Kontraesanez eta liskarrez beteriko garai politiko batean, itxaropen izpi bat piztu zuen Ahotsak mugimenduak, duela hamar urte. Hainbat tradizio eta pentsaera politikotako emakumeak bildu ziren plataforma hartan, arlo askotan iritzi kontrajarriak zituztenak, baina gauza izan ziren zenbait punturen inguruan ados paratzeko. Eta gizarteak eskertu egin zuen gatazka puri-purian zegoen garaian horrelako ahalegina egitea.
2006ko apirilaren 8an plazaratu zuten euren agiria; hamar urte bete dira egunotan. Askotariko emakumeak ziren agiriaren bultzatzaileak, 50 baino gehiago, Euskal Herri osokoak eta esparru politiko guztietakoak —PP, UPN eta UMP izan ezik, alderdi politiko eta sindikatu guztietako emakumeak zeuden taldean—. Baina norbanakoen egitasmoa izan zen Ahotsak, inongo alderdirik ordezkatzeko asmorik gabea: bakarlarien ahotsak, batzen zituena oinarri hartuta askotariko ahotsen abesbatza osatzen zutenak.
Apirilaren hasieran plazaratu zuten agiria, ETAk su-etena iragarri eta gutxira —martxoaren 22an izan zen erakunde armatuaren iragarpena—. Baina haien arteko harremanak askoz lehenago hasi ziren bilbatzen, oso testuinguru zailean, ETAren jarduera armatua bete-betean zegoenean eta ezker abertzalea legez kanporaturik egonik. «Aurretik bazegoen harremana, eta harremanek beti denbora eskatzen dute», esan du Onintza Lasak, garai hartan Eusko Alkartasuna alderdiaren legebiltzarkide zenak. «Ez zen ezeri emandako erantzun bat izan, kezka baten ondorio baizik».
«Garai hartan, inkomunikazio hutsa zegoen alderdi politikoen artean», gogoratu du PSE-EEko Gemma Zabaletak. «Ahotsak izan zen saialdi zintzoa komunikazio gehiago lortzeko eta bake prozesua babesteko. Pentsatu genuen zerbait gehiago jarri behar genuela. Jone Goirizelaiarekin nire harreman pertsonala ona izan da beti, eta biok pentsatu genuen guk ordezkatzen genituen jarrerak beharbada muturrekoenak zirela, elkarrengandik aldenduen zeudenak. Bi jarrera horien artean akordioren bat lortzea interesgarria izan zitekeen beste jarrera politikoetan ere asmo bera sortzeko».
Goirizelaiak dioenez, Zabaletarekin harremana zuen biak Eusko Legebiltzarreko kide zirenetik, hamarkadaren hasieran. «Legez kanporatzearen aurreko garaia zen, baina orduan ere, alderdiek guztiz galarazia zuten ezker abertzalearekin hitz egin edo akordioak egitea», esan du abokatuak. Zabaleta eta Goirizelaia elkarrekin joaten ziren zenbait hitzalditara, eta ikusi zuten hainbat gauzatan ados jartzeko aukera bazegoela: «Adibidez, alardeetan emakumeek parte hartzearen gaia lantzen hasi ginen, eta lortu genuen horren inguruan talde parlamentario guztietako emakumeak ados jartzea, PP barne».
Horri esker, beste alderdi batzuetako emakumeekin ere harremanetan hasi ziren: «Konturatu ginen Gemmak eta biok genuen jarrera bazegoela beste alderdietako emakumeen artean ere», esan du Goirizelaiak. «Eta zerbait elkarrekin egitea pentsatu genuen, politikagintzan emakumeen zeregina aldarrikatuz eta bide batez bakearen arloan gure ekarpena eginez».
Zapatero, jakitun
Horri begira hasi ziren lanean hainbat alderditako emakumeak, horien artean, PPko Arantza Quiroga, azkenean taldea uztea erabaki bazuen ere «seguru asko, alderdiak hala aginduta», Goirizelaiaren hitzetan. Hainbat zirriborro landu zituzten agiri bateratu bat ontzeko asmoz, eta, lanak aurreratuta zeudela ikusi zutenean, pentsatu zuten komenigarria zela alderdietako egiturak jakinaren gainean jartzea. Ezker abertzaleko Arnaldo Otegiri eta PSE-EEko Jesus Egigureni eman zieten egindakoaren berri, eta garai hartan Espainiako gobernuburu zen Jose Luis Rodriguez Zapaterori ere iritsi zitzaion informazioa.
Hasieran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeak ibili ziren zeregin horretan, eta geroago, gainerako herrialdeetako emakumeek ere ekin zioten lanari. «Gogoan dut PSFko Colette Capdevielle eta beste emakume batzuekin hitz egitera joan ginela, eta bileran bazegoela gizonezko bat, antza denez sozialisten burua», azaldu du Goirizelaiak. «Hark galdetu zigun PSOEk zer pentsatzen zuen horretaz. Gemmak [Zabaleta] esan zion Zapaterok bazuela horren berri, eta gizonak erantzun zuen bazegoela beste arazo bat, alegia, PSFko gizonezkoek ere oniritzia eman behar ziotela. Eta Capdeviellek eta gainerako emakumeek esan zioten ezetz, erabakia beraiena zela, ados zeudela eta parte hartuko zutela. Gizonezkoak, isildu, eta bileratik alde egin zuen».
Zabaletak berretsi du Rodriguez Zapateroren gobernuak bazekiela mugimendu haien berri, «baina arriskutsua zen horrelako akordio bat plazaratzea ETAren su-etenik gabe». ETAk iragarri zuenean armak isilaraziko zituela, prozesuak beste neurri bat hartu zuen, eta handik gutxira iritsi zen agiriaren aurkezpena.
Agirian, emakumeen parte-hartzea aldarrikatu eta «bakearen eragile aktibo» izatearen beharra agertzeaz gain, hiru ideia nagusi nabarmentzen zituzten: batetik, bakea «eskakizun kolektibo eta lehentasun politiko» gisa definitzea; bestetik, «bide politiko eta demokratikoak erabiliz», proiektu politiko guztiak egingarri bilakatzearen egokitasuna; eta, hirugarrenik, euskal herritarren erabakia errespetatzeko beharra, bideak bilatuz «beharrezkoa balitz, erabaki horrek lege araudian isla» izan dezan.
Emakumeak ziren Ahotsak agiriaren izenpetzaileak. «Historian, emakumeek zeregin garrantzitsua izan dute beti bake prozesuetan», esan du Zabaletak. «Gizonak izaten dira protagonistak, baina emakumeok ere protagonista izan nahi genuen, eta, nolabait, politika egiteko beste eredu bat ere eskaini».
Lehenengo agerraldia egin ostean, lanari lotu zitzaizkion sinatzaileak. Agiria aurkeztu zuten Euskal Herriko zenbait herritan zein Euskal Herritik kanpo. Hitzaldiak ere antolatu zituzten, munduko beste zenbait gatazkatan bakearen alde aritutako andrazkoen ahotsa Euskal Herrira ekartzeko. Emakume gehiagok izenpetu zuen agiria, 5.000 inguruk orotara, eta talde feministen babesa jaso zuten. Hainbat herritan Ahotsak-en aldeko plataformak sortu ziren.
Leku guztietatik iritsi zitzaizkien laudorioak eta onespenak, eta, esaterako, Espainiako Aktoreen Batasunak Emakumeak Baturik izeneko saria eman zien. Bereziki esanguratsua izan zen abenduaren 2an Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldia: 3.000 emakumek hartu zuten parte horretan, eta beste asko kanpoan gelditu ziren, «nahiz eta hori antolatu zenean alderdien inolako laguntzarik ez egon», Goirizelaiaik dioenez.
Garai hartan, PSNko kide zen Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, eta Ahotsak-en bozeramaileetako bat izan zen Nafarroan: «Emakume eta elkarte askok ontzat hartu zuten gure lana eta pasioz egindako agiri hura. Eta, gainera, eredu izan zen. Orain, Nafarroako Parlamentuan, ia egunero entzuten dut batzen gaituen horretatik abiatuta lan egin behar dugula. Ideia hori geuk sustatu genuen, oso garai zail batean, eta badirudi orain indarrean dagoela».
«Guk adierazi genuen benetan nahi izanez gero eragozpen asko gaindi daitezkeela», esan du Lasak, «eta uste dut jendeak hori eskertzen duela. Batzen gintuena azpimarratzea dinamika berritzailea zen orduan; gizarteak ikusi zuen hor ahalegin zintzo bat zegoela, eta hori babestu nahi izan zuen». Zabaleta ere bat dator balorazio horrekin: «Politikaren zeregina ez da inkomunikazioa, kontrakoa baizik: hitzarmenak sustatzea, desberdin pentsatzen dugunon artean konplizitateak jostea. Gizarteak hori espero du, eta, horregatik, ontzat eman zuen. Orain, berdin gertatzen da horrela jokatzen duten mugimenduekin, Gure Esku Dago-rekin, esaterako».
Goirizelaiak, berriz, uste du harrera on horrek erakusten duela emakumeek bazutela «gose» moduko bat «beste ikuspuntu batetik, beste molde batzuen arabera lan egiteko tokia bilatzeko», eta pentsatzen du gabezia horrek oraindik badirauela: «Orain ere, politikan aritzen diren gehienak gizonezkoak dira. Horretan berdin jarraitzen dugu».
Oztopo ugari ere bai
Baina denak ez ziren laudorioak eta sariak. Oztopo ugari ere gainditu behar izan zituzten, horietako asko, alderdietako egituretatik jarriak. PSNko garai hartako idazkari nagusi Carlos Chivitek, esaterako, esan zuen «bateraezina» zela PSNko hautetsi izatea eta Ahotsak-en agiria sinatzea. Eta ez zen bakarra izan: «PSNk oso gauza gogorrak esan zituen gure kontra», azaldu du Aznarezek, «baina mugimendu feministak eta euskal emakumeok bagenekien gure arteko elkartasun sare bat josten ari ginela».
Agiriaren edukietatik harago,Goirizelaiak uste du beste arrazoi bat ere egon zela Ahotsak-en kontrako kritika horietan: «Gizon batzuei ez zitzaien batere gustatu gauzak hain ondo joatea, eta euren erreinaldia kolokan ikusi zuten».
Arazoak areagotu ziren abenduaren 30ean ETAk Madrileko Barajas aireportuan lehergailu bat zartatu eta bi lagun hil zituenean. Leku askotatik iritsi ziren presioak eta atentatua gaitzesteko eskaerak. Taldeak denbora hartu zuen erantzun bat eman aurretik, eta Goirizelaiak uste du «gauza» izan zirela «modu adostu batean eta batzen gintuena aurretik jarrita» erantzuteko, baina presioak eta kritikak ez ziren baretu.
ETAk su-etena bukatutzat eman ondoren —2007ko ekainaren 6an— egoera politikoa erabat aldatu zen, eta Ahotsak-en jarduera publikoa asko apaldu zen, ia erabat desagertu arte. Baina taldea ez da inoiz desegin, eta hura osatu zuten emakume askok harremanetan jarraitzen dute oraindik ere. Aznarezek dioenez, hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi bat antolatu nahian dabiltza Nafarroako Parlamentuan.
Eta BERRIArekin mintzatu diren emakume guztiek uste dute agiri hartan jasotako edukiek «inoiz baino gaurkotasun handiagoa» dutela, eta abiapuntu egokia liratekeela zenbait arazori aurre egiteko: «Herritarren borondatea aintzat hartzea gakoa da», esan du Goirizelaiak, «eta agirian jasotzen genituen beste eduki batzuk, bakearen ingurukoak edo emakumeek parte hartzeari buruzkoak, guztiz indarrean daude».
Bakarlarien abesbatza
Hamar urte bete berri dira hainbat emakumek Ahotsak agiria plazaratu eta izen bereko plataforma sortu zutenetik; alderdi desberdinetakoak izanagatik, jakin zuten batzen zituena lehenesten eta haize berria ekarri zioten euskal politikagintzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu