Bake itxaropena itsasoz bestaldean

ETAk 2010ean su-eten iraunkorra emateko erabakia hartu zuenean, Argentinako eta Uruguaiko euskal diasporako hainbat kiderekin egon zen Raul Arkaia kazetaria, eta haien iritziak liburu batean bildu ditu.

edurne begiristain
Gasteiz
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko etorkizunaren eraikuntzan badu «zer esanik» euskal diasporak. Abagune politiko berrian badu «ekarpenak» egiteko nahia. «Eragile aktiboa» izan nahi du bake prozesuan, eta baita burujabetzarako bidean ere. Ondorio nagusi hori atera du Raul Arkaia kazetariak (Gasteiz, 1972) Argentinan eta Uruguain bizi diren euskal herritarren lekukotasunak jaso eta gero. Euskal diasporaren ahotsa liburuan bildu ditu haien iritziak. Duela hiru urte, ETAk «eraso ekintza armaturik» ez egiteko erabakia hartu zuenean, Argentinara eta Uruguaira bidaiatu eta hango euskal diasporakohemezortzi euskal herritarribake aukeraz galdetu zien. Elkarrizketa horiekin osatu du liburua, eta bildutako iritzietatik ondorio nagusi bat atera du egileak: bakea desio duela euskal diasporak ere. «Denek uste zuten bakearen garaia iritsi dela eta armek bidea eman behar diotela politikari».

Euskal Herriko politikariek «ahaztuta» daukaten euskal diasporari «omenaldia» egin nahi izan dio Arkaiak argitalpenarekin. Uste du atzerrian bizi den euskal komunitateak «errespetua» merezi duela eta Euskal Herrian hartzen diren erabakietan aintzat hartuak izateko eskubidea badutela. «Baketzeanparte hartu nahi dute, eta baita subiranotasun handiagoa lortzeko prozesuan ere. Guk adinako zilegitasuna dute horretarako».

Hori hala, euskal diasporaren ahotsa entzuteko griñak bultzatuta elkarrizketatu zituen Argentina eta Uruguaiko euskal etxeetako hainbat lagun. Eta laster ohartu zen ETAk hartutako erabakiak, «ilusioa eta itxaropena» ez ezik, mesfidantza ere sortu ziela Euskal Herritik milaka kilometrora bizi diren euskal herritarrei.«Baikorrak ziren, baina zuhurtziaz hartu zuten erakunde armatuaren pausoa», azaldu du.Mesfidantza agertu zuten ekintza armatuaren etenak bakea ekarriko zuen: batetik, ETArekiko sinesgarritasun eskasa zutelako, eta, bestetik,Espainiako eta Frantziako gobernueiurratsik egiteko borondaterik ez zietelako atzematen. «Mesfidantza handiena estatuek eragiten zieten, horien jarrera itxiak ETA armak berriro hartzera eraman zezakeelako».

Diasporaren ahotsa

Zuhurtzia hori islatu dute elkarrizketatu denek liburuan. Besteak beste, Espainiako Gobernuak euskal gatazka konpontzeko borondaterik ezduela dio Jose Domingo Ormaetxeak, zeina Mar de Platan bizi den, Argentinan. «Amaierarik gabeko istorioa da hau. Beti esaten da ETAk betiko desagertu behar duela, baina Espainiako Estatuak ez du sekula erakutsi hau amaitzeko borondaterik». Ideia berekoa da Gregorio Martirena ere; Martirena Uruguain bizi da.Dioenez, mesfidantza handiagoa eragiten dio Espainiako Gobernuak ezker abertzaleak baino: «Espainiari ongi datorkio ETAren existentzia, jakin badakielako indarkeria kudeatzen».

ETAk egindako urratsei bestelako «keinuekin» erantzutearen aldekoa da, bestalde, Javier Tisera. Keinu horien artean aipatu ditu presoak Euskal Herriratzea eta Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joatea. Haren ustetan, bakea behin betiko finkatuko da euskal gizarteari erabakitzen uzten zaionean.

ETAk ekintza armatuak etetea erabaki zuenean, Patxi Lopez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. «Eskandalugarria» zen euskal diasporako kideentzat abertzalea ez zen alderdi bat Ajuria Enean egotea, Arkaiak dioenez. Burujabetzarentzat «kolpe latza» izan zela uste zuten, eta ezinbestekotzat jotzen zuten alderdi abertzaleen arteko elkarlana indartzea. «Ez zuten ulertzen abertzaleokbat egiteko gai ez izatea».

Abertzaleen elkarlanaren alde agertu zen, esaterako, Jose Maria Etxeberria, Argentinan bizi den euskal herritar bat. Berak argi zuen ETA «oztopo» dela bakerako, baina baita indar subiranisten metaketarako ere.

Erakunde armatuak 2010ean su-etena iragarri zuenetik aurrerapauso gehiago eman dira bake prozesuan, horietatik nagusia, ETAk 2011ko urrian armak uzteko hartutako erabakia. Denbora pasatu bada ere, orduan jasotako iritziek oraindik gaurkotasun osoa dutela uste du Arkaiak. Egoera politikoa ez dela hainbeste aldatu iritzi dio: «Parot doktrinaren baliogabetzea kenduta, apenas egon den mugimendurik bake prozesuan». Ziur da Argentinako eta Uruguaiko euskaldiasporako kideak orain elkarrizketatuko balitu duela hiru urte agertutako bakerako itxaropen eta mesfidantza berbera azalduko luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.