Bakarrik dauden migratzaile adingabeen banaketa «era justuago batean» arautzea, «haur eta gazteen arreta bermatzeko eta Kanarietako baliabide sarearen tentsioa arintzeko». Hori da Kanaria uharteetako presidente Fernando Clavijok eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek adostu duten proposamenaren helburu nagusietako bat. Abenduaren 12an Espainiako Gobernuari aurkeztu zioten proposamena, autonomia erkidegoetako buruen arteko 27. konferentzian, baina, orduko hartan, ez zuten lortu ados jartzea. Orain, akordio proposamena osorik bidali diete gainerako erkidegoetako presidenteei, adostasuna zabaldu nahian.
Agirian, Kanarietako eta EAEko gobernuek premiazkotzat jotzen dute «solidaritatea eta lurralde erantzukidetasuna modu eraginkorrean aplikatzea», inoren kargura ez dauden adingabeak Espainiako Estatuko erkidegoen artean banatzeko tenorean. Pradalesen eta Clavijoren irudiko, neurri horrek erraztu eginen luke adingabeen «oinarrizko premiak eta eskubideak betetzen direla bermatzea». Bi presidenteen arabera, Espainiako Gobernuak du «adingabeen banaketa ekitatiboa modu eraginkorrean sustatzeko ardura», eta hari eskatu diote finantzaketa, «Espainiako eta Europako funtsekin eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioen koordinazioarekin».
Zehazki, Kanarietako eta EAEko gobernuek «lankidetza hitzarmen bat» proposatu dute, hiru ardatz nagusitan banatuta: bat, Migrazio Plan Estrategiko bat onartzea; bi, Euskal Autonomia Erkidegoa «iparraldeko mugatzat» onartzea, eta, hala, «bidean direnak duin artatzeko diru zuzkidura handiagoa» ematea; eta hiru, adingabe migratzaileen banaketa «orekatua, koordinatua eta bidezkoa» sustatzea.
Banaketa eredu koordinatu hori, gainera, adierazle hauen arabera eginen litzateke: erkidego bakoitzeko biztanleak, hartutako biztanleria, biztanleko barne produktu gordina, langabezia eta azken bost urteetan hartutako adingabeen kopurua.