Bake bidean «funtsezko eragile» izateko asmoz erregistratu da Bildu

Independenteen ordezkari batek eta Maiorga Ramirezek agiriak aurkeztu dituzte Nafarroako hauteskunde batzordeanPerez Rubalcabari erantzun diote «nahi adina» begiratzeko koalizioaren zerrendak

joxerra senar
Iruñea
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Ez da B plana, ezta C, D, E edo F plana ere». Azken egunetan, Espainiako botereek eta zenbait alderdi politikok zabaldutako espekulazio eta zurrumurruei erantzunez, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak irmo ukatu du Bildu ezker abertzalearen bigarren aukera dela. Maiorga Ramirez eta Aitziber Sarasola, azkena independente talde baten izenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren egoitzan izan ziren atzo eguerdian, eta hauteskunde batzordearen aurrean koalizio gisa erregistratu zuten Bildu. Auzitegitik atera eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroari erantzun zion Ramirezek: Bilduren zerrendak «nahi adina» begiratzeko esan zuen.

Egunotan Auzitegi Nazionalean GALek 1986an egindako bi atentaturi buruzko epaiketa egiten ari dira, eta, horregatik, Ramirezi bitxia egiten zaio Rubalcaba horren ingurua mutu egotea. «Ministro horrek guri horrelako iradokizunak egitea ez da onargarria; are gutxiago kontuan hartuz gero Felipe Gonzalezi estatu terrorismoa antolatzea leporatzen zaiola, eta haren gobernuburua izan zela kontuan hartuta, albiste horren inguruan ez duela erantzunik eman».

Erregistroak ikusmin handia piztu zuen komunikabideen artean, eta Ramirezek eta Sarasolak adierazpen ofizialak egin ondotik, zenbait kazetarik beste behin galdetu zieten Bildu B plana den.Maiorga Ramirezek baieztatu zuen bera izango dela Nafarroako Parlamenturako Bilduren zerrendaburua eta Eva Aranguren Iruñeko Udalerako alkategaia.

Erregistroa 11:45ean egin zuten, eta hurrengo egunetan beste lurraldeetan berdin egingo dute. Nafarroan sortutako ekimena izaki, Sarasolak eta Ramirezek nabarmendu dute horregatik erabaki dutela koalizioaren erregistroa Iruñean egitea. Ostiralean amaitzen da izena emateko epea, eta zerrendak aurkezteko epea apirilaren 18ra arte da. Dena den, larunbatean egingo du hautagaien aurkezpen ofiziala Bilduk, Donostian, Kursaalean.

«Demokrazia sendotzeko»

Aitziber Sarasolak gogoratu du koalizioa EAk, Alternatibak eta herritar independente talde zabal batek osatzen dutela. «Oso garrantzitsutzat» jo du ideologia desberdineko jendea proiektu berean biltzea, «demokrazia sendotu egiten baitu». Azpimarratu du Bilduk bi ezaugarri nagusi dituela: batetik, subiranotasuna aldarrikatzea, eta, bestetik, ezkerreko edukiak proposatzea.

Sarasolak gaineratu du Bilduk beste jokaleku baterako apustua egingo duela. «Une historiko honetan gure asmoa izanen da bestelako agertoki bat lortzea eta bake bidean jartzea Euskal Herria. Horretarako ezinbestekoa da pertsona guztien eskubideak errespetatzea; giza eskubideak, eskubide zibilak, eskubide politikoak eta eskubide sozialak, alegia», arrazoitu du.

Maiorga Ramirezek gaineratu du bake eta normalizazio politikorako Bildu «funtsezkoa eta eraginkorra» izango dela. «Sinetsita gaude bazterkeriarik gabeko batasuna egituratuko duen koalizio bat osatzea beharrezkoa dela», esan du, eta etorkizunean koalizioak kide gehiago izango dituela aurreratu du.

NaBai: «Legezko ekimena»

Egungo Nafarroa Bai sektorekako programa aurkezten dabil egunotan. Patxi Zabaleta NaBaiko hautagaiaren irudiko, Bildu «zilegizko ekimena» da eta «legezkoa» izan behar du. Pozik azaldu da Nafarroan hauteskundeetara aurkeztuko diren aukerak «gero eta argiago» daudelako. Zabaletak ukatu egin du Bildurekin inolako akordiorik dutela: «Ez dago, eta ez da kontuan eduki ere egin». 2011ko NaBairen kezka UPNri irabaztea dela gaineratu du.

UPNko hautagai Yolanda Barcinak, berriz, uste du Espainiako Justiziak «erne» egon behar duela, «Batasuna hauteskundeetan sar ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.