez

Arras ikuspegi desberdina du UPDk Parisko Bake Konferentziaz. Alderdiak Gasteizko Legebiltzarrean duen parlamentari Gorka Maneirok esan du Konferentzian bildutakoei «ahaztu» egin zaiela ETA behin betiko desagertzeko eskatzea. Haren ustez, ETA da «Euskal Herrian gertatu den guztiaren erantzule bakarra», eta, alde horretatik, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute «deus bultzatu edo zuzendu beharrik».

UPDko parlamentariaren iritziz, Parisko Bake Konferentzian parte hartu dutenak «gezur batetik» abiatu dira euren ondorio eta aholkuak plazaratzeko, «Euskal Herriko gatazka politikoaren gezurretik, alegia».

Maneiroren aburuz, «faltsukeria» da gatazka politikoa aipatzea Euskal Herrian gertaturikoa azaltzeko: «Hemen pairatu dena ETAren terrorismo faxista besterik ez da izan». Esan duenez, ETAk «hil egin du, bahitu egin du eta estortsionatu egin du», eta horren biktima «euskal gizarte osoa» izan da, «bereziki haien moduan pentsatzen ez zutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.