«Bake prozesuan» engaiatzeko eskatu dio Sylviane Alauxek Parisi

Erredakzioa
Baiona
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Sylviane Alaux diputatu sozialistak Frantziako Asanblea Nazionalera eraman du Euskal Herriko gatazkaren gaia. Hain justu, Lorentxa Gimon presoari Roazhongo espetxera (Rennes) bisita egin ondotik «bake prozesuan» engaiatzeko eskatu zion atzo Frantziako Gobernuari diputatuak, parlamentuko ganbera nagusian.

Joan den ekainaren 11n Parisen egindako konferentzia humanitarioa izan zuen hizpide Alauxek, eta hitzaldi sorta hartan presoakEuskal Herrira hurbiltzea eta zigorrak berraztertzea eskatu zutela gogoratu zuen: «Bi gai horiek funtsezko osagaiak dira bake prozesuan».

Alauxen hitzetan, Ipar Euskal Herriko eragileak engaiatuak dira gatazkaren konponbidean. Alta, prozesua ezin da «bururaino» joan «estatuaren parte hartzerik gabe». Hori dela eta, gobernuak gai horretan zer jarrera duen zehazteko eskatu zion atzo Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroari. Ministroa, ordea, ez zegoen Asanblea Nazionalean galdera egiteko orduan, eta ordezko batek erantzun zion diputatuari. Ganbera bera ere erdi hutsa zegoen.

Baldintza, desegitea

Irmoa izan da Frantziako Gobernuak emandako erantzuna: ETAren desegitea eta «egiazko» armagabetzea «baldintza» direla azpimarratu zuen Barne ministroaren ordezkoak atzo, eta horretan gobernuak «ildo berean» jarraitzen duela. Halaber, ETAk eragindako hildako eta zaurituak oroitu zituen gobernuaren ordezkariak, Espainiako Gobernuaren diskurtsoari jarraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.