Bakardadea beldurgarria da norberak aukeratutakoa ez denean. Baina norberak aukeratutakoa bada, aske egiten zaitu». Bakarka munduari bira ematea. Tamaina horretako erronkari heltzen dionaren arrazoiak bilatzen dabilenari erantzun dio horrela Bernard Stammek, Velux 5 Ozeano probako azken irabazleak.
Gogorra behar du izan datozen sei hilabeteak itsasoaren mende, haren gutizia eta erneguen arabera egitea. Bost ozeano eta dozenaka aldarteri bakarka aurre egitea ez dago edonoren esku, eta horregatik du igandean Getxon hasiko den proba horrek duen xarma, eta horregatik dute proba horretan parte hartzeko ausardia duten zortzi marinelek duten zura. Teknologiarik aurreratuena bidaide hartuta doaz -GPSa, eguraldi iragarle aurreratuenak, Erresuma Batuko Endurance ontzi militarraren babesa izozmendien berri emateko, telekomunikazio sistemak, Internet-, baina norberarenak dira erabakiak ontzia intxaur-oskol bihurtuta 10 metroko olatuek jango dutela ikusten dutenean. Bakardadez inguratuta zaudenean.
30.000 itsas milia dituzte aurretik, eta bi geldialdi, Freemantlen bat (Australia) eta Norfolken bestea (AEB). Urtarrilaren 7rako dago iragarrita lehen geldialdia eta apirilaren erdialderako Bilbora itzultzea. Open 50 eta Open 60 motako belaontzietan egingo dute zeharkaldia. «Itsasoko 1 Formulak» ei dira, dituzten ezaugarriengatik eta haizea alde izanda hartzen duten abiadurarengatik. Lau urtean behin jokatzen da proba, eta hazi eta hazi ari da etengabe. 1968an jokatu zen lehenengoa. Bederatzi belaontzi abiatu ziren orduan, eta bakarra bueltatu zen munduari bira emanda. Suhaili ontzi ezaguna, Sir Robin Knox-Johnstonek gidatua. Eta hori ere badu aurtengoak berezitasun gisa, lehen ekitaldia irabazi zuen marinela lehiara bueltatu dela 37 urte geroago.
Mundu osoko komunikabideek jarraituko dute Velux 5 Ocean abentura. Zuzenean ere jarrai daiteke, euren web orriaren bidez (www.velux5oceans.com). Eta sekulakoa da Getxoko Kirol Portuan joan den asteaz geroztik sortu den giroa ere. Ez da alferrik zortzi marineletatik bat euskal herritarra. Unai Basurkok aurreneko aldiz hartuko du parte proba honetan, eta aurretik Jose Luis Ugarte, Didier Mundutegi eta Amaiur Alfaro bezalakoek urratutako bidea jorratuko du. Hasiberrien multzoan dago Basurko, baina zortzi belaontzien artean harena da berriena. Adituen iritziz, Bernard Stamm, Mike Golding eta Alex Thomson dira aurrenekoen artean ibiltzeko hautagai nagusiak. Baldintzak jarri eta erabakiak hartzen dituena, ordea, ez da oraingoan lemari helduta doana. Itsasoan, lema, itsasoak berak darama.
munduari bira ematen saiatuko diren zortzi marinelak Unai BasurkoEtxera bueltatu nahi duEtxetik abiatuko da eta etxera nahi du itzuli. Lehiaketan parte hartuko duen euskal marinel bakarra da Unai Basurko (Portugalete, 1973). «Niretzat sekulako erronka da hau. Joan diren mendeetan Euskal Herriak itsasoan izan zuen loria berriro konkistatzeko nahi dut lehiatu. Ez da ahaztu behar munduari bira eman zion lehen marinela Joan Sebastian Elkano euskal herritarra izan zela». Parte hartuko duten guztien artean gazteenetakoa da Basurko, baina ez eskarmenturik gabea. Jose Luis Ugarte herrikidearen balentriei begira hazi zen marinel gisa, eta haren jakituria eta adiskidetasuna izan ditu lagun bere ibilbide oparoan. 1997an izan zuen lehen hartu-emana Open 60 motako ontziekin, Australian. David Adamsen eskifaiako kide izan zen Basurko, eta Trantasman Race-98 proba irabazi zuen, Kanga Birtlesekin. Azken lau urteotan hainbat zeharkaldi egin ditu. Besteak beste, Sadatik (Galizia) Newportera (Gales) egindakoa eta Suediatik Bilbora egindakoa. Le Solitaire de Figaro proban aritu zen 2003an, eta marka ezarri zuen 2004an, Bilbotik Bartzelonara 15 egunean joan baitzen, Iberiako Penintsulari bakarka eta inolako laguntzarik gabe bira eman ostean. Pakea da haren ontziaren izena. Australian eraikitakoa da eta haren eraikuntzan Basurkok berak hartu du parte. Itsasoz ekarri zuen Sydneytik Bilbora.
Alex ThomsonTalentua eta ausardiaErronka bat du buruan Alex Thomsonek (Erresuma Batua, 1974) aspalditik. Beste inork aurrez egin gabekoa egin nahi du: hiru urteren buruan munduari hiru bider eta hiru lehiaketatan bira ematea. Velux 5 Ozeano proba da horien artean lehenengoa (bakarkakoa), heldu den urteko Bartzelona World Race proba da bigarrena (binakakoa), eta bi urte barruko Vendee Globe proba da hirugarrena (taldekakoa). Talentua eta ausardia aipatzen dituzte haren dohain nagusi gisa hura ezagutzen dutenek. 25 urterekin harrituta utzi zituen itsasgizon eskarmentudun guztiak, Clipper estropada irabazita, horrelako proba batean munduari bira eman dion itsasgizon gazteena zelako. 2000. urtean Erresuma Batuari eta Irlandari bira ematen ere marka ezarri zuen (10 egunean egin zuen), 2003an bigarren amaitu zuen Transat Jacques Vabre proba eta urte berean hirugarren amaitu zuen Atlantikoko Desafioa, krosko bakarreko ontzien abiadura marka berria ezarrita (468 itsas milia, 19,5 korapiloko batez bestekoan). Hugo Boss da haren itsasontziaren izena, eta haren lurreko taldeak egindako prestakuntza lanaren arabera dago aurrenekoen artean edo atzekoen artean aritzea.
Bernard StammAzken txapeldunaHari begira daude asko, eta aurreneko puntan dago faboritoen zerrendan. Hura da Velux 5 Oceans probaren azken irabazlea -2002-2003ko ekitaldia irabazi zuen-. Sekulako estropada egin zuen orduan. Jokatutako bost etapetatik lau irabazi zituen Stammek (Suitza, 1963), eta, etapak ez ezik, inguruko guztien errespetua ere irabazi zuen, bere jarduteko erarengatik. Muga-mugaraino eraman zuen bere ahalegina eta muga-mugaraino bere itsasontzia. Horrenbeste arriskatu beharrak Malvina uharteetan geldialdia egitera behartu zuen, gila hondatu zuelako Hornos lurmuturretik igarotzerakoan. Laugarren etapan izan zen hori, baina konpondu zuen itsasontzia eta lehenengo iritsi zen Brasilgo portura. Abiadura zalea da Stamm. 2001ean, Bruno Peyron lagunarekin batera, Orange II ontziarekin ezarritako abiadura errekorra da horren adierazgarri. 2005eko FastNet proban ere bigarren sailkatutakoa da. Itsasgizon osoa da Stamm. Lemans lakuan ikasi zuen nabigatzen, eta merkantzi-itsasgizona izan zen lau urtean. 1988an ekin zion bete-betean belari, Bretainiara bizitzera joan, eta han eraikitzen ditu bere ontziak. Aurtengoak Cheminees Poujoulat du izena.
Graham DaltonTony semearen izeneanHura da Open 50 motako belaontziarekin ariko den bakarra -Open 60 motakoak dira beste guztienak-. Azken ekitaldian gertatutakoari buelta ematea zen haren helburu nagusia duela gutxi arte -Hornos lurmuturrean masta apurtu eta bertan behera utzi behar izan zuen proba-, baina zoritxarreko beste arrazoi batek bultzatu du lehiara: Tony semearen heriotzak. Joan den urtean hil zen, minbiziak jota, 22 urte besterik ez zuela. Haren gaixotasunaren berri jakin bezain pronto, bela albo batera utzi, eta sendagai bila hasi zen mundu osoan. Ez zuen lortu. Berak aitortutakoa da semearen heriotza arrazoi oso berezia izan dela aurtengo ekitaldian parte hartzeko garaian. Belaontzi berria du abentura berrirako. «A Soutern Man-AGO izena jarri diot itsasontziari. Tony semearen inizialak daramatza, eta haren argazki bat du ontziak, nirekin batera munduari bira eman diezaion». Eskarmenturik ez zaio falta Daltoni (Zeelanda Berria,1952) . Grant Dalton Kiwi itsasgizon famatuaren anaia da, eta Zeelanda Berriko Amerika Kopako taldearen arduradun nagusia ere bai. Sekula ez dio munduari bira bakarka eman, ordea, eta aurten atera nahi du arantza.
Kojiro ShiraishiToda maisuaren ikaslea19 urte baino ez zituen Yukoh Toda maisuak bere babesean hartu zuenean. Lehenengo BOC Challenge proba ezaguna irabazi zuen marinel hura da Yukoh Toda, eta haren altzoan ikasi zuen Kojiro Shiraishik egun dakien guztia. Berriki zendu da Toda, eta haren omenez jarri dio Shiraishik Spirit of Yukoh izena bere belaontziari. Kontzentrazioa eta meditazioa lantzen ditu eta kirolari osoa da Shiraishi (Japonia, 1967). Belan ez ezik, beste hainbat kiroletan ere aritutakoa da, eta hainbat liburu idatzitakoa ere bai. Azkena jokatutako ekitaldia laugarren postuan amaitu zuen marinel japoniarrak, eta hura da geroztik bakarka munduari bira eman dion marinelik gazteena. Ez da bere ibilbide oparoan balentria bakarra, hala ere. 1998. urtean, Yokohama-San Francisco ibilbidea osatu zuen, Ozeano Barea zeharkatu, eta marka ezarri: 14 egun eta 17 ordu. Dominique Wavre suitzarraren Temenos ontzia lortu du Shiraishik Velux 5 Ozeano probarako. Bere erara moldatu du, baina ez zuen horrelako itsasontzi batek moldaketa askoren beharrik. Itsasontziaren ezaugarriak, marinelarenak eta inguruan izango duen taldearenak ezagututa, proba irabazteko hautagaien artean dago.
Mike GoldingFalta zaion garaipen horiItsasgizon peto-petoa da. Lehiaketa zale amorratua eta profesional osoa. Bost aldiz eman dio munduari bira Mike Goldingek (Erresuma Batua, 1960), hirutan bakarka, emaztearekin beste behin eta taldeka beste behin. Ibilbidea bi zentzuetan osatu duen marinel bakarra da, gainera. Ekuadorko marra 17 aldiz igaro du, Hornos lurmuturra bost aldiz, eta Open 60 motako itsasontzietan jaun eta jabe izan da azken urteotan -13 aldiz igo da podiumera azken zazpi denboraldiotan-, eta lehiatu dituen 31 probetatik 30 bukatu egin ditu. 2002ko 5 Ozeanoen proba da bukatzerik izan ez zuen bakarra, eta horregatik darama azken urte osoa 2006ko ekitaldia prestatzen. Belari bete-betean ekin aurretik, suhiltzaile lanetan aritu zen hamabi urtez. 1991n eman zion lehen aldiz bira munduari, eta geroztik nabigatzea da haren jarduera. Bela enpresa txiki bateko gerentea da, eta itsasoari lotuta bizi da. «Nabigatzen». Hori baita harentzat mota horretako lehiaketa bat prestatzeko erarik onena. Garbiketarako produktu ekologikoak saltzen dituen Belgikako enpresa baten babesean ari da 2001etik. Ecover du izena enpresak, eta izen berbera darama Goldingen ontziak.
Sir Robin Knox-JohnstonBelaren historia olatu gainean37 urte geroago heldu dio erronka berberari: munduari bakarka bira ematea. Balentria hori lortu zuen lehen gizasemea izan zen Sir Robin Knox-Johnston (Erresuma Batua, 1939). Hezur-haragizko mitoa da, 1969an geldialdirik eta bakarka tamaina horretako erronka burutzeko gai izan zen itsasgizon ausarta. Itsas-merkataritzan lan egindakoa, Errege Armadan zerbitzua emandakoa, Sir titulua 1995ean jaso zuen. Haren lehen zeharkaldia, Bombaytik Ingalaterrara egindakoa, 1967koa da. Ordutik aurrera egin dituenak, kontaezinak. 1992tik 2001era Sail Training elkarteko presidentea izan zen, eta 1995etik duela oso gutxira arte Clipper Ventures elkarteko burua. Elkarte hori da Velux 5 Ozeano proba antolatzen duena, baina antolakuntza lanak utzi eta belaontziaren lemari heldu dio berriro Sir Robin Knox-Johnstonek. Hil baino lehen berriro munduari bira ematea jarri dio bere buruari erronka gisa, eta Getxotik abiatuko diren zortzi itsasontzien artean onenetakoa du horretarako. Giovanni Soldiniren Saga Insurance. Coxis hezurra apurtu du probaren bezperan, 67 urte ditu, baina onenen pare aritzeko gai da, eta kontrarioek, errespetatu baino gehiago, gurtu egiten dute.
Tim TroyKaskagogorkeriaAisiarekin lotzen zuen duela gutxi arte Tim Troyk nabigatzea. Baltimoren (AEB) duen automobilgintza enpresak uzten zion horretarako astia eta pixkanaka joan da pilatzen 100.000 itsas miliako eskarmentua. Mike Plant herrikidea ezagutu zuen arte, ordea, ez zuen bakarka munduari biraka hasteko inolako asmorik. Itsasgizon aditua da Mike Plant; 1990eko Vendee Globe proban parte hartutakoa, besteak beste. «Bere itsasontzia erakutsi zidan, eta elkarrekin nabigatzera irten ginen bertan. Open 60 batean nabigatzeak eragiten dizun zirrara ezagutu nuen, eta bertan jarraitu nahi izan dut geroztik», azaldu du Tim Troyk (AEB, 1958). Izan ere, hura da Velux 5 Ozeano proban parte hartuko dutenen artean profesionala ez den bakarra. Kaskagogortu egin da munduari bira bakarka ematearekin. Triatloia eta bakarkako igeriketa zituen ordura arte afizio. Albo batera utzi ditu denak, hau da mota horretako proba batean parte hartu ahal izateko egiten duen hirugarren saioa, eta sekulako ahalegina egin du erronkari aurre egin ahal izateko behar diren sosak biltzen. Etxekoen babes osoa du. Margaret Anna izena jarri dio ontziari; bere bi alaben izenak dira.
Bakardadez inguratuta
Igandean abiatuko da, Getxotik (Bizkaia), 'Velux 5 Ozeano' proba: zortzi marinel, ontzi banatan, munduari bira ematea erronka gisa hartuta; itsasoaren (edo norberaren) aurkako lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu