Bake prozesuan Europa «aktibo» izatea galdegin du Friendshipek

Ziurtatu du Europako erakundeek «ahalmena eta betebeharra» dutela euskal gatazkaren konponbiderako prozesua babesteko

Basque Friendshipeko europarlamentariak, atzo, Europako Legebiltzarrean (Brusela). BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Basque Friendship Group bake prozesua babesteko europarlamentarien taldeak Europako erakundeei galdegin die «eragile aktibo» izan daitezela Euskal Herriko gatazkaren konponbidean. Aieteko Adierazpenaren bosgarren urteurrena bete berri dela egin dio eskakizuna taldeak Europako Batasunari.

Basque Friendshipek prentsaurrekoa egin zuen atzo, Europako Legebiltzarrean (Brusela, Belgika), eta bertan izan ziren, besteak beste, Lidia Senra (Galiziako Alternativa Galega de Esquerda en Europaeta GUE/NGL), Martina Anderson (Irlandako Sinn Fein eta GUE/NGL) eta Mark Demesmaeker (Flandriako N-VA eta Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak). Europarlamentariek batasuneko erakundeei eskatu diete bete dezatela Europako Parlamentuak 2006ko urrian onartu zuen ebazpena. Ebazpenak Europako Batasunari dei egiten dio Euskal Herriko bake prozesua babestu eta hura sustatzeko eragile aktibo izatera. Legebiltzarraren erabakiak «indarrean» jarraitzen duela gogorarazi dute, eta hura «osorik ezarria» izateko lanean jardungo dutela ziurtatu.

Andersonek azpimarratu du Europak «prozesua babesteko ahalmena eta betebeharra» duela. Haren arabera, Europako erakundeen parte hartzea ezinbestekoa izan zen Irlandako bake prozesuan. Sinn Feineko europarla- mentariak gogorarazi du Europako Batasunak babes argia adierazi ziola Irlandako bake prozesuari, eta hura laguntzeko funts eta programa bereziak bultzatu zituela. «Begi bistakoa da Europako Batasunak hainbat gatazkaren konponbidean izan duen jokabide aktiboa. Bai batasunaren mugen barruan, bai mundu osoan». Andersonek nabarmendu du Euskal Herriko gatazka «Europako Batasunaren barruan dirauen azkena» dela, eta prozesuak aurrera egiteko ahaleginen beharra duela.

ETAren etenetik, bost urte

Bost urte beteko dira gaur ETAk jardun armatua amaitzea erabaki zuela iragarri zuenetik. Erabakiarekin, Aieteko Nazioarteko Konferentzian —hiru egun lehenago— ezarri zen bide orriaren lehen eskakizunari erantzun zion ETAk. Aldiz, «Aieteko bide orria ez da bete», ohartarazi du Senra europarlamentariak; izan ere, Frantziako eta Espainiako gobernuek «baztertu» egin dute ETArekin gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketak abiatzea.

Hala, Europari ez ezik, Espainiako alderdi politikoei ere mintzatu zaie Basque Friendship, «euskal gatazkaren konponbidea Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan txertatu» dezaten. Demesmaekerren esanetan, «baliozko proposamenak» daude mahai gainean bake prozesua garatzeko, eta «Espainiako gobernu berriak bere lehentasunen artean txertatu beharko lituzke».

Prozesuaren aldeko taldearen iritziz, «oker nabarmena» egin du Mariano Rajoyren gobernuak, Euskal Herrian «bake justu eta iraunkorra lortzeko inoizko aukerarik onena galtzen utzi» duelako. Rajoyren gobernuaren jarrera «euskal gizartearen interesen aurkakoa» izateaz gain, «Espainiako gizartearen eta Europako herritarren aurkakoa» ere badela salatu du.

Hala ere, Demesmaekerren hitzetan, aukera dago prozesuari «ekarpen positiboak» egiteko, eta «oraindik konpondu gabeko garrantzizko kontuei irtenbidea bilatzeko: desarmatzea, presoak eta biktimak, kasurako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.