Euskal presoak

Bake prozesuari lagunduko dioten ekintzak eskatu dizkiote bakegileek Parisi

Frantziako Gobernuaren jokabideak "bake prozesua nahitara kontuan ez hartzeko erabakia" islatzen duela salatu dute. Sinadura kanpaina bat abiatu dute Xistor Haranbururen askatasuna aldarrikatzeko.

Bake Bideak eta Bakegileek ekainaren 8an Miarritzen (Lapurdi) egin zuten manifestazioa. GUIILAUME FAUVEAU
2019ko uztailaren 8a
17:12
Entzun

"Badira urteak, tendentzia guztietako ordezkari politikoek sustengaturik, Euskal Herrian jendarte zibila 80 urteko bortizkeria eta sufrimenduaren orrialdea behin betiko gainditu nahi duen prozesu batean engaiatua dela". Hasitako bide horri trabarik ez jartzeko eta bake prozesua laguntzeko eskatu diote bakegileek Frantziako Gobernuari. Izan ere, joan den astean, Parisko Dei Auzitegia Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske uztearen alde mintzatu zen arren, Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu zuen berehala. Ondorioz, Haranburuk preso jarraituko du.

Mixel Berhokoirigoinek, Txetx Etxeberrik eta Michel Tubianak sinatutako testuan, bakegileek gogorarazi dute Haranburuk 30 urte daramatzala kartzelan, osasun egoera larrian dagoela, 2008tik baldintzapeko askatasuna eman diezaiokeela Parisek eta horretarako baldintza guztiak betetzen dituela. Bakegileen esanetan, Frantziako Gobernuaren jarrerak ez du inolako justifikaziorik. "Xistor Haranburu askatzeak ETAren birsortzea ekartzen ahal duela erratea, kasurik onenean ezjakintasuna eta txarrenean mendeku nahia dira, betiere gezurretan oinarrituriko argudioekin". Salatu dute gobernuaren helburua bake prozesua oztopatzea dela. "Ministerio publikoaren erabakia abian den bake prozesua nahitara kontuan ez hartzeko erabaki bat dela deritzogu".

Haranbururen kasuaz harago, Frantziako Gobernuak euskal presoekin duen jarrera salatu dute bakegileek. Euskal Herriko ordezkaritza batek eta Parisek presoen auzia bideratzeko elkarrizketetak izan badituzte ere, une honetan, presoen hurbiltzea "blokeatuta" dagoela ohartarazi dute. Horrez gain, Frantziak presoetako asko "inolako arrazoirik gabe oraindik DPS estatuspean mantentzen" dituztela salatu dute.

Bakegileen iritziz, gobernuaren jokabidea ez dator bat Emmanuel Macronek Euskal Herrian izan zen azken aldian egin zituen adierazpenekin. "Azken uretak begiratzen ditudanean, enetzat Euskal Herria eredu bat da, gatazkaren konponbidean eta armak kanpo uztean. Estatuaren betebeharra da mugimendua laguntzea (...). Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu egin behar da", adierazi zuen. Bakegileek Parisi eskatu diote lerratu ditzala "ekintzak eta adierazpenak zentzu berean".

Gobernuari ohartarazi diote bake prozesuaren kontrako erabakiek ondorio kaltegarriak eragin ditzaketela etorkizunean; "herra eta guztien sufrimendua berpiztu" ditzaketela. Hori dela eta, "bakeari aukera guztiak" emateko eskatu diote.

Bakegileek sinadura kanpaina bat abiatu dute Haranburu aske utzi dezatela eskatzeko. 4.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.