Urtarrilaren 8an manifestazioa eginen du Bake Bideak, Baionan, Denbora guti dugu! Unai, Jon eta Jakes gurekin lelopean. Egun horretatik aurrera fase «ofentsiboago eta determinatuago» bat abiatzeko beharra aldarrikatu dute, azken urtean euskal preso eta iheslarien auzia konpontzeko «pauso esanguratsurik» eman ez dela argudiatuta. «Xistorren presondegitik ateratzearen urtemuga betetzen den egun honetan, euskal presoen eta bereziki Jon Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatu behar dugu, baita Espainiako Estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere. Hori dela eta, 2022ko lehen sei hilabetetan, ofentsiboagoa eta determinatuagoa izanen den dinamika mobilizatzaile berria aktibatzeko erabakia hartu dugu». Salatu dute «beste garai bateko auziak burutzen segitzen» dutela.
Bestalde, Euskal Herriko herritarrei eta hautetsiei dei egin diete «indarrak batzeko». Hala, datorren abenduaren 4an biltzar bat eginen dute Hiriburun (Lapurdi), 09:00etan, fase berria «eraikitzeko» asmoz.
Bilbon ere, kalera
Baionako manifestazioarekin batera, Bilbon ere martxa eginen dute herritarrek, Sarek deituta, Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lelopean. Bide horretan egindako urratsak ontzat eman zituen Bego Atxa Sareren bozeramaileak, baina ohartarazi zuen bizikidetza «ezinezkoa» dela euskal presoei aplikatzen zaien «salbuespen legeria» desagertzen ez bada.
Espetxe administrazioaren geldotasuna salatzeaz gain, justiziaren jarrera politikoa eta ideologikoa deitoratu ditu Sarek. Izan ere, espetxeetako batzordeek gradu aldaketaren bat edo baimenen bat eman orduko Espainiako Auzitegi Nazionalak «errekurtsoa jarri, blokeatu eta geldiarazi» egiten dituela gaitzetsi du. Eta salatu du atzerapausoak ere ematen dituztela batzuetan, presoak hirugarren gradutik bigarrenera pasatuz. Hain zuzen, bizikidetza eta espetxe politika lotuta daude Atxarentzat, eta, Sareren ustez, bietan egin behar da bidea: «Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak».