Bartzelonan egon berri da Paul Rios (Getxo, 1974), Euskal Herriko bake prozesuari buruzko graduondoko batean eskolak ematen, handik deituta. «Siria, Libia eta beste herrialde batzuetako prozesuak dituzte aztergai. Tartean, gurea», dio Riosek.
Hango, Kataluniako, kultura politikoa balego hemen...
Bai, han denek hitz egiten dute denekin, sufrimendurik egon ez delako. Gurean, Ipar Euskal Herrian ere bada antzeko kultura politikoa. Martxoaren 1ean Baionan Bakerako Forumean ikusi genuen sentsibilitate guztiak zeudela ordezkatuta.
Hego Euskal Herrian, noizko?
Hegoaldean sufrimendua askoz handiagoa izan da. Arazo denak gainditzeko, pasatuko dira beste hogeiren bat urte.
Batzuek diote hau dela bakea.
Ezinezkoa da bakea zer den adostea.
Euskal Memoria fundazioak dioenez, 1960tik 1.300 pasa direla gatazkaren biktimak. Zer pisu izan behar du iraganak?
Elkarte batzuek biktimen ekitaldi gehiegi egiten dituzte, baina hobe da gehiegi egitea, ez egitea baino. Hori, lehenik. Bigarrenik, orria pasatu aurretik orria osorik irakurri behar da. Eta, hirugarrenik, adituek esaten duten bezala, iraganerako eta etorkizunerako begiraden artean oreka bat izan behar da. Alde horretatik, bake prozesua norabide onean eta azkar doa: minaren aitorpena dago, biktimei buruzko esperientziak daude, Jaurlaritza tortura kasuak ikertzen hasiko da...
Joan den otsailaren 21etik martxoaren 1era arteko egunak mugimendu handikoak izan ziren: ETAren desarmatze hasiera, egiaztatzaileak auzitegira, Currinen taldea polizia etxera, Powellen bisita, Bakerako Foruma... Zer gertatu zen? Zergatik hainbeste gauza batera?
Bake prozesuaren testuingurua hartu behar da kontuan. 2013ko hasiera aldean jakin genuen Norvegiak ETAren mintzakidetza kanporatu egin zuela, egiaztatzaileek ohartarazi zuten euren egitekoa bukatzen ari zela, ETAk erantzun zuen egiaztatzaileen egitekoa ez zela armagabetzea, presoen arloan ez zegoen aurrerabiderik artean, eta Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldeak zailtasun handiak zituen. Baina azken hilabeteetan Jaurlaritzak Bake Plana onartu du, Foro Sozialak bakerako gomendioak eman ditu, EPPK-k abendu bukaeran adierazpena —legedia bete, minaren aitorpena, ETAren indarkeriaren bukaerari babesa...—, ETAren agiria iragarriz aurrerapauso esanguratsuak emango zituela... Beraz, beste etapa bat hasi berri da: ETAk jakinarazi du desarmatzeari ekin diola, presoak hasi dira banakako eskaerak egiten espetxeetan eta bizikidetzan askotariko pausoak daude. Bigarren etapa da hau. Hiru leudeke.
Aurrena zein izan zen?
2011koa. ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuen 2011ko urrian eta Sortu legeztatu zuten 2012an —estatutuak 2011ko otsailean aurkeztu zituen—. Lehen etapara iristeko urte batzuetako lan bat egin zen: ezker abertzalearen barne eztabaida, nazioarteko eragileen inplikazioa, eta abar.
Bigarrena noiz bukatuko da?
Ez dakigu. Aurreneko etapatik bigarrenaren hasierara bi urte pasa igaro dira, zailtasunak izan dira —zerrendatu ditut lehen—, baina lan bat ere egin da, eta, gainera, barneratu behar izan da Espainiako Gobernuaren laguntzarik ez dela izango. Aurreraka goaz, azkar, eta, gauzak hala badoaz, agian bi urte barru hirugarrengoan egongo gara.
Zer osagai lituzke hirugarrenak?
Gertaera garbiak, jendeak azalpenik gabe ulertzeko modukoak behar dira. Hau da, lehen etapakoak bezalakoak: ETAk utzi egin zuen indarkeria, eta Sortu legeztatu egin zuten. Hirugarrengoan zein liratekeen? ETAk armagabetzea bukatzea, presoak gerturatzea eta instituzioetan oinarrizko akordio politiko bat lortzea —bizikidetzarako gutxieneko etikoa, eta bakegintzarako elkarrizketaren eta adostasunaren konpromisoa jasoko lituzke—. Beste guztia ondorengoa litzateke, eta auzi politikoa: estatus berria, autodeterminazioa, lurralde eredua...
Bigarren fasea hasteko, euskal presoek eman dute pausoa. Baina hirugarrenera heltzeko, gobernuen ekarpena beharko da, ezta? Kartzeletako giltza gobernuek daukate.
PPren gobernuak ez du parte hartuko. Espainiako legealdi berria 2016an hasiko da. Bitartean, zer? Nik, demokratikoki, ezin dut onartu bake prozesuaren protagonistak ETA, presoen kolektiboa eta Espainiako Gobernua izatea. Bizikidetzaz ari gara, eta herritarrek izan behar dute protagonistak. Prozesuaren paradigmak aldatu egin behar dira, eta gizartean bilatu irtenbideak.
Zein dira irtenbideak?
Ines del Rioren kasuan, Parot doktrinaren aurkako helegitea Europan aurkeztu zutenean, nork usteko zuen doktrinaren kontrako ebazpena egongo zela? ETAren indarkeria garaian geunden artean. Beste adibide bat: Sortuk 2011ko otsailean aurkeztu zituen estatutuak, ETA jarduera armatua utzi gabe zegoela, artean Bilduren legeztatzea ere ez zegoen, eta nork usteko zuen Sortuk lortuko zuela legeztatzea? Bi adibide horiek erakusten dute gauzak ondo egin behar direla. Gainera, gizarteari errespetua izan behar zaiolako egin behar dira gauzak ondo.
Presoen arloan, zer da gauzak «ondo» egitea?
Bereizi egin behar dira gauzak. Presoen urruntzea edo gerturatzea ez dago legedian oinarrituta. Beraz, haiek gerturatzea lortzeko, ez dute zertan mina aitortu. Edo gaixorik diren presoek ere ez, legeak dioelako kaleratu egin behar direla. Errusiako preso bat 4.200 kilometrora dagoen kartzela batera eraman zutela eta, Estrasburgoko auzitegiak esan du legediaren aurkakoa dela urruntze hori, eta aipatu presoak zigorra bere familia eta gizarte ingurunetik gertu bete behar duela.
Beraz, sakabanaketa auzitara eraman behar dela al diozu?
Bai, aukera bat da. Gainera, auzitegiek erabakiak hartzean kontuan hartzen dute segurtasunaren arloa, eta ETA orain ez da erakunde terrorista bat; talde armatu eta ilegal bat da, baina ez terrorista, utzia duelako jarduera armatua eta, gainera, desarmatzen hasi da.
«Mina aitortzeaz», zer diozu?
Beste kontu bat da espetxe onurak jasotzeko mina aitortu egin beharko dela. Legeak ez du halakorik eskatzen presoak gerturatzeko, baina euskal gizarteari ondo letorkioke presoek mina aitortzea, hori zehaztea —kasuak desberdinak diren arren—, «nik mina eragin dut» esatea, orokortu gabe. Badakit, ordea, oso zaila dela presoek pauso hori ematea.
Aieteko konferentzia noiz egingo da?
Ez dakit. Guk lagundu egiten dugu, ez antolatu.
Baikor al dago Brian Currin?
Hura 2007 aldera hasi zen hemengo kontu honekin, asko akordatzen da garai hartaz, eta pozik dago, bakearen aldeko aukera historiko bat zabaldu baita. Nazioarteko eragileak ere hala ikusten ari dira, azkenaldian komunikazio oker bat egin den arren.
Zer?
Egiaztatzaileek, Carltonen agerraldia egin baino ordu eta erdi lehenago, adierazpenaren berri eman zidaten. Oso ona zen txostena: ETAk zioen desarmatzea aldebakarrekoa, baldintzarik gabekoa eta erabatekoa izango dela. Zein izan da okerra? Bideoa ez zela oso txukuna izan —teknikoki ona ez, arma gutxi...—, eta jende bat horrekin geratu da. Nik ez nukeen bideoa erakutsiko; mezua ahuldu egin zuen.
Ondoren, egiaztatzaileak epailearen aurrera deitu zituzten, eta Currinen taldea Baionako polizia etxera.
«Hemen gaude,» eta «ez dizuegu lana erraztuko», esan zuten estatuek.