Diote Espainiako Estatua bakarra dela, beste estatu guztiek bezala besterik ezin duelako izan. Badiote banaezina dela ere. Baina horrek ez du zertan hala izan. Bi printzipio horiek—bakarra eta banaezina— izan dira bi dogma, bi printzipio metafisiko ia Espainiaren historian. 1978ko konstituzioari buruz egindako hainbat interpretaziotan ere hala ulertu da. Lehena, halabeharrez; Espainiako bi estatu edo gehiago ezin direlako egon. Eta bigarrena, hala erabaki dutelako, konstituzioak aukera ematen baitu aldatzeko, banatzeko, konstituzioa bera erreformatuz gero, Auzitegi Konstituzionalak aitortu duenez. Baina erreformatuta ere, jasoko litzateke sezesiorako eskubidea? Diotenez, posible denaren artea omen da politika.
Horren inguruan aritu ziren atzo goizean, Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroetako Berrikuntza politikoa mintegian parte hartu zuten adituek eta politikariek: Eduardo Virgala EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak,Xabier Arzoz Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko letratu-aholkulariak eta Eduardo Madina PSOEko diputatuak, besteakbeste.
Auziaren ikuspegi juridikoa eman zuten aurreneko biek euren hitzaldietan, eta ados agertu ziren puntu nagusietan. Virgala: «Kataluniaren eta Euskal Herriaren sezesio eskaerei bidea emango dien konstituzio erreforma bat behar da». Arzoz: «Estatutuen bideak ez du balio izan autogobernuan sakontzeko, bide bakarra izango litzateke konstituzioan jasotzea nahi haiei bide emateko prozedura bat».
Virgala oso eszeptiko azaldu zen bere eta bere kidearen planteamenduarekin; antzera bigarrena: «Behar dugun erreforma da hori, baina nekez izan daiteke halakorik». Zergatik? «Espainiako gehiengo handi bat statu quo-aren alde dagoelako». «Ausardia beharko litzateke iritzi politikoa aldatzen joateko», azpimarratu zuen Virgalak. Arzozek ere aitortu zuen erreforma posible den arren, Espainiako soziologia politikoak eta bereziki Espainian nagusi diren bi alderdien planteamendu «zurrunek» galarazten dutela konponbidea. «Espainiako alderdi hegemonikoek hustu egin dituzte konstituzioak ematen dituen aukerak. Konstituzioa erabiltzen dute dominazio tresna gisa, eta ez integraziorako».
Madinaren federalismoa
Azken adierazpen horiekin erabat ados ez, eta legelarien planteamenduak errotik moztuz, bere alderdiaren jarreraren isla den proposamena azaldu zuen haien ondotik mintzatu zen Eduardo Madina. Konstituzioaren erreformaren alde egin zuen berak ere, baina eredu federalista batera jotzeko. Eredu «asimetrikoa» bai, baina baita, eta bereziki, «integratzailea eta solidarioa» ere.
Zeharka eta zuzenean, erabakitzeko eskubidea izan zuen ahotan Bizkaiko Ezkerraldean hazitako diputatu sozialistak. Berak eta bere alderdiek ez dutela «inola ere» hori onartuko azpimarratu zuen une batean: «Norbere identitatea defendatzeko eskubidea bai; disekziorako eskubidea ez». Beste hitz batzuekin esanda, aniztasuna bere baitan jasoko duen estatu bakarra, baina banaezina: «Prest gaude konstituzioa erreformatzeko, baina ez independentisten nahiak asetzeko. Espainian geratu nahi dutenentzako proposamena da gurea».
Madinaren hitzartzeak eztabaida luzea eragin zuen, baina galdera ugari egin zizkioten arren, ez zuen zehaztu, adibidez, aniztasun kultural eta linguistikoa nola berma dezakeen eredu horrek. Ez zuen zehaztu, halaber, proposamen hori erantzun egokia izan daitekeen independentistak gehiengo diren herrialdeentzat, berak ere aitortzen duen «arazo politikoa»konpontzeko. Egin ezean, sozialisten proposamenak ez lukeela ezertarako balio ohartarazi zuten aurretik aritutako bi legelariek. Arzoz: «Egoera horretan, independentistek beste bide batzuetatik joko dute»; aldebakarreko independentzia aldarrikapenetik, kasurako. Zail ikusten du irtenbidea Virgalak ere: «Estatu federala autonomiena baino gehiago dela saltzen ari dira, baina horrek ez du balio ez badu konpontzen Euskal Herriko eta Kataluniako arazoa».
Espainia «bere osotasunean hartuta» egindako analisia izan zen Madinarena. Hala aitortu zuen entzuleen artean zen Urko Aiartza Amaiurreko senatariak galdetu zionean haren subjektu politikoa zein zen. Bere proposamena integratzailea dela azpimarratu zuen PSOEkoak. Aurretik esan zuen independentistena ez dela hala: «Homogeneizaziorako eskubidea nahi dute». Aiartzak erantzun zion berea ere integratzailea eta solidarioa dela, Madinak Andaluzia eta Madrilera begiratzen duen bezala, berak Zuberoara eta Nafarroara. Eskoziakoa eredua ere gogoratu zioten PSOEko diputatuari.
Atzoko eztabaidan hainbatean gaineratu zen subjektu politikoan arteko talka: Nork erabaki behar du? Nolako gehiengoak behar dira?... Hala laburbildu zuen Arzozek: «Gutxiengo nazional batek ezingo du inoiz gehiengoa izan egitura supranazional batean. Horri irtenbidea jartzen ez bazaio, gatazkak iraungo du, eta indartu egingo da».
Diote politika posible denaren artea dela, baina posible ez denarekin politika egiten denean, erretorika baino ez dela.
EHUko Udako ikastaroak. Berrikuntza politikoa
Bakarra bai, eta banaezina?
Espainiaren menpeko nazioen aldarrikapenei bide emateko konstituzioa erreformatu behar den edo ez, eta horren gakoak zeintzuk izan behar duten aztertu dute Udako Ikastaroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu