«Muturreko egoerei baizik ez daki erantzuten Frantziako Estatuak»: horrela mintzatu da Anaiz Funosas Bake Bidearen eta Bakegileen izenean. Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren harira agerraldia egin zuten atzogoizean, Baionan. Lehenik, Colonnaren familiari «elkartasuna» adierazi diote, eta, «gertaera tragikoaren aitzinean», Frantziako Estatuaren jarrera salatu dute.
Colonna Arlesko (Okzitania) presondegian zegoen kondena betetzen, eta, hain zuzen, presoa hurbildu ez izana leporatu diote Frantziako Estatuari. «Beste aterabide bat posible zitekeen preso honen eskubideak bermatuak izan balira. Bere osotasun fisikoa errespetatua izanen zen Korsikako presondegi batera hurbildu izan balute, haren familiak eta hark berak ere eskatzen zuten bezala».
Euskal Herriko presoen egoeraz ere mintzatu ziren atzo egindako agerraldian. Oroitarazi zuten Jakes Esnalek eta Jon Parotek 32 urte beteko dituztela preso, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egoerari entzungor egiten diola salatu zuten: «Haren ezaxolakeriak eta geldikeriak mespretxu osoa adierazten diete euskal gizartetik egin diren etengabeko indarrei. Euskal gizarteak sekulako indarrak egiten baititu bake prozesuak aurrera egin ahal izateko, presoen gaia konpontzea ezinbestekoa dela oroitarazteko, behin eta berriz».
Horiek horrela, «preso politikoen» auzia konpontzeko «kudeaketa politikoa» ezinbestekotzat jo dute. «Injustizia baten aitzinean gara, eta hori irmoki salatzen dugu, bai baitakigu arazoak irtenbidea duela [Frantziako] Estatuaren goi mailan tratatzen bada».
Euskal presoen egoeraren blokeoaren aitzinean, urtarrilean hasi zuten desobedientzia zibilean oinarritutako fase berriari eusteko beharra azpimarratu dute, «herritik eragiteko». Dei egin dute heldu den apirilaren 2an eginen duten ekintzan parte hartzeko, eta bi ordu eman: 09:30ean, Hazparnen eta Urruñan (Lapurdi).
Colonnari sostengua
Colonnaren heriotzak Euskal Herrian ere samina eragin du. EH Bai koalizio abertzaleak manifestazioa antolatu du larunbaterako Baionan. 15:00etan eman dute ordua, Baionako San Andres plazan. «Korsikan, Euskal Herrian bezala, gatazka politikoaren konponbidea Frantziako Estatuaren borondatetik eta kudeaketa politikotik etorriko da», erran dute.
Sortuk ere bat egin du deialdiarekin, Biziarteko kartzela zigorraren aurka, konponbidearen alde lelopean. «Korsikako gizartearen gehiengo zabalak preso politikoen afera konpontzeko egindako eskariei muzin egin izan die Parisek, eta Yvan Colonnari hilzorian zegoelarik baino ez zion kendu DPS estatusa eta kondena, ez lehenago. Ekidin zitekeen heriotza hori!», salatu dute. Baionan eginen duten protestan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Bake Bideak «kudeaketa politikoa» eskatu du «preso politikoentzat»
Frantziako Estatuaren jarrera gaitzetsi dute, eta haren «mespretxua eta axolagabekeria» salatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu