Bake Planean aldaketak egitea «zail» izango duela esan dio EAJk PSEri

Alderdi sozialistak Bake eta Bizikidetza Plana «berregiteko» eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, «anbiguoa» delako

Joseba Egibar EAJkoa eta Jose Antonio Pastor PSEkoa, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
PSE-EEk «zail» izango du Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean aldaketak egitea. Halaxe adierazi zuen atzo Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak, Onda Vasca irratian. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluren Bake Plana «sendoa eta zentzuzkoa» dela azpimarratu zuen jeltzaleak, eta zehaztu zuen horri aldaketa edo zuzenketak egitea nahi duen orok ez duela erraza izango. Hala ere, hitz egiteko eta ados jartzeko prest daudela jakinarazi zuen Egibarrek.

Atzo Vocento taldeko egunkariek argitaratu zutenaren arabera, PSE-EE ez dago batere ados Urkulluren bake planarekin, eta horren zuzenketa prestatzen ari da. «Anbiguotasunean erortzea» eta «biktima guztiak maila berean jartzea» galarazi nahi du PSE-EEk, atzo argitaratu zen informazioaren arabera. Patxi Lopezen alderdiak uste du ezker abertzaleak bere erantzukizuna izan duela ETA bizirik irautean, eta «erantzukizun»horiekeskatzea berebizikotzat jotzen du. PSE-EEk, halaber, ez du uste Jaurlaritzaren planak horretarako balioko duenik.

Irailaren 20a da azken eguna Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek Jonan Fernandezen planari ekarpenak egiteko. Plan horrek Urkulluren oniritzia baldin badu ere, argitaratu zen lehenengo egunetik kritikak egin zituzten oposizioko alderdi guztiek. Planaren aurka agertu zen PP eta asko hobetu zitekeela iritzi zuten EH Bilduk zein PSE-EEk. EH Bilduk «biolentzia guztien argazki osoaren falta» sumatzen du, besteak beste. Bake eta Bizikidetza Planak, izan ere, 1960tik 2013ra arteko «biolentziak» aztertu eta ikertuko ditu. EH Bilduren aburuz, baina, euskal gatazka politikoaren hastapenak 1960ren aurrekoak dira. EH Bilduk agintzen duen Gipuzkoako Diputazioak martxan jarritako bizikidetzaplanak, esaterako, 1936a ezarri zuen ikerketen hastapen urte gisa.

PSE-EEk Bake Planaren dokumentua «guztiz berregiteko» eskatuko dio Urkulluri. Horien ustez, «garbi geratu behar da biktima guztiak ez direla berdinak»; hemen, «eraildako pertsonak eta erail dutenak egon direlako». Horretaz aparte, «gatazka politikoaren ideia» bertan behera uzteko eskakizuna ere egingo dio PSE-EEk EAJri. Horien arabera, ideia hori ETAren biolentzia justifikatzeko eta ezker abertzalearen iragana desblokeatzeko modu bat da: «ezker abertzaleak biolentzia babestu zueneko iragana», hain zuzen.

2013-2016 bitarteko Bake eta Bizikidetza Planak ezker abertzalearen «onarpena» bilatzen duela uste dute PSE-EEkoek; EAJk exijentzia murriztu nahi duela, ezker abertzalearen «munduarekin» akordioak lortzearren. Eta hori «hutsegitetzat» jotzen du Lopezen alderdiak.

Euskadi, «estatu gisa»

Egibarrek, atzo egindako hitzetan, Euskadik «estatu gisa» pentsatu eta jokatu behar duela ere adierazi zuen: «EAJn gero eta indar handiagoa du estatu moduan jokatzeak eta pentsatzeak, Espainiako Estatua, ikuspuntu ekonomiko batetik, Euskadi trabatzen ari delako». Hori hala, gaur egungo Espainiako estatu eredua «debekuaren eta ezezkoaren sinonimoa» dela esan zuen.

Gaur egun, «Espainiako Estatua da subjektu bakarra, eta gainontzekoak horren mendeko administrazioak dira; hori da gatazka politikoaren sustraia», azpimarratu zuen jeltzaleak. Ildo horretan, 17 autonomia erkidegoko lurralde eredua erabaki politiko baten ondorio dela nabarmendu zuen. «Espainiako Konstituzio 'santuak' ez zuen inor derrigortu 17 autonomia erkidego ezartzera. Euskadi, Katalunia, Galizia eta Espainia bezalako lau naziori irtenbidea eman nahi izan ez zelako egin zen hori», espiklatu zuen, eta gaineratu 17 autonomiako eredu horrek «huts» egin duela.

Euskadik Espainiarekiko «berdintasunezko egoera» lortzeko nahia erakutsi zuen Egibarrek, baina, horretarako «nahi politikoa» behar dela zioen. «Euskal instituzioek edota herritarrek demokratikoki erabakitzen dutena onartu egin behar du mundu osoak, eta nahi horrekin batera Espainiako Estatuak beste erlazio bat negoziatzeko betebeharra du», azaldu zuen.

Hori hala, PP eta PSE-EE ere kritikatu zituen jeltzaleak, bere ustez, «Gernikako Estatutuaren azpiko estatusa» nahi dutelakoEuskadirentzat. Egibarren esanetan, «PSE-EEren jarreraren guztiz kontrakoa» du EAJk. PSE-EEk estatu eredu zentralista eta zentralizatua daukala iritzi zion; «eredu sasi-federala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.