Espainiako Gobernuak onartu du bakarrik dauden migratzaile adingabeak autonomia erkidegoen artean banatzeko lege aldaketa. Aldaketa hori aintzat hartuta, aurreikuspen batzuk egin dituzte, eta horien arabera, Hego Euskal Herriko erkidego gobernu biek 252 adingabe hartuko dituzte, 164 Nafarroako Goernuak eta 88 Eusko Jaurlaritzak. Atzerritarren Legea moldatu du Madrilek, dekretu bidez, Junts per Catalunyarekin akordioa lortu eta gero. Legeak irizpideak ezarriko ditu Kanarietan dauden adingabeak erkidegoen artean «era justuagoan» banatzeko.
Besteak beste, banaketa egiterakoan aintzat hartuko da erkidegoek orain arte egin duten «ahalegina». Hori dela eta, orain arte migratzaile gehien jaso dituzten erkidegoek ordaina jasoko dute. Gobernuak 100 milioi euroko funts bat sortu du horretarako, eta erkidegoek jaso ditzaketen adingabe kopurua gainditzeak eragindako gainkostuak finantzatzeko erabiliko da diru hori. Banaketa egiterakoan kontuan hartuko dira, halaber, erkidegoen biztanleria, errenta maila, langabezia tasa eta harrera plazen kopurua. Irizpide horien araberako taula bat eman dute ezagutzera, eta horretan ezartzen dira Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren zerbitzuei dagozkide adingabeak: 164 lehenari eta 88 bigarrenari.
Banaketa ez da berehala egingo, dena den. Baina modua ezarriko du erkidegoak «oso tentsionatuta» daudenean beste erkidego batzuetara lekualdatzeko. Derrigorrezkoa izango da erkidegoek gehienez jaso ditzaketenak baino hiru bider gehiago hartzen dutenean. Hori da, hain justu ere, Kanarietan gertatzen dena. Une honetan 4.000 migratzaile adingabe daude han. Kanarietako Gobernuak ohartarazi zuen gainez eginda daudela eta ezin diela behar duten arreta eman.
EAEn ere egoera jasanezina dela salatu zuen Eusko Jaurlaritzak; gaur egun 900 adingaberi ematen diete aterpe Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek —migrazio eskumena Espainiako Estatuaren bada ere, erkidegoena da adingabeen eta gizarte zerbitzuen ardura—. Egoerari irtenbide bat eman eta migratzaile adingabeak «era justuan banatzeko», proposamen bat aurkeztu zion Madrili joan den urteko abenduan. Proposamen hori Kanaria uharteetako presidente Fernando Clavijorekin batera aurkeztu zuen Imanol Pradales lehendakariak.
Urte hasieran, bi gobernuek erkidego guztiei zabaldu zieten «lankidetza hitzarmena». Eskatu zuten banaketa egiterakoan EAE «iparraldeko muga gisa» onartzea, baina ez dute lortu hori lege berrian; Kanarien «uhartetasuna» kontuan hartzea ere eskatu zuten, eta hori aintzat hartu du legeak. Horiek horrela, nahiz eta banaketa egiterakoan aintzat hartuko den erkidegoa «mugako lurraldea» den edo ez, ez da EAEren aipamena beren-beregi jasoko. Aipamen horri esker aparteko baliabideak jasotzeko aukera izango luke Jaurlaritzak.
Horregatik Jaurlaritzak uste du ituna «hobetu» daitekeela. Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramailea pozik azaldu da akordioa dela-eta, uste baitu «arazo» bati «irtenbidea» ematen lagunduko duela: «Gaurkoa [atzokoa] soluziorako aurrerapauso bat da». Eta nabarmendu du akordioaren oinarrian EAEk eta Kanariek landutako proposamena dagoela, besteak beste, aparteko gastuak ordaintzeko laguntza lerro bat sortu baitu Madrilek. «Hori ontzat jo dugu», azpimarratu du bozeramaileak.
Ubarretxenak iragarri duenez, Pradalesek eta Clavijok telefonoz hitz egin zuten atzo goizean, eta bi gobernuetako ordezkariak gaur elkartuko dira dekretuaren xehetasunak aztertzeko. «Hori da bidea: lankidetza, elkarrizketa, akordioak, eta, batez ere, soluzioak». Lege aldaketari esker EAEk migratzaile gutxiago jasoko dituen galdetuta, ordea, Ubarretxenak ez du kontua argitu nahi izan.
Nafarroako Gobernuak ez du itunaren inguruko baloraziorik egin oraingoz. Amparo Lopez bozeramaileak esan zuen begi onez ikusten dituela «elkarrizketa eta akordioetara iristeko borondatea».
«Gaurko akordioa soluziorako aurrerapauso bat da, baina uste dugu badagoela hobetzeko tartea»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
Espainiako Gobernuak joan den urtean aldatu nahi zuen legea, baina ez zuen kongresuaren oniritzia lortu, aurka bozkatu zutelako PPk, Voxek eta JxCk. Hilabete luzez negoziatu ondoren, ordea, Kataluniako alderdiak iragarri du ituna egin duela PSOErekin. Duela bi aste migrazio eskumena Kataluniako Gobernuaren esku uzteko akordioa sinatu zuten bi alderdiek, hain zuzen ere, eta horrek atea zabaldu dio orain adingabe migratzaileen inguruko akordioari.
Kataluniara «20 edo 30»
JxCk akordioaren berri emateko kaleratutako oharrean adierazi du orain arte migratzaile adingaberik jaso ez duten edo «Kataluniaren aldean ahalegin askoz txikiagoa» egin duten erkidegoen artean egingo dutela banaketa. Hortaz, Kanarietan dauden 4.000 adingabe migratzaile horietatik soilik «20 edo 30» jasoko lituzke Kataluniak, eta «700 baino gehiago» Madrilgo erkidegoak.
Kongresuak oniritzia eman beharko dio dekretuari, gehienez 30 eguneko epean. Baina JxCren aldeko botoari esker ez du aurrera egiteko oztoporik izango.