Bakea, hemen eta orain

Bake prozesua Euskal Herritik bultzatu eta gizartea engaiatzeko beharraz ohartarazi dute, Sarek bake eta bizikidetzari eskaini dion jardunaldien amaierako saioan.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta hizlariak, atzo, Gasteizko Europa jauregian, saioren hasieran. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gizartearen engaiamendua da bermerik onena bake prozesuen arrakastarako. Ondorio hori atera daiteke Gizartea gatazken konponbiderako eragile aktibo gisa izeneko mahai inguruan esandakoetatik. Solasaldian, hizlari aritu dira Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia (EAJ), Anaiz Funosas Bake Bidea-ko kidea eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea (EH Bildu). Hirurek azpimarratu dute Euskal Herrian gatazkaren konponbiderako bidea egiteko garaia dela, Madrilek eta Parisek egin dezaketenaren zain egon gabe. Mahai inguruak amaiera eman zion, atzo, Sare plataformak antolatu eta Gasteizko Udalak babestu dituen Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea jardunaldiei.

Ibarretxek munduko hainbat gatazkari buruzko ikerketa akademikoak hartu ditu oinarri, Euskal Herrian «bake iraunkor eta justua» lortze aldera egin daitekeenaz mintzatzeko. Nabarmendu duenez, gizartearen parte hartzea da prozesuak «ez hausteko bermea». Lehendakari ohiak Desire Nilsson ikerlari suediarraren lana aipatu du; azken hamabost urteetan, 83 gatazka aztertu ditu Nilssonek. «Ikerketek frogatzen dutenez, bake prozesua hausteko arriskua %66 murrizten da gizarteak parte hartzen duenean».

Bereziki, emakumeen parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Ibarretxek, eta gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan ohartarazi duela bake iraunkorra lortzea ez dela posible emakumeen protagonismorik gabe. Hala, garrantzi handia aitortu dio Ahotsak egitasmoaren esperientziari. «Oso ideia ona izan zen, eta asko aurreratu genuen, baina bultzatzaileek arazo ikaragarriak izan zituzten beren alderdiak konbentzitzeko».

Ibarretxeren iritziz, ordea, gizartearen bultzada ez da nahikoa bere horretan. «Bakearen trenak bi bagoi behar ditu: gizartearena eta erakundeena. Bestela, ez du arrakastarik izango».

Anaiz Funosasek Bake Bidea mugimenduaren berri eman du. Bake Bidea Aieteren biharamunean sortu zen, eta helburu hartu du gizartea bake prozesuko eragile aktibo bihurtzea. Bake Bidean ikuspegi politiko desberdineko pertsonak bildu dira, eta, Funosasek adierazi duenez, «beste kultura politiko bat» sortzea lortu dute, «errespetuan oinarritua».

Funosasek azaldu duenez, hasieratik ikusi zuten adostasunerako zailtasunik handienak iraganari buruzko kontakizunean aurkituko zituztela. Beraz, gai horrekin ez hastea erabaki zuten. «Egiaren kontakizunetik eraiki dezagun bide bat etorkizunean uler dezagun gutako bakoitzak izan duen jarrera. Inoiz ez da planteatu kontakizun bakarra».

Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoek bakea lortzeko «beharrezko urratsak» adostu izanari garrantzia eman dio Funosasek. Armagabetzea, presoen etxeratzea eta biktimen eskubideak uztartu dituen bide orri «integrala» osatu dute.

Funosasen hitzetan, Aieteko konferentziak «indar askatze ikaragarria» ekarri du Ipar Euskal Herrian, baita «lurralde kontzientzia berri bat» ere.

Mendoza, berriz, Errenteriako Udalak 2012 eta 2015 artean sustatu dituen biktimen arteko elkarrizketez eta herriko bizilagunen eskubide urraketak biltzen dituen Memoria partekatu baterantz dokumentuaz mintzatu da. Mendozaren esanetan, beharrezkoa da Egiaren Batzordea osatzea, iraganean gertatu dena jasotzeko. Baina horrelakorik ezean, udalek har ditzaketen neurriak nabarmendu ditu.

Mendozak ezinbestekotzatjo du biktima bakoitzaren atzean dagoen istorioa gizarteratzea. «Garrantzitsua da egitateei emozioa jartzea, eta norberak bere ondorioak atera ditzala». Iragana aztertzeko prozesu bat beharrezkoa da Mendozaren esanetan, eta horrek «ondorio sakonak» eragingo dituela deritzo. Haren esanetan, batzuek ondorio horietara jo nahi dute «prozesua eman gabe».

Prozesuari bultzada emateko beharraz ohartarazi dute hirurek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.