Bake Bideak antolatu foroak zehaztua du hiru eguneko egitaraua

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Apirialaren 6an, 7an eta 8an iragango da Bake Bideak Bakegileekin batera antolatu foroa, Baionan zein Miarritzen (Lapurdi). Apirilaren 6an, ostiralez, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan, Biktimak, sufrikarioa: Iraganari aurre egin etorkizuna eraikitzeko gaia izango du lehen mahai inguruak. Hauek izango dira hizlariak: Mixel Berhokoirigoin bakegilea, Jean Pierre Massias Justizia Trantsizionaleko Elkarte Frankofonoaren lehendakaria, Julen Mendoza Errenteriako (Gipuzkoa) auzapeza, Serge Portelli Versailleseko Dei Gorteko epailea, Pantxoa Bimboire merkataritza ganberako kidea, Karmen Galdeano GALek 1985ean erail zuen Xabier Galdeanoren alaba, eta Jexux Mari Mujika ETAk 2000n hil zuen Joxe Mari Korta enpresarien buruaren lagun mina.

Apirilaren 7an, larunbatez, Miarritzeko Bellevue Auditoriumean, Euskal presoak: Egingarritik beharrezkora izenburuko mahai inguruan izanen dira, Xantiana Cachenaut EPPK-ko presoen abokatua, Anaiz Funosas Bake Bidea mugimenduko lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Noel Etxeberri Txetx Bakegilea, Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako Ohorezko lehendakaria, Michel Veunac Miarritzeko auzapeza, Harold Good apeza, eta Philippe Texier magistratua. «Ulermen momentu bat izatea nahi dugu, gardentasunez, euskal delegazioak egin duen lanari tarte bat eskainiz», zehaztu zuen aurkezpen prentsaurrekoan Funosasek.

Apirilaren 8ko egitaraua oraindik publiko ez bada ere, jakina bada Koldobika Jauregiren Arbolaren Egia obra estreinatuko dutela Baionan. «Arbola hain da bihotz onekoa, non bere egurra ematen dion aizkorari, giderra egin dezan, jakinda moztu dezakeela», azaldu zuen Jauregik. Desarme eguneko gunetik metro gutxitara izango dela zehaztu zuen Etxegaraik. Zortzi metro garai eta lau metro zabal dituen obra diruztatzeko mezenasgo bat jarri du martxan Bake Bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.