Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Sylviane Alaux. Seigarren barrutiko diputatua (PS)

«Bake prozesuaz hitz egiteko bilera bat galdatuko diot Barne ministroari»

Diputatu aulkia hartu dio Sylviane Alaux sozialistak Michele Alliot-Marieri, botoen %51,62 lorturik. Badaki abertzaleen botoak ukan dituela, eta hori ez duela ahantziko dio.

GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren gobernantzari begira Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak abiatu gogoetan parte hartzen du Sylviane Alauxek (1945, Amboise), eta euskal lurralde elkargo baten aldekoa da. Baina badaki biziki ongi bere alderdiaren baitan ez dutela denek horrekin bat egiten: «nire alderdi politikoaren baitan ere beharko naiz borrokatu horren alde».

Michele Alliot-Marie 1986tik zen diputatu, eta haren tokia hartu duzu, Alderdi Sozialistaren esku utziz seigarren barrutia. Zer-nola sentitzen zara?

Astelehenean, legebiltzarrean nintzen, eta orduan naiz zinez ohartu gertatutakoaz, benetan hunkitua nintzen. Ez nuen sentitzen Sylviane Alaux zela legebiltzarrera sartzen, baina bai lurralde oso bat. Ardura handia sentitu dut legebiltzarrera sartzean; emozioz beterik nintzen.

Astelehenean, Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko lan taldearen bileran zinen, Ipar Euskal Herriaren egituraketaz gogoetatzeko. Zer dela-eta segitzen duzu hurbiletik gai hori?

Aspalditik dut Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren lanetan parte hartzen. Euskal Herria 2010 eta Euskal Herria 2020 hitzarmenak oso baikorki esperimentatu ditugula uste dut, baina pays egiturarik ez denez beharbada gehiago izango, uste dut beste zerbaitera pasatu behar dugula. Gure lurraldeari begira, orri berri baten idazteko garaia dugu, eta estatutu bereziko lurralde elkargoaren alde ariko naiz. Aukerak dauzkagu esku artean, ikusiz gobernu berriak lurralde berrantolaketa berriz ikusiko duela eta deszentralizazioaren III. akta gauzatuko duela. Nihaurk, diputatu gisa, eskaera hori entzunaraziko dut, erabat konbentzitua naizelako beste egoera batera pasatu behar dugula.

Hautetsien Kontseiluaren baitan adoste orokorra lortuko duzuela uste duzu?

Sentitzen dut adoste orokorra lortzeko benetako nahikaria, eta espero dut hori lortuko dugula. Estatutu bereziko euskal lurralde elkargoa eratua izan dadin, guztion esku da jendea konbentzitzea.

Hollande presidenteak lurralde elkargoaren gaia erreformaren barnean ezarriko duela uste duzu?

Ez du horri begira zehaztasunik eman, baina lurralde berrantolaketaren berrazterketan eta deszentralizazioaren III. aktan, hori lortzeko aukera paregabeak baditugu. Zinez erabat ongi landuriko proposamen bat eraman beharko diogu gobernuari, gure ahotsa entzunarazteko. Kanpainan nioen estatutu bereziko lurralde elkargoaren alde borrokatuko nintzela, eta badakit biziki ongi nire alderdi politikoaren baitan ere beharko naizela borrokatu. Baina esperantza ez dut galtzen. Parisen nintzen atzo (herenegun), eta jada hasi naiz xede horri begira lagundu nazaketen batzuekin harremanetan sartzen.

Kanpainan zenioen AHTari buruzko erreferendum bat proposatuko duzula eta horretarik aterako den postura nagusia errespetatuko duzula. Hori baieztatzen duzu?

Iritzia errespetatuko dudala argi da, bestela ez da erreferendumik antolatzen. Legebiltzarrean eta Senatuan ideia horri begira sostengu batzuk ditudalako dut erreferenduma galdatzeko engaiamendua hartu. Segituko dut, eskaera hori gauzatua izan dadin.

AHT egitasmoaren aurka da herritarren eta hautetsien multzo handi bat. Baina, dirudienez, egitasmoa aitzina doa. Zer diozu egoeraz?

Gaur egun, herritarren zati bat bestearen aurka ari da, eta hori behin betikoz gelditu behar da. Tresna bat badugu horretarako: herri galdeketa. Antolatua izan dadin galdatuko dut. Gainera, inoiz ukan ez dugun benetako eztabaida publiko bat ekarriko digu horri begira. Europako egitasmo bat da, aitzineko gobernuek onartua, egia da eskualdeak sostengatzen duela, baina ez da bere egitasmoa. Eztabaida publiko bat behar dugu.

Argi geratu da abertzaleen boto andana bat ukan duzula. Hainbeste biltzea uste al zenuen?

Abertzaleen sostengua ukan dut, oso argi, eta ez dut hori ahantziko. Baina ez da egun horretan gauzatutakoa, elkar ezagutza hori badugu nahiko aspaldian. Biziki hunkia izan naiz sostengu horretaz. Nahiz EH Baik erran «ez Alliot-Marie, ez eta Alaux ere», abertzaleen boto anitz bildu ditut, eta horretaz zinez sentsible naiz.

Abertzaleek bake prozesuan inplikatzeko eskatzen diote Frantziako gobernuari. Aldarri hori nola entzunaraziko duzu Parisen?

Hasteko, bilera bat galdatuko diot Manuel Valls Barne ministroari. Inplikatuko naiz dosier horretan, eta ez naiz bakarra izanen. Berriro diot gatazka guztietan beti badagoela jendea mahai inguruan ematen den unea. Frantzia ez da horrela luzaz prozesuaz aparte egoten ahalko.

EH Baik dio zure alderdiaren baitan konfiantza eskasa duela. Beraien eskaerei begira, nahiz zuek lokalki baikorki kokatu, gero Alderdi Sozialistak ez duela mezu bera.

Nire alderdi politikoaren baitan ere militatu behar dudala badakit, eta horretan ariko naiz. Baina tematia naiz, eta, konbentzitua naizelarik, aitzina noa.

Gobernua, senatua, legebiltzarra... denetan zarete nagusi. Nola aztertzen duzu uhin arrosa hori?

Badira hamar urte eskuina zela boterean, bost urte ukan ditugu Nicolas Sarkozyrekin. Lurralde guztietan sentitu da aldaketa gogoa. Urte horiek gaizki bizi izan dituzte herritarrek, eta beste zerbait espero dute. Hori dute adierazi, eta eginahala eginen dugu erakutsi diguten konfiantza horri behar den bezala erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.