Bakea gertuago dagoela iritzita, arduraz jokatzeko eskatu du Bilbaok

Ezker abertzalearen ustez, EAJren jarrerak «talka» egiten du Euskal Herriko errealitatearekin

Erredakzioa
Bilbo
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bakea «gertuago» dagoelako, arduraz eta «egoerak eskatzen duen mailaren arabera» jokatzea ezinbestekoa dela uste du Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko ahaldun nagusiak. Azken hilabeteotako gertakariei erreparatuta, ETAren indarkeriaren amaiera laster gerta daitekeela adierazi du. Hala ere, ireki den aro politiko berriaz zuhurtziaz mintzatu da: «erne» egon beharra dagoela esan du, ETAk orain arteko bake aukerak «zapuztu» egin dituelako. Hori horrela, erakunde armatuari «bortxakeriaren aroa ixteko» eskatu dio. Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan egin ditu adierazpenok Bilbaok.

Bizkaiko ahaldun nagusiarentzat, ETAk egindako urratsak ez dira nahikoak, eta balio duen iragarpen bakarra jarduera armatuaren behin betiko amaiera da. Beraz, konponbiderako elkarrizketa hasi nahi bada, ETAk indarkeria behin betiko uzteko borondatea duela egiaztatu behar du, eta, ondoren, elkarrizketaren bidea Legebiltzarrean jorratu beharko da, Bilbaoren aburuz. Azaldu duenez, ETAren aroa amaitzen denean, erakundeen eta alderdien esku egongo da iniziatiba hartzea; besteak beste, «salbuespenezko neurriak» alboratuz, Alderdien Legea baliogabetuz eta aniztasuna eta eskubideak errespetatuz.

Prozesuaren «beldur»

Euskal Herrian hasi den aro politiko berrian EAJ, PSE eta PP «geldirik» daudela, eta eraikitzen ari den prozesu demokratikoari «beldurra» diotela salatu du, bestalde, Bizkaiko ezker abertzaleak. Jeltzaleak «ezezkoaren frontean» ikusten ditu ezker abertzaleak, Ados moduko proposamen «hutsalak» proposatzen eta PSOErekin «transferentzia ziztrin»batzuk negoziatzen. EAJrenjarrerak Euskal Herriko errealitatearekin talka egiten duela iritzi dio, «ez duelako herri borondatea ordezkatzen». Hala, Bizkaian «benetako alternatiba» sortzeko lanean jarraituko duela agindu du ezker abertzaleak.

Aralarren ustetan, berriz, ezker abertzaleak «jauzi kualitatiboa» eman du Gernikako hitzarmena babestuta. ETAren aurrean isilik egoteari uztea, eta behin betiko alde bakarreko eta baldintzarik gabeko amaiera eskatzea «berritasun nabarmena» da ezker abertzalearen diskurtsoan. Hala adierazi du Aintzane Ezenarrok ElCorreo egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan. Hala, Euskal Herrian hasi den aro politiko berriaren inguruan lehendakariak «itsuarena» egiten jarraitzen duela eta ETAk «eskema zaharrei» eusten diela salatu du Ezenarrok.

Bestalde, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak adierazi du gatazka konpontzeko «ahalegina» egitea merezi duela. Pazientzia eta zuhurtzia eskatu du, prozesua oso konplexua izango delako. ETAk Gara-ri emandako elkarrizketa ez dela oso itxaropentsua dio, baina ziur da indarkeriaren etorkizunaren «gakoa» ezker abertzalearen oinarrietan egongo dela.

EBko Mikel Aranarentzat, Gernikako agiriak «aro berri bat» hasi du Euskal Herrian, historian lehen aldiz ETAren jarduera justifikatzen duen sentsibilitate politikorik ez dagoelako. Gainera, Aranaren iritziz, abagune berrian Patxi Lopez lehendakariak pausoak eman beharko lituzke.

PPrentzat, ordea, «xantai hutsa» da ETAk eta ezker abertzaleak proposatzen dutena. Horregatik, ETAren «beso politikoa» aintzat hartzea «okerra» dela uste du Antonio Basagoitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.