BAIONA. Bakea Euskal Herrian Parisko legelarien batzordeak eta Parisko abokatuen bazkunak, Bake Bidearen sostenguarekin batera, konferentzia bat antolatu dute bihar zortzirako, Frantziako hiriburuan. Parisko abokatuen kolegioaren etxean izango da saioa, 19:00etatik 22:00etara, Zigorraren zentzua bakearen ondoren lelopean.
Serge Portelli legelariaren eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearen sarrerako hitzen ostean, lehen hitzaldien txanda izango da. Gaia: ETA erakundearen eta errepresioaren bilakaera historikoa. Xavier Crettiez Zientza Politikoetako irakasleak ETA: erakunde armatu baten historia soziala izango du hizpide; Emmanuel Pierre Guittet Zientzia Politikoetako doktoreak, ETAren kontrako errepresioa; eta Paco Etxeberria auzi medikuak, Torturaren praktika euskaldunen kontrako español prozeduretan.
Bigarren gaia ETAren desegitearen aurrean erabaki judizialak: posible al da bilakaera bat? izango da, eta Jean Paul Cere Zuzenbide Penaleko Frantziako Elkarteko presidentea mintzatuko da: Frantziako praktika judizialean ETAren desegitearen kontuan hartzea.
Mahai inguru bat izango da ondotik; besteak beste, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak eta Xantiana Cachenaut abokatuak hitz egingo dute. Philippe Texier magistratuak egingo du bukaerako hitzaldia.
Iazko abenduaren 9an Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean manifestazio bat izan zen, Parisen, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek sustatua.
Bake Bideak konferentzia bat egingo du legelariekin, Parisen
'Zigorraren zentzua bakearen ondoren' leloa izango du hilaren 13ko saioak; ETA osteko garaia aztertuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu